saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIA ERREFERENTE DA ZAHARTZE AKTIBOAREN ARLOAN

Ostirala, 2012(e)ko Apirilaren 27a 12:35

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Gizarte Ekintza Sailak zenbait jarduera prestatu ditu Zahartze Aktiboaren eta Belaunaldien arteko Elkartasunaren aldeko Europako Urtea dela-eta; adinekoek gizartean parte hartze aktiboa izatea sustatzeko ekimenen multzoa eratzen dute, adinekoentzako programekin batera, eta orotara dozena bat jarduera biltzen ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak, adineko pertsonek gure gizartearentzat kapital aktibo garrantzitsua osatzen dutela kontuan izanda, azken hamar urteetan gogor egin du lan kolektibo horren beharrizanei eta eskariei programa, zerbitzu eta prestazio multzo zabalaren bidez erantzuteko. Hala, aurrea hartu dio zahartze aktiboaren arloan hainbat erakunderen eta Europako jarraibideak aplikatzeari.

Horren haritik, bizi kalitateak eta zahartze aktiboak plano teorikotik jauzi egin eta helburu eta ekintza zehatzetara igarotzea ahalbidetu du Bizkaiak (edonola ere ikerketan egiten jarraitzen du Aldundiak, adinekoen partehartzea nola dinamizatu eta zahartze aktiboa neurtzeko ikerketak kasu). Oraingo honetan, Gizarte Ekintza Sailak diziplina anitzeko dozena bat ekimen aurkeztu ditu, helduek, gazteek eta haurrek topo egitea eta parte hartzea sustatzeko, hainbat proiektu partekatuz besteak beste hezkuntzaren, kulturaren, kirolaren, gastronomiaren edota aisialdiaren arloetan. Jarduerak Bizkaiko Adinekoen Kontseiluarekin eta Nagusiak Bizkaiko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartearekin adostu dira.

Zahartzea: beste etapa bat

Inplikatuz, gizartearen errealitatearekin lotura galdu gabe eta modu aktiboan zahartzeari esker pertsonen bizitza osoan ongizate fisiko, sozial eta mentalerako aukerak optimizatu ahal izango ditugu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak badaki hori.

Horregatik, zahartzea azken etapa gisa ulertu ordez pertsona garatzeko eta hazteko beste fase bat bezala ulertzen badugu soilik izango da posible pertsona nagusi bakoitzak ongizate fisiko, sozial eta intelektualeko indarra garatzea, eta hala, gizartean erabat parte hartzea, betiere pertsona bakoitzaren beharrizanen, nahien eta gaitasunen arabera.

Testuinguru honetan, belaunaldien arteko elkartasunak eta topaketek garrantzia berezia hartzen dute. Izan ere, horiek osatzen baitituzte, hain zuzen ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak zahartze aktiboaren arloan abiatutako estrategiak garatzeko funtsezko tresnak eta oinarrizko premisak.

Topaketak

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak, Bizkaiko Lurralde Historikoko izaera sozialeko erakundeekin eta entitateekin duen harremanari eusteko eta berau hobetzeko, Gizarte Ekintzako Topaketak deitutakoak antolatu ditu aldian-aldian.

Oraingo honetan, topaketen testuinguruan antolatutako jardunaldia zahartze aktiboari buruzkoa izango da; 2012ko maiatzaren 4an izango da, 09:00etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian.

Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako foru diputatuak hitz egin eta gero, Europa mailako adituek hartuko dute parte, besteak beste Europako AGE plataformako presidenteorde Lusie Richardson-ek, “zahartze aktiboa Europako elkarteen ikuspuntutik” gaitzat hartuta mintzatuko baita; horrez gain, Guido Verbrugghe Flandriako Adinekoen Kontseiluko presidenteordea edota Nordre Aker-ko (Oslo) Boluntarioen Zentroko zuzendari Kjersti Vasli ere bertan izango dira.

Halaber, Gizarte Ekintzako Foru Saileko Administrazioaren eta Plangintzaren zuzendari Andoni Rekagorrik eta Bizkaiko Adinekoen Kontseiluko presidente Sabin Ipiñak ere fenomeno horri buruzko gertuko ikuspegia eskainiko dute.

Belaunaldien arteko martxak

Xede nagusia gazteen eta nagusien arteko harreman esperientziak eta elkartzeko espazioak erraztea da, osasuna eta kirola uztartuz. Balio erantsia dute, atletismo edota mendi klubak dituzten udalerrietako gizarte elkarteekin eta Bizkaiko adineko pertsonen elkarteekin lankidetzan antolatu direlako; horri esker, elkarteen arteko zeharkakotasuna eta elkartasuna ere sustatzen da.

Bizkaian, eskualde mailan egiten ari diren beste batzuekin batera Bilbon ere martxa handia ospatuko dute, maiatzaren 13an, Belaunaldien arteko II. Martxa, alegia.

