saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

OMENALDIA NEKAZARITZAKO DIPUTATU OHIEI ETA BIZKAIKO NEKAZARI ELKARTEEN SUSTATZAILEEI

Asteazkena, 2012(e)ko Ekainaren 27a 12:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Omenaldia "Bizkaia: Nekazaritzako Elkarteak, 25 urte" izenburuko jardunaldietan egin da; jardunaldiok Ondare aretoan egin dira eta 150 gonbidatu bildu dira ekitaldira.

Nekazaritako Diputatu Irene Pardo andreak banatu ditu esker ona adierazten duten hamalau plakak. Berak eman du azken hitzaldia eta sektorearen "irmotasuna" azpimarratu du eta hainbat mezu jaulki ditu.

Horrez gainera bi ponentzia egon dira, bata atzera begirakoa eta bestea ekonomiaren gaineko eraginari buruzkoa. Nekazaritzako elkarteen eta kooperatiben taldeak 2011. urtean 135.000.000 euro fakturatu zituen, Bizkaiko BPGdren % 0,39.

Gaur goizean, Nekazaritzako Diputatu Irene Pardok omenezko hamalau plaka banatu ditu Nekazaritza Saileko diputatu ohien eta Bizkaiko Lurralde Historikoan nekazaritzako elkarteak sustatu dituzten pertsona batzuen artean. Lorra, nekazaritzako kudeaketa zentro eta elkarteen bilgunea sortu zeneko hogeita bosgarren urteurrena dela, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak antolatutako “Bizkaia: Nekazaritzako Elkarteak, 25 urte” izeneko jardunaldietan egin da omenaldia. Jardunaldiak Ondare Aretoan egin dira eta nekazaritzaren arloko 150 gonbidatu bildu dira ekitaldira. Egitarauan bi ponentzia egon dira, bata atzera begirakoa eta bestea ekonomiaren gaineko eraginari buruzkoa, eta gero Bizkaiko produktuez egindako pintxoak dastatu dira. Ekitaldia itxi duen hitzaldian Irene Pardok “irmotasun” terminoa erabili du haren sektoreari erreferentzia egiteko.

Hauexek izan dira omenaldia jaso dutenak: Josu Torre Altonaga (1986-87), Jon Belamendi Galarraga (1987-88), José Ramón Espilla Zillonizodiaga (1989-1990), Victor Chertudi Lekerika (1991-93), Juan Isidro Elorriaga Uribeetxebarria (1994-97) eta Javier Aramendi Bilbao (1997-2003), Lorrako lehendakari ohiak; Adolfo Esteban Gereka, Landa Garapenerako zerbitzuburua (1985-1997), eta Jesús Arrieta Zobaran, Abeltzaintzarako zerbitzuburua (1985-2010); José Miguel Zabala Oleaga (1979-1987), Juan María Atutxa Mendiola (1987-1991), José Luis Bilbao Eguren (1991ko otsaila eta uztaila bitartean), José Luis Garai Torrontegi (1991-95), Juan Francisco Sierra-Sesumaga Ibarretxe (1995-2003) eta Eusebio Larrazabal Olabarri (2003-07) diputatu ohiak.

“Bizkaia: Nekazaritzako Elkarteak, 25 urte” jardunaldiez baliatuta merezi duten aintzatespena aitortu zaie hainbat urtez nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sektoreak egituratzeko eta sendotzeko modurik hoberena nekazaritzako enpresaburuen elkarteen sustatzea dela argi ikusi duten pertsona batzuei. Hain zuzen ere, horrexegatik aipatu du “irmotasuna” Nekazaritzako Diputatuak. “Halaxe aritzen da Nekazaritza Saila, beti irmo lan egiten lehen sektorearen alde”.

Bi adituen ponentziak entzun ondoren, Josu Torrek atzera begira egindakoa eta Javier Garrok ekonomiaren gaineko eraginaz egindakoa, Irene Pardok zuzen eta modu hunkigarrian hitz egin du. Bi mezu jaulki ditu. “Lehenengoa, nekazaritzaren eta basogintzaren esparruaren barruan enpresa arloko sektore garrantzitsua daukagula eta, aldi berean, Bizkaiko landa eremuetako jarduera trakzionatu eta egituratzen duena. Bigarrena, legezko hainbat egoera eta merkatura egokitu garela eta gure enpresa sektorea egoera horrez harro dagoela. Gure enpresa sektorea. Geurea”.

