Hemen zaude:
Ostirala, 2012(e)ko Ekainaren 15a 11:40
Foru Aldundiak handitu eta hobetu egin du BiscayTIK Fundazioaren bitartez Bizkaiko gizarteari eskaintzen dio @bizkaia.eu posta elektronikoaren zerbitzua. Zerbitzu hau www.bizkaia.eu helbidetik erabil daiteke, eta gaurtik aurrera, doako posta elektronikoaz gain, gailu mugikorretatik sartzeko aukera, 2 GBko kutxa gotor digital bat eta aurrekoa garatzeko software librea erabiltzeko aukera eskaintzen ditu.
Doako posta elektronikoa Bizkaiko gizarte osoari eskaintzea Foru Aldundiaren proiektu zabalago baten osagaia da. Proiektu horren helburua da toki erakundeetan administrazio elektronikoa jartzeko laguntza ematea eta administrazioa eta herritarrak hurbilago egotea, teknologia berrien bidez. Une honetan, 73 udal eta 8 mankomunitate daude proiektu honetan, eta laster beste 22 herri sartuko dira.
Posta elektronikoa ezinbestekoa da zerbitzu berri hauetara sartzeko; horregatik, 2009an, Foru Aldundiak eta BiscayTIK Fundazioak posta elektronikoko helbide bat eskaini zieten Bizkaian erroldatutako pertsona guztiei. Helbide hori “pasaporte digitala” ere bada, herritarrak haien toki administrazioarekin egiten dituzten izapide telematikoetarako.
Orain, posta elektroniko honek eskaintzen dituen zerbitzuak handitzea erabaki da, eta “kutxa gotor” bat gehitu da erabiltzaile bakoitzarentzat. 2 GB dituen disko gogor birtual bat da, sarean edozein dokumentu biltegiratzeko. Dokumentu horiek edozein unetan eta Interneterako sarbidea duen edozein ordenagailutik edo gailutik eskuratu ahal dira. Kutxa gotor honetan edozein fitxategi mota gorde daiteke, baina bereziki baliagarria da administrazio izapideetan behar diren fitxategietarako, adibidez, errolda-ziurtagirietarako. Zerbitzu hauek edozein lekutatik erabili ahal izateko, gailu mugikorretatik (adibidez, smartphone-ak eta tabletak) erabiltzeko prestatu dira.
Bestalde, bertsio berri hau abian jartzeko, sistemak software librean oinarritutako teknologia erabiltzen du, eta, ondorioz, pertsonalizazio handiagoa eta etorkizunean aukera berrietarako atea zabalik uztea lortu da, baita zerbitzuari lotutako gastuak murriztea ere.
Gaur egun, 65 mila pertsona baino gehiago dira haien kontua aktibatu eta @bizkaia.eu posta elektronikoaren zerbitzua erabiltzen dutenak. Posta elektroniko honek balio erantsi garrantzitsu bat dauka, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa izanda, erabiltzaileen informazioa eta datuak Datuak Babesteko Legearen arabera zaintzeaz arduratzen baita. Alderdi hau ez da beti kontuan hartzen datuak Interneteko doako beste posta batzuetan uzten direnean.
2009an, zerbitzua martxan jarri zenean, gutun pertsonalizatu bat bidali zitzaien Bizkaian erroldatutako pertsona guztiei, kontua aktibatzeko gakoarekin. Oraindik posible da gako horrekin www.bizkaia.eu helbidean kontu bati alta ematea. Gutuna ez daukatenek BiscayTIK-eko Erabiltzaileen Arreta Zentroari eskatu behar diote gakoa, 900 840 250 telefonoaren bitartez edo info@biscaytik.eu helbidera idatzita. Eskaeran identifikazio-datu batzuk adierazi behar dira. Gero, aste bateko epean, gutun bat jasoko da, zerbitzuan alta emateko gakoarekin. Alta emateko, www.bizkaia.eu web orrian sartu, eta adierazitako jarraibideak bete beharko dira.