Belaunaldien arteko Argazki Rallya

Bilboko Belaunaldien arteko II. Martxarekin batera (maiatzaren 13a), Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak argazki rallya ere antolatu du, zahartze aktiboarekin lotutako balioak eta dohainak hobekien ordezkatzen dituzten argazkiak saritzeko, betiere belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspuntutik; aipatutako balio eta dohain horiek, besteak beste, hauek dira: adinekoen eta gazteagoen arteko ezagutzak eta esperientziak trukatzea, elkarrekintza eta kooperazioa, adin guztietarako gizartea lortzea ahalbidetuko duten balioak, hain justu.

Belaunaldien arteko I. Gastronomia Lehiaketa

Bizkaiko gastronomia, duen aberastasunagatik mundu mailan ospetsua izateaz gain, lurraldearen idiosinkrasia hobekien biltzen duen elementuetako bat ere bada. Gure kulturaren funtsezko atal bat da, bizi ohitura osasungarriak bultzatzen ditu eta adin guztietako pertsonek aintzatetsi dute; horregatik guztiagatik, aitzakia bikaina da sukaldaritzako esperientzia eta jardunaldi ludikoa eta gastronomikoa uztartzeko, gazteak zein adinekoak elkartuko dituena. Lehenengo edizio honek, gainera, Bilboko gastronomiako plater tipikoetako baten balioa agerian jartzeko aukera emango digu: patatak saltsa berdean. Hala, kultura, tradizioa, gastronomia eta aisialdia uztartuko ditugu belaunaldien arteko ekimen nabarmen honetan.

Lehiaketa Bilboko Areatzan ospatuko da ekainaren 9an, eta parte hartu ahal izateko taldeek belaunaldi desberdinetako taldekideak izan beharko dituzte.

Belaunaldien arteko laguntza

Aipatutako politika publikoek belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegia dute, eta horrek pertsona nagusien eta gazteagoen arteko ezagutza eta esperientziak trukatzea, elkarrekintza eta kooperazioa errazten du, betiere pertsona nagusiak erabat gizarteratzea ahalbidetuko duten rol berriak lortze aldera.

Premisa horri jarraiki, Foru Aldundiak belaunaldien arteko osagaia alor ugaritara eraman nahi du. Horrenbestez, Prestik Azokan, Kultura eta Ekonomia Sustatzeko sailek antolatutakoa, xedeetako bat enplegu, enpresa eta ekonomia esparruetan ibilbide aipagarria izan duten adineko pertsonek haien ezagutzea eskaintzea izango da; horretarako, Prestik 2012ren testuinguruan hainbat topaketa antolatuko dituzte.

Adinekoentzako lehiaketak

Lehiaketa horiek adineko pertsonen kolektiboaren gaitasun artistikoak eta intelektualak sustatzeko arloan kokatzen dira, baita zahartze aktiboaren arloan kontzeptuarekin eta estrategiarekin lotutako balioak bultzatzeko arloan ere. Pinturan, literaturan, edota argazkilaritzan jardutea dinamismoaren adibide argia da. Edizio honetan, berrikuntza nagusi gisa, lanek belaunaldien arteko elkartasunaren eta elkarrekintzaren dohainak jasoko dituzten esperientzia, bizipen edo ikonoei (errealak zein figuratiboak) buruzkoak izan beharko dute.

Izena emateko epea ekain hasieran irekiko da, eta irailaren 28an bukatuko da. Adineko lehiaketa, aldiz, urriaren 19ra arte egongo da zabalik.

Museoak Barrutik

Programa honek eduki sozio-kulturala du, eta adineko pertsonen kolektiboa Bizkaiko Lurralde Historikoko museo ondare garrantzitsura sartzea ahalbidetu nahi du; hala, taldearen gaitasun intelektualak eta harremanak izateko gaitasuna bultzatuko dira.

Zehatzago esateko, programa honi esker adineko pertsonen eta emakumeen elkarteek 24 museotara doan sartzeko eta programazio aberatsetan parte hartzeko aukera izango dute.

Berrikuntza gisa, aurten, 2012. urtean, belaunaldien arteko esperientziak antolatu dituzte lurraldeko gazte ikasleek eta gure adinekoek bisitak eta jarduerak partekatzeko. Egitasmoak estereotipoak hausteko beharrezko mestizajea sorrarazi nahi du, errealitate berriak eta elkarrekintza aurkitzea bultzatzea, baita ikasitakoa elkarri trukatzea ere. Programan museo hauek hartuko dute parte:

