Situación de las mujeres sordas ante la violencia de género – Emakume gorren egoera, genero-indarkeriaren aurrean.
Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak (CNSE) duela gutxi Emakume gorren egoera, genero-indarkeriaren aurrean izeneko txostena argitaratu du, Gizarte Langintza eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarekin (INTRESS) batera. Halaber, zenbait erakunderen laguntza izan dute; besteak beste, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Pertsona Gorren Federazioa (FESORCAM), Galiziako Pertsona Gorren Elkarteen Federazioa (FAXPG) eta Andaluziako Pertsona Gorren Elkarteen Federazioa (FAAS).
Ikerketa-lana ikuspegi kualitatibotik eta kuantitatibotik egin da, Investigación de Acción Participativa (IAP) izeneko prozeduran oinarrituta. Ikerketa-lan horrek hainbat helburu ditu oinarrian, genero-indarkeria jasaten duten edo jasan dezaketen emakume gorren baldintzak erabat hobetze aldera; besteak beste, emakume gorren kontrako genero-indarkerian eragina duten alderdi guztien ikuspegi globalari buruzko txostena egitea; talde horren kontrako genero-indarkeriari buruzko errealitatea erakustea, zabaltzea eta ezagutzera ematea; genero-indarkeriaren harira sortutako baliabide, zerbitzu eta programei buruzko informazioa eta komunikazioa eskuratzeko proposamenak balioestea eta ezartzea; eta, azkenik, esperientziak biltzea eta datuak aztertzea, emakume gorren kontrako genero-indarkeria behar bezala bideratzeko.
Emakume gorrek zailtasun handiak dituzte komunikatzeko eragozpenak direla-eta; horregatik, ikerketa-lan horretan, genero-indarkeriaren aurrean emakume gorren benetako egoera aztertzeaz gainera, emakume horientzat ezarritako baliabide, zerbitzu eta programa publiko zein pribatuen irisgarritasun-maila aztertu, eta jarduera egokiak eta esperientziak bildu dira. Helburua, emakume gorren kontrako tratu txarrei buruzko problematikaren aurrean jokabide eraginkorrerako proposamenak egitea izan da.
Ikerketa-lan horretan bi gai hauek aztertu dira: batetik, emakume gorren benetako egoera, genero-indarkeriaren aurrean eta, bestetik, emakume horientzat ezarritako baliabide, zerbitzu eta programa publiko zein pribatuen irisgarritasun-maila |
Ikerketa bi fase metodologikotan zatitua dago —lehenengoan, gaia zehaztu eta informazioa biltzeko plangintza egin da, FESORCAM, FAXPG eta FAAS elkarteekin batera, proiektuko parte-hartzaileak diren aldetik; bigarrenean, hainbat datu bildu dira; besteak beste, zenbait formatutan jasotako dokumentuak bildu eta aztertu dira, adituei eta eztabaida-taldeei elkarrizketak egin zaizkie, Federazioei eta Elkarteei galdeketak, eta biktimak izan diren emakume gorrak edo genero-indarkeriaren lekukoak elkarrizketatu dira—. Lan-taldeak egindako ikerketa-prozesuaren helburua da desgaitasunen bat duten emakumeak legearen aurrean aintzatestea, indarkeria mota horren aurrean bereziki ahulak diren biztanleak diren aldetik.
