Hemen zaude:
Asteazkena, 2012(e)ko Maiatzaren 23a 12:45
Gaur, Batzar Nagusiek, Gernikan eginiko osoko bilkuran, erabaki dute Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) buruzko Foru Araua aldatzea. Aldaketa honen lehentasunezko helburua ez da Bizkaiko udalerrietako presio fiskal globala handitzea, presio hori modu egokiagoan banatzea baino, higiezinen balio erreala kontuan hartuta. Batzar Nagusiek, era berean, erabaki dute udal gainbalioaren gaineko zergari buruzko foru araua aldatzea.
OHZ zerga zuzena da, izaera errealekoa, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko edozein udalerritan dauden ondasun higiezinak zergapetzen ditu. Nahitaez ordainarazteko tokiko zerga da, eta tokiko tributu-sistemaren oinarritzat jotzen da, udalek diru-bilketarako duten iturri nagusia baita.
Iruarrizagak gogorarazi du OHZren zerga-oinarria katastroko balioa dela; beraz, “higiezinen katastroa Bizkaiko udalerri guztietako hiri- eta landa-jabetzaren inbentarioa eta erregistroa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bakarreko eskumena da katastro hori eratu, mantendu eta berrikustea.”
Katastroa orain dela 40 urte berrikusi zen azkenengoz; hortaz, goitik behera hutsaldu da katastro-balioen eta merkatu-balioen arteko erlazioa, eta kontuan hartu behar da, gainera, zer bilakaera izan duten higiezinen merkatuak eta hirigintzak berak.
Aldaketa honen lehentasunezko helburua ez da Bizkaiko udalerrietako presio fiskal globala handitzea, presio hori modu egokiagoan banatzea baino, higiezinen balio erreala kontuan hartuta. Beharrezkoa den “aldaketa hau abiatzeko, batzarrak egiten ari gara Lurralde Historikoko udalerri guztiekin, eta EUDELen hurbil-hurbileko lankidetza ere badaukagu horretarako.”
OHZri buruzko Foru Arauan, zazpi artikulu aldatzen dira guztira, bai eta lehenengo xedapen iragankorra ere. Berritasun nagusiak karga-tasa berriei buruzkoak dira, % 0,02ko gutxieneko tasa dutenak; beraz, aurreko araudian baino askoz ere tasa txikiago bat (20 aldiz txikiagoa ere). Helburua da katastroko balioen areagotzea konpentsatzea. Gehienezko tasa, berriz, % 0,3ra igo da.
Horrek aukera ematen die udalei beren baliabideak kudeatzeko tresnak izateko, zerga horren titular eta kudeatzaileak baitira. Gaur egungo tasak % 0,4tik % 3ra bitartekoak dira. Horrez gainera, industria-erabileran (% 1,5era arte) eta gainerako erabileretan tasak handitzeko aukera dago, bizitegi-erabileran eta beste erabileretan izan ezik (% 0,8ra arte).
Udalek uztailaren 1a baino lehen onartu behar dituzte, behin-behinean, tasa berriak.
Baina, badira beste berritasun batzuk: jakinarazpen-sistema berriak, kostuak gutxitzeko, eta, horrez gainera, araudiak orain arte indarrean egon diren tasak aplikatzeko aukera ematen die katastroa berrikusteko prozedura aurrez ikusita dauden epeetan amaituko ez duten udalerriei; izan ere, udalerri horietan katastro-balio berriak ezingo dira 2013ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri.
Gaur, Batzar Nagusiek, era berean, onartu dute Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren aldaketa onartzea; normalean, “udal gainbalioa” esaten zaio zerga horri. Honako hau da aldaketaren helburua; krisi ekonomikoaren ondorioz hipoteka-kredituaren ordainketei aurre egin ezin dieten eta ondorioz ohiko etxebizitza galdu duten pertsonek zerga hau ordaindu behar ez izatea.
Orain arte indarrean egon den araudian ezartzen zen subjektu pasiboa etxebizitza eskualdatzen duen pertsona dela, hau da, exekutatzen ari den kredituaren zorduna. Horregatik, foru arau honen bidez berariaz ezarriko da ohiko etxebizitzaren gaineko hipoteka exekutatzearen ondorioz gertatzen diren lur-eskualdaketetan lurra eskuratzen duen pertsona edo erakundea (gehienetan bankuak) izango dela zergadunaren ordezko subjektu pasiboa.
Horrez gainera, alderdien artean egon litezkeen itunak saihesteko, araudian ezartzen da ordezkoak ezingo diola eskatu zergadunari ordaindutako zerga-betebeharraren zenbatekoa.