  1. Guggenheim Bilbao Museoa
  2. Arte Eder Museoa
  3. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa
  4. Bilboko Euskal Museoa
  5. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa
  6. Eleiz Museoa
  7. Rialia (Industria)
  8. Gernikako Bakearen Museoa
  9. Gernikako Euskal Herria Museoa
  10. Bermeoko Arrantzaleen Museoa
  11. Bilboko Berreginen Museoa
  12. Goaz Museum – Euskal Abertzaletasunaren Museoa
  13. Boinas “La Encartada” Museoa
  14. Gernikako Batzar Etxea
  15. Simón Bolivar Museoa
  16. Valentín Berriotxoa Museoa
  17. Durangoko Arte eta Historia Museoa
  18. Balmasedako Historia Museoa
  19. Enkarterrietako Museoa
  20. Pozalaguako Kobak
  21. El Pobaleko Burdinola
  22. Landetxo Goikoa Baserria Museoa
  23. Bizkaiko Arkeologia Museoa
  24. Balmasedako Pasioaren Interpretazio Gunea

Adineko bidaiak

Urte luzez, adineko pertsonen kolektiboarentzat zaila izan da turismo jarduerara sarbidea izatea, nahiz eta pertsona nagusien ongizate fisiko eta mentalerako onura garrantzitsuak eragin eta gizarteratzeko lagungarria izan. Aurten programaren 16. edizioa ospatuko da, eta horri esker adineko pertsonek bidaia programa osatu batez gozatzeko aukera izango dute, haien neurrira diseinatutako plangintza ludiko eta kulturalarekin konbinatuz. Horrez gain, diru laguntzen plan espezifikoa izango du programak; desgaitasun edo ekonomia aldetik oztoporik izanez gero, traba horiek desagerrarazteko xedez abiatuko da, eta hala, berdintasun baldintzetan parte hartu ahal izatea bermatuko da.

Horrez gain, berrikuntza nabarmen bat dakar 2012ko deialdiak; izan ere, bisita daitezkeen ohiko beste toki batzuekin batera Bizkaia ere aukeratu ahalko da aurten; kultura, arte, paisaia, eno-gastronomia eta kirolari dagokienez balio handiko eskaintza berria da, eta produktua gure lurraldeko tradizioak eta folklorea hedatzeko eta ezagutarazteko bideratu da. Horrela, kolektiboak parte hartze aktiboa izateko pentsatutako formula berritzaileak baliatuko dira, turismo esperientziako egitasmo bakar eta bereizgarri batean.

Nagusi Azoka

Ohi bezala, Gizarte Ekintza Saila Nagusi Azokan izango da aurten ere, baina edizio honetan belaunaldien arteko izaera nabarmena izango du; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak gure lurraldeko adinekoei eskaintzen dizkien zerbitzuen karta aurkezteaz gain, edizio honetan senior adituek eta ikasle gazteek ere parte hartuko dute; hitzaldien, mahai inguruen eta ezagutza trukatzeko eta eztabaidatzeko beste tresna batzuen bidez, esperientziak partekatuko dituzte jardueraren hainbat arlotan.

Adinekoak eta hedabideak programa garatzea

Adineko pertsonen hautematea aldatzeko prozesuan gizarte hedabideek duten garrantziaz jabeturik, 2010eko urrian Foru Aldundiak “Adinekoak eta Hedabideak” proiektua jarri zuen martxan. Harrezkero, adineko pertsonek hedabideetan duten rolari buruzko diagnostikoa egin da, eta zenbait proposamen eta gomendio plazaratu dira.

Lan hori egiteko eta lanaren garrantzia eta beharra nolabait definitzen duen “esparru instituzionala” deritzona abiapuntu izate aldera, ondoko dokumentu hauetan zahartzearen arloan esaten dena izan du kontuan lantaldeak:

  • Zahartzeari buruzko Munduko Batzarren ondorioak.
  • Bizkaian Zahartze Aktiboa Sustatzeko Ekintza Plana.

Bizkaiko Adinekoen Kontseiluko kideek, Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko eta hainbat hedabidetako ordezkariek osatu dute esandako lantaldea: Radio Popular, Onda Vasca, Deia, El Correo, Canal Bizkaia, Cadena Ser, Grupo Nervión eta Hamaika Telebista.

Arloa jorratzeko eta lana zentratu ahal izateko, bost gai bereizi aukeratu ziren:

  • Adinekoek gizarte hedabideetan betetzen duten eginkizuna: komunikatzaile gisa duten funtzioa, bai profesional gisa, bai kolaboratzaile gisa.
  • Adinekoentzako produktu espezifikoak: programazioa espezializatzea edo adinekoen “estereotipazioa”
  • Zahartzaroaren irudia: zahartzaroaren irudi positiboa bultzatzea, gaur egungo “gizartearen alegiazko irudia” alde batera utzita.
  • Adinekoek parte hartzen duten jardueren berri ematea hedabideetan (jarduerak adinekoenak soilik izan zein ez) eta adineko pertsonen jarduerak publikoki sustatzea kolektibotik bertatik.
  • Hedabideetan erabilitako hizkera.
 
 
 
Aldundiaren logotipoa