saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BISITA BARRIKAKO EGUNEKO ZENTRORA

Osteguna, 2012(e)ko martxoaren 1a 12:33

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Gizarte Ekintzako foru diputatuak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Barrikako eguneko zentroa bisitatu du; arlo horretako politiken adierazgarritako bat da zentro hori. Aldundiak ia 147 milioi euro inbertitu ditu 2011 urtean, desgaitasuna duten pertsonentzako zentro espezializatuak abiarazteko eta pertsona horiei laguntzak emateko.

Pilar Ardanza, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Barrikako zentroan

Irudien galeria

  • Ikusi irudia osorik: Pilar Ardanza Barrikan
  • Ikusi irudia osorik: Pilar Ardanza Barrikan 2
  • Ikusi irudia osorik: Pilar Ardanza Barrikan 3
  • Ikusi irudia osorik: Pilar Ardanza Barrikan 4
  • Ikusi irudia osorik: Pilar Ardanza Barrikan 5

Gizarte Ekintzako foru diputatu Pilar Ardanzak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako Barrikako Goierri auzoko eguneko zentroa bisitatu du, gaur. Zentroak 30 lagunentzako lekua dauka, eta Aldundiak 860.000 euroko inbertsioa egin zuen hura abian jartzeko. Zentroak 509 metro koadro dauzka, eta Barrikako leku eder batean dago, 11.872 metro koadroko lursail batean. Eraikina zein lursaila Bizkaiko Foru Aldundiarenak dira.

Aldundiak jakin nahi izan du zein iritzi duen Uribe Kosta elkarteak (desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko elkartea), berak kudeatzen baitu zentroa. Halaber, Gizarte Ekintza Sailaren arduradunek bertatik bertara ezagutu nahi izan dute zein zainketa behar dituzten zentroaren erabiltzaileek. Pilar Ardanzak pozik azaldu duenez, bizi-kalitateak eta zainketek luzatu egin dute pertsona horien bizi-itxaropena; beraz, laguntza desberdina behar dutela, eta baliabide honen bidez lortu da ondo zainduta egoten jarraitzea.

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzea eta desgaitasuna bera prebenitzea dira Gizarte Ekintza Sailaren zutabe nagusietako bat. Ardanzak adierazi du zentro honen bidez urrats bat gehiago ematen dela desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako laguntzan. Gizarte Ekintzako diputatuaren esanetan, Aldundiak bere jardunaren gida gisa hartutako printzipioei jarraitu zaie, hau da: pertsonarengan zentratutako plangintza, arreta pertsonalizatua, bizi-kalitatea… Gainera, elkarte-mugimenduarekin batera aritu izana baloratu da. Kasu honetan, Uribe Kostako Elkartearekin jardun dute –iaz elkartearen 30. urteurrena izan zen. Amaitzeko, Pilar Ardanzak esan du plazen eskaintza handitu nahi dutela eskola-garaia amaituta desgaitasun intelektuala duten pertsona guztiak eguneko zentro batera joan ahal izateko.

Eraikin birgaitua

Barrikako eguneko zentroaren kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki zuen bere jabetzakoa zen eraikina birgaitzea desgaitasun intelektuala duten pertsonei laguntza emateko. Eraikina birgaitzeko hartutako irtenbidea hiru solairuak barrutik igogailu bidez (esku-ohetarako igogailua) komunikatzeko premisatik abiatu zen.

Sotora atartetik jaisten da, eta bi gune bereizi daude:

  • Sukaldondoa eta jantokia. Erabiltzaileen jantokitik ate bat igarota sartzen da sukaldondora.
  • Erabiltzaileen jantzi-gelak eta komunak

Bai atartetik bai jantokitik zuzenean irten daiteke kanpora. Beheko solairuan erabilera anitzeko lau gela daude eta logopediarako gela bat ere bai.

Lehen solairuaren banaketa beheko solairuaren banaketaren antzekoa da. Lau gela ditu (estimulazioa, psikomotrizitatea…), gehi bulego bat, begiratokia, terraza eta komunak.

Ia 147 milioi desgaitasuna duten pertsonei zuzenduta

Bizkaiko Foru Aldundiak 146.910.000 euro inbertitu ditu 2011. urtean desgaitasuna duten pertsonei laguntzen.

Bizkaian gaur egun daukagun sarean 60 egoitza daude, gehi etxebizitzak eta babestutako pisuak: guztira, 1.316 leku daude desgaitasuna duen pertsonentzat. Aurreko urtearekin alderatuta, 141 leku gehiago eskaintzen dira orain.

Inbertsioari dagokionez, leku horiek guztiek mantentzeko 35,8 milioi euro erabili dira (2010ean baino 5,5 milioi gehiago).

Egoitzako egonaldi iraunkorraz gainera, beste baliabide batzuk ere eskaintzen dira:

Eguneko zentroak

Zentro hauetan 995 pertsona hartu dituzte 2011n, eta, urte berean, beste 99 leku eskaini dira gizarte eta hezkuntza arloko zentroetan. Bada, horrenbestez, 12,8 milioi euro erabili dira mota bi horietako zentroetan arreta eskaintzeko, hainbat erakunderekin izenpetutako hitzarmenen bidez.

Okupazio-zentroak

2011. urtean zein 2010. urtean erabiltzaile kopuru bera izan dute okupazio-zentroek: 1.287 pertsona desgaituk erabili dituzte zentrook. Lekuok mantentzeko, guztira, 8,4 milioi euroko inbertsioa behar izan da.

Enplegurako zentro bereziak

Aldundiak, era berean, enplegurako zentro berezietan dauden errendimendu gutxiko lekuak mantentzeko finantziazioa ematen du. 2011. urtean zehar, 117 leku mantentzeko diru-laguntza emanda da, eta, horretarako, 500.000 euro bideratu dira.

Foru egoitzen zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoa

Foru egoitzen zerbitzuan egonaldi iraunkorrean egoteari lotutako laguntza honek 11 hartzaile izan ditu; guztira, 40.560 euro jaso dituzte. Egonaldi iraunkorrean egon diren 11 pertsonetatik lauk mendetasun handia dute aitortuta eta beste zazpiek, berriz, mendetasun larria.

Familia barruko zaintzetarako eta laguntzaile pertsonala izateko prestazioa

2011. urtean, lau pertsonak jaso dute laguntzaile pertsonala izateko prestazioaren onura: 32.806 euro banatu dira lau pertsona horien artean.

Aurreko urte osoan zehar, 4.946 laguntza-eskaera aurkeztu dira familia barruko zaintzetarako prestazioa jasotzeko. Beste 4.793 eskatzaileri aitortu zaie prestaziorako eskubidea; beraz, urte amaieran 11.015 onuradunek jasotzen zuten prestazioa. Laguntza ekonomiko hori emateko 41,7 milioi euro erabili dira 2011. urtean.

Desgaitasuna duten pertsonentzako diru-laguntzak

2011. urtean, 3,8 milioi euro inbertitu dira desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko eta gizarteratzeko diren ekintzak diruz laguntzeko. Bada, aurrekontu hori erabiliz, 157 ekintza burutu ahal izan dira.

Gainera, beste diru-laguntza batzuk ere eman ditu Bizkaiko Foru Aldundiak: desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko eta gizarteratzeko zentroetan egin beharreko inbertsioetarako, hain zuzen. Horrela, aurreko urtean 350.000 banatu dira zentroetan obrak eta konponketak egiteko zein zentro horiek ekipamenduz hornitzeko.