Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Uztailaren 3a 12:20
Getxoko eta Urduñako elkartegiak ere jaso ditu dekretuan, laster inauguratzekoak baitira biak. Zenbait arlotako enpresek lehentasuna izango dute Getxoko elkartegian: telekomunikazioak, ingeniaritza, informatika, aeronautika, fotokonposizio aurreratua, diseinua, ikus-entzunezko teknologia, bioteknologia, teknologia aurreratua eta berrikuntza
Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko elkartegien sarearen funtzionamendua erregulatzen duen dekretua onartu du gaur, eta, estreinako aldiz, Getxoko eta Urduñako elkartegiak ere jaso ditu dekretuan, laster inauguratzekoak baitira biak.
Dekretu horretan, elkartegien sarean kokatu nahi duten enpresek bete beharreko baldintzak ezartzen dira, eta, dekretuaren arabera, bulego-moduluak edo industria pabilioiak alokatuz, haiek erosteko aukera ere izango dute enpresek. Enpresa berriek zein lehendik ere badirenek eskatu ahalko dituzte bulego-pabilioiak; berriek, esaterako, eskabidea egin aurreko urtean eratuak izan behar dute gehien jota, eta Ekonomia Jardueren Zergan ere urte horretan zehar izena emana izatea. Lehendik baziren enpresek, berriz, enpresa zabaltzea behar izateagatik edo beren kokalekua hiri-antolamendutik kanpo geratu dela-eta egin dezakete eskaera.
Beste alde batetik, erregulazio horrek zenbait baldintza berezi ezartzen ditu: parke teknologikoan, esaterako, enpresa berriek besterik ez dute lekurik izango, eta Boluetako nahi Boroako elkartegietan, berriz, lehentasuna izango dute, hurrenez hurren, ekonomia sozialeko enpresek eta automoziorako hornidura enpresek.
Getxoko elkartegiak ere baditu baldintza berezi batzuk, zeren hor ere arlo hauetako enpresek izango baitute lehentasuna: telekomunikazioak, ingeniaritza, informatika, aeronautika, fotokonposizio aurreratua, diseinua, ikus-entzunezko teknologia, bioteknologia eta teknologia aurreratuak eta/edo berrikuntza. Gainera, elkartegi horretan, espazioa alokatu besterik ezingo da egin; ez da erosteko aukerarik izango.
Oro har, bost (5) urtez iraungo dute errentamenduek, gehien jota, elkartegi guztietan; hala ere, alderdi biak ados jarriz gero, aukera izango da epe hori bi aldiz luzatzeko, aldi bakoitzean gehienez ere urtebete luzatuz.
Gaur egun, bederatzi elkartegi daude: Barakaldo, Belako 2, Boroa, Landako, Markina, Sondika, Trapagaran 17 eta Zamudioko parke teknologikoa.