Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 12a 12:40
Diru-laguntza horiek 2012. urtean jarduera hauek finantzatzeko erabiliko dira: Leioako Umore Azokaren XIII. edizioa, Bilboko Koral Elkartearen urteko jarduerak eta Bizkaiko Akordeoi Elkartearen jaialdiak.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak hiru lankidetza-hitzarmen sinatu ditu kultur elkarte batzuekin; haien bidez, guztira 121.000 euroko diru-laguntza jasoko dute hiruren artean. Hona hemen onuradunak eta 2012ko jarduerak egiteko jasoko dituzten diru-laguntzak: Leioako Umore Azoka, XIII. edizioa egiteko 57.000 euro jasoko dituena; Bilboko Koral Elkartea, 34.000 euro jasoko dituena, eta Bizkaiko Akordeoi Elkartea, 30.000 euro jasoko dituena.
Umore Azokan, arte eszenikoak ikusteko aukera dago lau egunetan; kaleko antzerkia du helburua, eta urterik urte finkatu egin da; izan ere, Euskadiko, Estatuko eta nazioarteko konpainia garrantzitsuak hartu dute parte, lan ugari estreinatu dira, eta, era berean, artista berriei aukera eman die beren lanak aurkezteko. Estreinaldi garrantzitsuak hartzen dituen azoka honetan, berrogei konpainiak baino gehiagok aurkeztuko dituzte beren ikuskizunak. Hainbat lekutatik etorriko dira artistak: Frantzia, Australia, India, Estatu Batuak, Argentina, Txile... Artista horiek eta Estatuko sei erkidegotatik etorritakoak arduratuko dira Leioako kaleak magiaz eta liluraz betetzeko, hainbat motatako ikuskizunak direla medio: akrobazia, zirkua, musika, clownak, antzerkia...
Bilboko Koral Elkarteak, era berean, lan handia egiten du musika arloan oro har, eta, bereziki, ahots-musikan; hala ere, ez dio muzin egiten musikarekin zerikusia duen beste edozein arte-adierazpeni. Egiteko horretan, bere abesbatzen prestakuntza, mantentze eta sustapena funtsezko helburuak dira.
Azkenik, Bizkaiko Akordeoi Elkartearen helburua musika sustatzea da, batez ere akordeoiaren bidez; 1963. urtean sortu zen Bilboko Akordeoi Orkestraren sustapen eta mantentzean oinarritzen du bere jarduera.