Elkarrizketa:
Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari Iñigo
Iturrate Ibarra
Íñigo Iturrate
Ibarra, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko funtzionario,
Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari ordea izan zen 1995etik
2003ra bitartean, eta Eusko Alderdi Jeltzalearen bozeramaile izendatu
zuten iragan legegintzaldian (2003-2007). Bizkaiko Batzar Nagusietako
ahalduna 16 urtez izan ostean, maiatzeko hauteskundeak eginda,
Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako
Zuzendari Nagusiko buru izateko hautatu zuten.
Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJren
bozeramailea izan ostean, uztailean, legegintzaldi honetarako,
Berdintasunerako eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari izendatu
zintuzten. Zer deritzozu aldaketari?
Erronka pertsonal eta politikoa
dela deritzot, eta halaxe hartu dut nik. Zuzendaritza sortu izana
eta nire profil politikoa duen pertsona bat izendatu izana EAJk
herritarren eskubideak sustatzeko duen engaiamenduaren erakusgarri
dira. “Eskubide guztiak pertsona guztientzat” goiburuarekin
engaiamendu hori agerian utzi nahi da, eta agenda politikoko lehentasunezko
tokian jarri. Alde pertsonalari dagokionez, egia da erabateko
aldaketa dela parlamentuzko erakunde batetik kudeaketako arlo
batera igarotzea, baina, azken buruan, giza eskubideen, berdintasunaren
eta elkartasunaren aldeko lan berbera da, baina beste postu batetik,
besterik ez.
Lankidetza,
Emakumea eta Aukera Berdintasuna, eta Immigrazioa: horra hor zure
Unitateak ardurapean dauzkan lau arloak, zer kohesio elementu
dago edo daude haien artean?
Begiratu batean, beharbada, askotarikoak
eta loturarik gabekoak direla eman dezake, baina, egiaz, kasu
guztietan gai bera dugu ardatz: eskubideak, herritarren
eskubideak. Berdintasunerako eskubidea, generoa, jatorria, sexu
joera, eta abar gorabehera. Ahaldun nagusiak, inbestitura hitzaldian
zuzendaritza honi “pertsona guztientzako eskubide guzti”en
alde jarduteko ardura eman zionean, hori da azpian dagoena. Gizonezko
edo emakumezko jaiotzea, Bilbon edo Medellinen jaiotzea, homosexual
edo heterosexual izatea, eta abar eskubide desberdintasunaren
kausa ez den gizarte bat lortzea, hitzez ez ezik, egitez eta praktikan
ere bat.
Politikan,
noiz hasi ziren botere publikoak emakumeen eta gizonen arteko
desberdintasunaz arduratzen? Noiz ohartu ziren genero indarkeriak
esparru pribatua gainditzen duela?
Gizarteak herritarren eskubideak
aldarrikatzen hasten direnean, pertsonen duintasunaz eta eskubideen
unibertsaltasunaz kontzientzia hartzen hasten direnean, gehienetan,
zati batean baino ez dute hori egiten, jendearen erdia, hots,
emakumeak, bazter utzita.
Euskal Herriko gizartean, nire aburuz, 1980ko hamarkadaren erdialdean
antzeman genion botere publikook emakumeak zein desberdintasun
egoeratan zeuden. Horregatik, 1988. urtean Emakunde sortzeko lan
egin zen, Euskal Herriko bizitza politiko, ekonomiko, kultural
eta sozialeko arlo guztietan, emakumeen eta gizonen arteko egiazko
berdintasuna lortzeko jardun zezan.
“Botere
politikook, halako jokabideen kontrako legeak egin eta betearazi
ez ezik, indarkeria hori gerta dadin eragotzi egin behar
dugu, batik bat. Horretarako lan egiten dugu gizartea kontzientziatzen,
berdintasunaren kultura sortzen, emakumearen berdintasunaren
aldeko egiazko errespetua bultzatzen, rolak eta estereotipoak
iraunarazten dituzten irudiak zabaltzeari kontra egiten...” |
Hura lehen pauso garrantzitsua izanda
ere, beharbada geroagoko lege bat, Emakumeen eta Berdintasunerako
4/2005 Legea izan da mugarria, eskubide berdintasuna arlo juridikoan
aitortzeari dagokionez, batetik, nahiz EAEko administrazioak —eta,
oro har, gizartea— dauden desorekak zuzentzeko beharraz
kontzientziatzeari dagokionez, bestetik. Hala ere, tranpan erortzea
litzateke juridikoki aitortzeagatik soilik berdintasuna lortu
dela pentsatuko bagenu, eta gure gizartean, praktikan (sarriegi
eta nabariegi) oraindik gertatzen diren bazterkeriazko egoeren
aurrean begiak itxiko bagenitu.
