Hemen zaude:
Ostirala, 2012(e)ko Ekainaren 29a 15:00
Enpresa Arla industria gunera lekualdatuko da, eta jarduerari Enkarterri eskualdean bertan eutsiko dio gutxienez 2024ra arte.
Operazioari esker, 70 lanpostu gordeko dira, eta 22 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da.
Bizkaiko Foru Aldundia pozik agertu da operazioari esker "bermatuko direlako bai lanpostuak, bai Enkarterri eskualdean industria jarduera ekonomiko horri eustea; horrez gain, Balmaseda hiriguneko lurzoruak askatu egingo dira, eta hala, bertako herritarrek lurzoru horiek erabiltzeko eta horietaz gozatzeko aukera izango dute".
Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Balmasedako Udalak eta Talleres Fabio Murga SA enpresak hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Talleres Fabio Murga SA enpresari berari eta bertako 70 lanpostuei eusteko Bizkaiko Balmaseda udalerrian.
Sinatutako akordioaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak partaidetza mailegua emango dio (nondik norakoak aurrerago zehaztuko dira), eta horrez gain, 12.000 metro koadroko azalera lagako dio enpresari Balmasedan bertan, Arla poligonoan. Talleres Fabio Murga SA enpresak, bidenabar, une honetan Balmasedan hartzen dituen lursailak askatuko ditu, udal erabileretarako baliatzeko.
Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euroko partaidetza mailegua emango du; gainera, 5 milioi euroko inbertsioa egingo du Sprilur sozietatearen bitartez, enpresak hartuko duen pabiloia eraikitzeko; enpresak alokairuan hartuko du pabiloia, erosteko aukerarekin.
Operazioari esker, 2024. urtera arte eutsiko zaio Talleres Fabio Murga S.A. enpresaren jarduerari, eta horretarako, 22 milioi euro inguruko inbertsio globala egingo da.
Sinatutako akordioaren haritik, alderdi sinatzaile guztiek (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia, udala eta enpresa) jarraipen batzordea osatu dute, hartutako konpromisoak lehenbailehen beteko direla bermatzeko.
Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Imanol Pradalesek Aldundia zoriondu du operazioagatik, eta “arrakasta” gisa jo du, behin eta berriz Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan duen bezala; jarduketa horri esker, “krisi ekonomikoak eta industria jardueren beherakadak bereziki zigortu duten eskualde batean lanpostuei eta jarduera ekonomikoari eustea lortu dugu”.
Imanol Pradalesek zehaztu du akordio honi esker “guztiok irabazi dugula, Talleres Fabio Morga SA enpresa gutxienez 2024. urtera arte martxan egotea bermatu dugulako, horrek enpleguan eta jarduera ekonomikoan duen eragin guztiarekin batera”. Horrez gain, “enpresa horrek planta askoz berriagoa eraiki ahalko du, eta horrek granailaren ekoizpenean jauzi teknologiko nabarmena eragingo du; operazioan Enkarterri eskualdeak eta, horrenbestez, Bizkai osoak onurak eskuratuko dituzte”.
Granaila ekoizleen mundu mailako talde handienean integratutako enpresa da Talleres Fabio Morga SA. Urtero 80.000 tona inguru ekoizten ditu, eta hortaz, munduan gaitasun handiena duten plantetako bat da.
Talleres Fabio Murga SA enpresak filialak ditu, besteak beste, Brasilen, Txinan, Japonian, Korean eta Tailandian, eta granaila 25 herrialdetara baino gehiagotara esportatzen du.
Balmasedako plantak 70 lanpostu inguru sortuko ditu.
Talleres Fabio Murga SA enpresak granaila ultrafinak eta Premium kalitatedun granailak ekoizten ditu; granailek makina bat aplikazio dituzte, besteak beste, azalerak tratatzeko erabiltzen dira.