saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ETA BILBOKO UDALAK, GAZTEEN GAIETAN POLITIKA INTEGRALA GARATZEKO AKORDIOA SINATU DUTE

Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 19a 14:40

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

"Gaztedi Bilbao" proiekturako egingo den lankidetza-hitzarmena 2012-2015 aldirako izango da

Gazteen bizimoduaren eremuak zeharka eta ikuspegi globaletik aztertuko dira

Jarduerak finantzatzeko, hitzarmenak iraungo dituen lau ekitaldietako bakoitzerako 75.000 euro jarriko dira

M.Josune Ariztondo eta Sabin Anuzita

Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak hitzarmena sinatu dute gaur gazteen arloko politika integrala ezartzeko, bultzatzeko eta garatzeko. “Gaztedi Bizkaia” proiektuaren markoan sinatu da hitzarmena, “Gaztedi Bilbao” proiektua ezarriz 2012-2015 aldirako.

Gazteek ezaugarri eta beharrizan bereziak dituzte, eta, beraz, zeharkako irizpideak erabiliz, politika integralen helburu izan behar dute. Horiek horrela, erakunde biek beharrezkotzat jotzen dute ikuspegi global edo oso batetik aztertzea gazteen bizimoduaren eremuak: prestakuntza, lana, etxebizitza, nortasuna, hizkuntza, parte-hartzea, lurralde-oreka, kohesioa eta konpromiso soziala, garapen komunitarioa, ingurumena, garapen orekatua eta mugikortasuna.

Osotasunean ulertzeak esan nahi du administrazioen eta euron gestio-mailen artean era koordinatuan eta zeharka jardun behar dela, hain zuzen ere ahaleginak batuz.

“Gaztedi Bilbao” proiektuaren helburu estrategikoak, jarduera-ildoak eta sailak “Gaztedi Bizkaia” proiektukoekin elkartuko dira. Horiek horrela, hiru eremu zabal bereiziko dira, barruan beste azpieremu batzuk izango dituztenak:

Emantzipazioa eta autonomia

  • Enplegua (enplegurako prestakuntza; enplegagarritasun baldintzak, autoenplegua, berrikuntza eta ikerketa, egoera ahulean dauden gazteen gizarteratzea eta laneratzea eta nazioartekotzea.
  • Etxebizitza: eskuratzea, alokairua eta babes publikoko etxebizitza.
  • Mugikortasuna: garraioa

Eraikuntza soziala

  • Esku-hartze soziala: familia, generoa, nerabeak, kultur artekotasuna, aniztasun funtzionala eta drogamenpekotasunak.
  • Balioak sustatzea: bizimodu osasungarria, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, nortasuna eta kultura, iraunkortasuna eta aniztasunean/kulturen artean elkarrekin bizitzea.

Lurralde aktiboa

Partaidetza: informazioa eta komunikazioa, boluntariotza eta elkartegintza sustatzea, ekipamenduak sortzea eta mantentzea eta berrikuntza soziala.

Hitzarmenaren aurrekontua 75.000 eurokoa izango da lau urteetako bakoitzerako. Kopuru hori erabiliko da proiektu integrala egiteko, hartara Bilboko Udaleko sailek zeharka eta era koordinatuan jardun ahal izateko, eta Gaztebizz ataria martxan izateko (topaketei, jardunaldiei, kontzertuei eta barri buruzko informazioa). Guztira, Bizkaiko Foru Aldundiak 300.000 euro emango dizkio Bilboko Udalari.

Koordinazio egokia lortze aldera eta hitzarmenean jasotako jardueren jarraipena egiteko, jarduerok ebaluatzeko eta kontrolatzeko, alde biek Jarraipenerako Batzorde Mistoa eratuko dute, Foru Aldundiko ordezkari bik eta Bilboko Udaleko beste bik osatua.

 

Erantsitako fitxategiak:

Irudiak

 
 
Aldundiaren logotipoa