Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 26a 12:15
Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeo eta Autzaganeko saihesbidea egiteko lanak adjudikatu ditu. Tarte hori Amorebieta-Muxika errepide erradialekoa da. Lanen aurrekontua 113 milioi da; uztailean hasiko dira, eta burutzeko epea 33 hilabetekoa da.
Bermeoko saihesbidea egiteko aurrekontua 50 milioi eurokoa da, eta enpresa hauek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu zaio: Gaimaz, Infraestructuras y Servicios, S.A., Excavaciones Cantábricas, S.A., Intxauti Construcciones, S.A. eta Hnos. Elortegi, S.A.
Autzaganeko saihesbidea enpresa hauek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteari adjudikatu zaio: Sacyr, S.A.U., Cavosa Obras y Proyectos, S.A., Febide, S.A.U., Bycam, Servicios, Edificios e Infraestructuras, S.A. Construcciones Mariezcurrena, S.L., Construcciones Zubieder, S.L. eta Viconsa, S.A. Adjudikazioaren zenbatekoa 63 milioi eurokoa da eta lanak egiteko epea laburragoa 30 hilabetekoa.
Bermeoko saihesbidea Bermeoko erdigunetik hegoaldera dago eta BI-631 eta BI-2235 errepideak lotzen ditu. BI-631 errepidean hasten da, Bermeoko mendebaldeko sarreraren errotondan, Landabaso poligonoaren ondoan, eta bertatik ekialderantz egiten du; tunel faltsuak, lurrerauzketak, tunelak eta bidezubiak tartekatzen dira.
San Migel auzora igotzen den bidearen behealdean, tunel faltsua egitea aurreikusi da, 58 metroko luzerakoa. San Andres errekaren ibarraren gaineko pasabidean, 135 metroko bidezubia egingo da. Txarakaneko gainean, saihesbidea 155 metroko tunel faltsuan igarotzen da, Iberdrolaren azpiestazinotik hur. Jarraian dagoan Artika haranaren ganean, 155 metroko bidezubia dago. Perretxinako errekea gainditzeko, 76 metroko bidezubia egingo da, eta, azkenik, saihesbidea Gainzabala mendiaren azpitik igaroko da, 710 metroko luzerea daukan tunelean; holan, BI-2235 errepideagaz lotuko da. Saihesbidearen enborraz gainera, Sollubeko errepidetik mendebaldeko errotondara sarrera berria egingo da, bai eta Landabasoko poligonoaren errotondarako lotunea be, gasolindegiaren ondoan.
Autzaganeko Saihesbidea A-8 autobidearen eta N-634 errepidearen arteko lotunean hasten da; dagoen errepidea hartzen du oinarritzat Katea aldeko lotuneraino. Lehenengo tartean, taxuketa hobetzea proposatzen da, ekialdean zerbitzu-bidea sortuz, esparru horretan dauden baserri-auzoetara joan ahal izateko. Katea inguruan, beste bi glorieta egitea proposatzen da, pasabide berrira sartzea eta irtetea ahalbidetzeko. Horietan, zerbitzu-bideak eta alde horretako baserrietan dauden zenbait bide jasotzen dira.
Jarraian, Urdinbideko tunela dator. 670 metro luze da, eta bi tutu dauzka, bakoitza bi erreiko sekzio batekin. Tunelaren hegoaldeko ahotik irten eta gero, taxuketak dagoen errepidea hartzen du oinarritzat berriro.