Nekazaritzako Diputatuak lau gako eman ditu. “Bat, nekazaritzako eta basogintzako eta nekazaritzako eta elikadurako sektoreek Bizkaiko landa eremuetako oinarrizko motorra izaten jarraitzen dutela. Gainontzeko hirurak, premiak: ingurumen eta nekazaritza arloko politiken arteko koherentzia, balio erantsia sortzerakoan urrats kualitatiboa eta kuantitatiboa ematea eta merkatu eta kontsumitzaileetara orientatzea”. Pardo andreak hausnarketa honekin amaitu du: “Plazer handia da Bizkaiko diruaren zati bat kudeatzen dutenentzat, batzuetan zer enpresa-proiektutan inbertitu erabakitzen dugunontzat ikustea lasai egon gaitezkeela inbertsio hori ez delako inoiz deslokalizatuko, lurrari, lurraldeari lotuta baitago”.

Lehenengo ponentzia: “Landa bizitza hobetzeko premia”

Lehenengo ponentzia Lorrako lehen lehendakaria izan zen Josu Torre Altonagak eman du: “Bizkaiko nekazaritzako elkartegintza: hastapenak”. Jardunaldien izenburuak finkatzen duen gaiari buruzko atzera begirako hitzaldian hauxe gogorarazi du: “elkarrengana bildu eta elkarteak helburu argia zeukan hasiera-hasieratik: nekazarien bizimodua hobetzea”. “Nekazariek laguntza tekniko ona behar zuten, ezin zuten jarraitu bakoitzak bere aldetik jardun eta Aldundiak euren iritziak aintzat hartzea lortu behar zuten”. Hitzaldian hauxe ere esan du: “orain gorazarre egiten diogun nekazari-mundua hondatuta egongo litzateke honezkero baldin eta duela hogeita bost urte herritar eta politiko belaunaldi berri batek ardura hartu ez balu; gainera, pertsona horiek zuhur jokatu dute eta beste batzuen esku utzi dute aurrera segitzeko ardura”.

Beste hitzaldia: nekazaritzako elkarteek eta kooperatibek 2011. urtean 135.000.000 fakturatu zituzten, Bizkaiko BPGdren % 0,39

Bigarren hitzaldia Lorrako Abere Ekoizpenaren arloko zuzendari Javier Garro Urruelak eman du “Nekazaritzaren eragina ekonomian eta gizartean” gaiari buruz. Datu hauek eman ditu: hogei elkarte daude abeltzaintzan, hegaztizaintzan, untxi-hazkuntzan eta erlezaintzan, lau landare-laborantzan (mahastizaintza, frutagintza eta baratzezaintza-lorezaintza), bat nekazaritza ekologikoan, bat basogintzan, zortzi nekazaritza-ingurumen kudeaketan, eta nekazaritzako zortzi kooperatiba (zerbitzuak, pentsuen fabrikazioa, hornidura eta salmenta).

Nekazaritzako elkarteen eta kooperatiben taldeak 2011. urtean 135.000.000 euro fakturatu zituen, Bizkaiko BPGdren % 0,39 (34.262.371.000 euro). Horrez gain, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (2010) arabera, Bizkaian nekazaritzan 4.000 pertsonek egiten dute lan eta bertako langabezia tasa % 0koa da. Beste datu aipagarri bat da lurraldean elkarte eta kooperatibetan lan egiten duten 1.800 pertsonen inguruko informazioa.

Javier Garrok hainbat gako aipatu ditu bere mezua laburtzeko. Nekazaritzak eta basogintzak argi eta garbi egin dutela ingurumenaren, teknologikoaren eta kalitatearen alde, eta merkatuan dauden guztien arazo eurak jasaten dituztela: finantzabide falta eta etekin murrizketa. Nolanahi ere, esan du lurrari atxikita ekoizten dutela, deslokalizatu gabe, Bizkaiko lurren %85 kudeatzen dutela, eta horri guztiari esker lanpostuak sortzen dituztela eta landa inguruan bizi direnei bertan geratzeko aukerak ematen dizkietela.

Ekitaldia amaitzeko sukaldari entzutetsu batek Bizkaiko produktuez egindako pintxoak dastatu dituzte; argi geratu da Bizkaiko nekazarien eta abeltzainen produktuak bikainak direla, bai eguneroko jatorduetarako, bai goren mailako sukaldaritzarako.

 

Erantsitako fitxategiak:

 
 
Aldundiaren logotipoa