Genero indarkeriari eta esparru pribatu hutsa gainditzeari dagokienez,
nahiz eta emakumeen mugimenduak 1970 hamarkadatik emakume askok
nozitzen zituzten tratu txarrak salatzen ari ziren, aitortu behar
da,1980ko hamarkadaren erdialdean, zigor kodeetan ezkontzazko
harremana tratu txarren delituen aringarritzat jotzen zela artean,
Hedabideetan emakumeen kontrako indarkeriaren kasuak gehiagotan
agertuz eta berdintasun legeak prestatuz lortzen ari da baztertzen
tratu txarrak esparru pribatukoak baino ez zirelako kontzeptu
zaharkitua. Data bat jartzearren 1997an, senarrak Ana Orantes
erail zuenean, telebistako saio batean senarrak berak ematen zizkion
tratu txarrak salatu eta gero, ekin zioten hedabideetan genero
indarkeriari buruzko informazioa emateari, eta gai publikoa izaten
hasi zen.
“Arlo publikoan
gizonezkoen alde egin eta egiten duen ‘ekintza positibo’
historiko eta kultural bat dago. Parekotasun legeen helburua
da ‘ekintza positibo’ hori beste baten bidez
konpentsatzea, berdintasuna egonez gero, batere esku hartu
gabe gertatuko litzatekeen egoera bat praktikan gerta dadin.” |
Ia egunero,
genero zioengatik emakumeen kontrako indarkeriazko delituak egiten
direla irakurtzen edo entzuten dugu albisteetan. Hedabideak lagungarriak
dira herritarrak sentiberatzeko eginkizuna betetzen ala, aitzitik,
indarkeria horren kontrako haserrea baretu baino ez dute egiten?
Informazioa tratatzean, non jarri behar dira mugak?
Nioenez, hedabideak eta emakumeen
kontrako indarkeriazko delituen buruzko informazioa oso tresna
baliagarriak izaten ari dira gai hori esparru pribatutik ateratzeko,
eta lehentasunezko arazo bilakatzeko agenda politikoetan.
Gaur egungo gizartean, hedabide horiek ia ezinbesteko bitarteko
dira gizartearengana iristeko. Bai erakundeek prentsan, irratian,
telebistan eta abarretan egiten dituzten kanpainak, bai hedabide
horiek genero indarkeriaren inguruan ematen dituzten berriak,
lagungarriak dira gizartean kontzientzia sortzen, gizarte osoari
dagokion arazo baten aurrean gaudela ohartarazten. Horri esker,
jazarri beharreko delituaren aurrean gaudela ikus dezakegu, eta
emakumeek beren burua babesteko dituzten aukerak —hau da,
zein laguntza baliabidetara jo dezaketen—ezagutarazten dira;
era berean, funtsean, gizartean kontrako kontzientzia sortzen
da, eta horrek emakumeen kontrako indarkeriazko agerpenak prebenitzen
laguntzen du.
Hala eta guztiz ere, egia da halako kasuak tratatzean sentsazionalismo
eta morborantz lerratzen direla sarritan. Areago, genero zioengatik
egiten den indarkeriazko delitua dela eta hedabideek eskaintzen
duten arretagatik ere, ez dugu ahaztu behar hedabide horiek, oro
har, ez dituztela berdin tratatzen gizonak eta emakumeak, eta
azken horiek bigarren mailako rol tradizionaletan erakusten jarraitzen
dutela. Kontuan hartzen badugu genero indarkeria desberdintasunetik
datorrela, genero zioengatik egiten diren delituak ikusgai bihurtzeaz
gain, hedabideek emakumeek gizonekin mendetasunezko eta otzantasunezko
harremanak izatea iraunarazten duten emakumezkotasun ereduak irudikatzeari
utzi behar diote, eta eginkizun hori betetzeke dute oraindik.
“Genero
indarkeriaren behatokiek genero indarkeriaren gaineko datuak
zuzenean ezagutzea ahalbidetzen dute; emakumeentzako informazio
iturri garrantzitsua dira; erakundeen politikei jarraipena
egiten diete, eta sentiberatzeko berebiziko eginkizuna betetzen
dute” |
Zer esango zenioke
tratu txarrak egotea eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna
nagusi izatea lotzen ez dutenei? Eta parekotasunerako neurriak
legez aplikatzea —politikan parte hartzeko eta erabakiak
hartzeko guneetan, esaterako—zalantzan jartzen dutenei?
Oro har onartzen da ezen genero
indarkeria gizonak bikotekidearen aurrean duen nagusitasun sentipen
baten ondorio eta isla dela. Beraz, desberdintasuna eta boterea
hautematen du gizonak, eta, hartara, “tirano edo diktadore”aren
rola hartzen du familia den gizarte txiki horretan. Gizonak etxeko
“jaun”aren rola eta emakumeak “emazte otzan”arena
izan ditzaten iraunarazten duen gizarte bat ezin aproposagoa da
genero indarkeriak jarraitzeko eta beren inguruko emakumeei erasotzen
edo haiek erailtzen dituztenen zigorgabetasun sentipena mantentzeko.
