Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Uztailaren 17a 13:00
Foru Aldundiak gaur egindako bileran erabaki du honako hauek Bizkaitar Argiak izendatzea: GORABIDE elkartea , Medikuntza eta Kirurgian lizentziatua eta Biokimikako katedraduna den Felix Goñi Urcelay eta Gerra Zibileko bonbardaketen biktima zibilak. Bereizkuntzaren helburua da edozein gizarte-jardueratan beren jokabide, zerbitzu eta jokaeragatik Bizkaia eta haren balioen sustapenerako lagundu duten pertsona fisika edo juridiko, entitate edo herritarren taldeak nabarmentzea.
Gorabide irabazteko asmorik gabeko erakundea, bere 50 urteko historian desgaitasun intelektuala duten pertsonen eskubideen aldeko lanagatik nabarmendu dena. Gizartean pertsona horiekin eta haien familiekin elkartasun-konpromisoa eta konpromiso etikoa bultzatzeaz gainera, elkarteak kolektibo horrentzako zenbait zerbitzu sozial espezializatu kudeatzen ditu, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera.
Felix Goñi Urcelay Medikuntza eta Kirurgian doktorea da, Nafarroako Unibertsitatean, Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna eta unibertsitate horretako Biofisika Unitateko zuzendaria Bizkaitar Argia bereizkuntzaren bidez, irakaskuntzan eta ikerketan duen ibilbide luze eta bikaina saritu nahi da.
Gerra Zibilaren bonbardaketen biktimak Bizkaitar Argiak izendatzeko helburua da bonbardaketetan izandako txikizioa eta biktima zibil horiek jasan zutena ez ahaztea eta halako gertaera higuingarriak berriz ez jazotzea. Halaber, omenaldia egin nahi zaie Gerra Zibilean Bizkaiko herrietan izandako bonbardaketen ondoriozko biktima izan ziren ume, gizon eta emakume errugabeei.