Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 19a 14:00
Ia 70 pertsonak hartu dute parte simulakroan; haren bidez, uretan eta harean ezbeharrak gertatuz gero abian jarri behar diren baliabideak mobilizatu eta koordinatzeko prozedurak probatu dira.
Ingurumeneko Foru Sailak kutsadura-simulakro bat egin du La Arena hondartzan (Zierbena-Muskiz), Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzarekin, Zierbena eta Muskizko udalekin, URA Uraren Euskal Agentziarekin, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Osasun Publiko arloekin, Ertzaintzako Zuzendaritzarekin eta Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuarekin batera.
Jarduteko protokoloa abian jartzeko honako egoera hau simulatu da: itsasertzean erregai-bidoi batzuk egotea.
Simulakroa 10:00ak pasatu direnean hasi da, eta aukera eman du uretan eta harean ezbeharrak gertatuz gero abian jarri behar diren baliabideak mobilizatu eta koordinatzeko prozedurak probatzeko. Helburua honako hau izan da: Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman ezarritako taktika operatiboetan egin beharreko hobekuntza-neurriak aplikatzea.
Kasu honetan, simulakroa egiteko bidoi batzuk jarri dira itsasertzean: 250 litroko bidoi batzuk izan dira, ustez alkohol alilikoa zutenak (likido sukoia eta oso toxikoa; beraz, oso arriskutsua giza osasunerako).
Bizkaiko Salbamendu eta Sorospen Zerbitzuak alerta eman dute, eta, prebentzio moduan, bandera gorria jarri dute bainua debekatzeko. Ondoren, SOS DEIAKen arduradunek jarduera bat abiarazi dute, hainbat zerbitzuren parte hartzea eskatu duena: Ertzaintzaren Agintaritza eta Kontrol Zentroa, Osakidetzako Larrialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzua.
Simulakroa egin den bitartean, hondartza balizatu egin da; 50 metroko segurtasun-lerro bat ezarri da bidoien inguruan. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikariek aztertu dituzte bidoiak.
Simulakroak 14001:2004 arauak ezarritako baldintzei erantzuten dio, zeren arau horrek dio beharrezkoa dela "ingurumenari buruzko larrialdi simulakroak egitea", ingurumena babestea lehentasuna baita.
Foru Aldundiko Ingurumen Sailak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta udalek hondartzak kudeatzeko sistema integratu bat dute; sistema horrek bermatzen du hiritarrei ingurumena errespetatzen duen kalitateko zerbitzua ematen zaiela. Gaur goizean La Arenan egin duten simulakroak sistema horren eskakizunei erantzuten die, hain zuzen ere. Hala, hondartzetako kalitate eta ingurumen egoera etengabe hobetzea bilatzen da, eta, batez ere, hondartza eta inguruetako garbiketa zerbitzuak sendotzea eta sorospen- zein prebentzio-zerbitzuak hobetzea.