Emakume gorrak eta genero-indarkeria
Ikerketa-lanean, entzuteko desgaitasuna duten emakumeen urritasunak azpimarratu dira. Hain zuzen, urritasun horiek are arriskutsuagoak dira indarkeria edo bereizkeria jasaten direnean, tratu txarrak adierazteko zailtasun handiagoak dituztelako, komunikatzeko arazoak direla-eta; informazioa eta zerbitzuak eskuratzeko ere arazo handiagoak izaten dituzte, komunikazio-eragozpenak direla bide; autoestimu baxua; zeinu-mintzairaren interpreteen laguntza behar izatea, entzuten dutenekin komunikatzeko; salaketak aurkezteko beldurra; bakartasuna eta laguntzarik eza; sinesgarritasun gutxiago; tratu txarren aurrean, erasoak jasateko arrisku handiagoa; hezkuntza-maila baxuagoa eta idazteko eta irakurtzeko gaitasun gutxiago; taldea osatzen duten emakumeei buruzko informaziorik eza, indarkeriaren biktimei laguntzeko eta informatzeko zerbitzuetan jarduten duten langileen aldetik…
Pertsona gorren Elkarteek genero-indarkeriaren inguruan egindako funtzioei dagokienez, Emakumearen Batzordeak, CNSren baitan 1994an sortuak, berdintasun-politikak sustatzen eta koordinatzen ditu, Estatuko pertsona gorren elkarteen mugimenduaren inguruan. Era berean, CNSEko Elkarte Mugimenduaren baitan, 2006-2009 Genero Berdintasunerako Ekintza Planak helburutzat genero-indarkeriaren aurkako borroka hartu zuen, besteak beste.
Proposamenak
Lehen aipatutako faseetan bildutako materiala aztertu ondoren, behin betiko dokumentuak hainbat proposamen eta aukera ematen ditu, ikerketa-prozesuan hautemandako urritasunei buruz; proposamen horiek indarkeriaren kontrako ekintza eraginkorra izatea dute helburu, batik bat, bost esparru hauetan: sentsibilizazioa, informazioa, prebentzioa, prestakuntza eta bitartekotza.
Behin betiko dokumentuak hainbat proposamen eta aukera ematen ditu, ikerketa-prozesuan hautemandako urritasunei buruz. Proposamen horien helburua da indarkeriaren kontrako ekintza eraginkorra izatea, batik bat, bost esparru hauetan: sentsibilizazioa, informazioa, prebentzioa, prestakuntza eta bitartekotza. |
Sentsibilizazioari dagokionez, pertsona gorren errealitateari, beharrei eta kezkei buruzko informazioa biltzea zehaztu da (batik bat, emakume gorrenak), bai eta emakume horiek jasaten duten genero-indarkeriari buruzkoa ere. Informazioari buruzko blokean, berriz, eskubideei eta baliabideei buruzko aholkuak ematea da helburua, gorrek erabiltzeko moduko formatuan (esaterako, zeinu-mintzairan). Prebentzioa atalean, hainbat alderdi bildu dira: lehenik eta behin, indarkeria faboratzen duten ereduak gainditzea; bigarrenik, tratu txarrak goiz antzematea eta prebenitzea; eta hirugarrenik, tratu txarrak jasandakoan, ondorioak edo kalteak murriztea, eta ekintza positiborako neurriak sortzea. Halaber, ezinbestekoa da biktimei laguntzeko eta aholkatzeko jarduerei buruzko prestakuntzak eskaintzea, baita genero-indarkeriaren inguruko zeinu-mintzairaren interpreteentzat, indarkeria jasan duten emakume gorrei laguntzeko profesionalentzat eta, oro har, emakume gorrentzat ere. Azkenik, bitartekotzari dagokionez, pertsona gorrei baliabideak errazteko ahaleginak egin dira, hautemateko jardueren bidez, laguntza-zentroetan zeinu-mintzaira eta interpreteak sartuz, telelaguntza-zerbitzua abian jarriz, bitartekotza-baliabideak ezarriz (horretarako, “emakume gorren kontrako indarkeriaren bitartekoa” sortu da, zeinu-mintzairaren eta emakume biktimei laguntzeko, aholkatzeko eta jarraipena egiteko profesionala), emakume biktima gorrei laguntza-zerbitzu integrala berrezarriz, laguntza juridikoa, eta koordinazioa eta zeharkakotasuna aplikatuz.
Emakume gorrentzako telefono bidezko arreta-zerbitzua
900 152 152
Ordutegia: urteko egun guztiak
Erakunde arduraduna: Emakumearen Institutua
|
Agiria ikusteko:
Situación de las mujeres sordas ante la violencia de género – Emakume gorren egoera, genero-indarkeriaren aurrean
|