Botere politikook, halako jokabideen kontrako legeak egin eta
betearazi ez ezik, indarkeria hori gerta dadin eragotzi egin behar
dugu, batik bat. Horretarako lan egiten dugu gizartea kontzientziatzen,
berdintasunaren kultura sortzen, emakumearen berdintasunaren aldeko
egiazko errespetua bultzatzen, rolak eta estereotipoak iraunarazten
dituzten irudiak zabaltzeari kontra egiten...
Parekotasunerako neurriei dagokienez, begien bistakoa da, desberdintasunezko
egoeren aurrean, botere publikoek joera horiek eteteko tresnak
baliatu behar dituztela. Botere publikoon ardura da aldaketa eragitea,
gizarte berri bat eraginkortasunez sortzen laguntzea, non emakumeek
zein gizonek aurrerakuntza ekonomikoan parte har baitezakete,
norberaren edo etxeko bizitzari uko egin gabe.
Arlo publikoan gizonezkoen alde egin eta egiten duen “ekintza
positibo” historiko eta kultural bat dago. Parekotasun legeen
helburua da “ekintza positibo” hori beste baten bidez
konpentsatzea, berdintasuna egonez gero batere esku hartu gabe
gertatuko litzatekeen egoera bat praktikan gerta dadin.
Zer plan, programa,
jarduera zehatz, nabarmendu beharrekoak, gauzatu asmo ditu Berdintasunerako
eta Herritarren Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusiak, berdintasunak
aurrera egin dezan eta emakumeek jasaten dituzten tratu txarren
kontra?
Berdintasunerako eta Herritarren
Eskubideetarako Zuzendaritza Nagusia sortu berria den arren, Genero
Politiketarako Idazkaritza Teknikoaren lana eta ibilbidea jaso
du oinordetzan, erakundeetan hori izan delarik unitate aurrendarietako
bat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan. Idazkaritzaren
lan nagusia sentiberatzea da, desberdintasunaz kontzientzia hartzaraztea,
haren kontra jardun ahal izateko. Eta lan hori betetzen du kanpaina
publikoen bidez nahiz toki administrazioen, erakundeei, elkarteei,
eta abarri beren berdintasun plan eta proiektuak taxutzen eta
ezartzen lagunduz. Plan eta jarduera zehatz horiek, sare handi
baten gisan, bazterkeriarik gabeko kultura eta gizartea sustatzen
laguntzen dute.
Hurrengo legegintzaldirako berritasunen artean, hauek nabarmentzen
ditugu bereziki:
- Berdintasunerako Foru Plana berraztertzea.
- Sail arteko batzordea (Berdintasuna Taldea) berriz planteatzea.
Batzorde horretan Aldundiko sailen ordezkariek parte hartzen
dute, eta haren helburua genero ikuspegia zeharkakoa izan dadin
lortzea da. Gure asmoa da sail horietan zuzendaritzako karguak
dituztenek protagonismo eta engaiamendu handiagoa izan ditzaten.
- Bizkaiko eremurako, Berdintasunerako Foru Araua onar dadin.
Bestalde, Zuzendaritzak Bizkaiko
Genero Indarkeriaren Behatokian parte hartzen du, eta erakunde
horri laguntzen dio bere zereginean.
“Eskubideak,
herritarren eskubideak. Berdintasunerako eskubidea, generoa,
jatorria, sexu joera, eta abar gorabehera” |
Azken galdera
bat: Genero indarkeriaren behatokiek betetzen dute haiek sortzean
espero zena?
Ikuspegi hertsi batetik, espero
zen hori ez da beteko generoaren aldetik dagoen desberdintasun
eta indarkeria egoerari amaiera eman arte. Genero indarkeriaren
behatokiak, beraz, tresna bat gehiago dira zeregin honetan, eta
tresna horren dohain handi bat da hainbat administraziotako ordezkariak
biltzen dituela, eta bakoitzak bere ikuspuntutik ekiten diola
genero indarkeriaren arazoari. Horri esker, ikuspuntu horiek aintzat
hartzen dituzten gomendioak eta jarduera irizpideak aurkez daitezke,
eta, ondorioz, fenomeno horren kontra era eraginkorragoan eta
osoagoan jardun daiteke.
Gainera, genero indarkeriaren behatokiek genero indarkeriaren
gaineko datuak zuzenean ezagutzea ahalbidetzen dute; emakumeentzako
informazio iturri garrantzitsua dira; erakundeen politikei jarraipena
egiten diete, eta sentiberatzeko berebiziko eginkizuna betetzen
dute.

|