Hemen zaude:
Osteguna, 2012(e)ko Uztailaren 5a 11:44
Bizkaiko Ahaldun Nagusi Jose Luis Bilbaok gogorarazi du datorren urtean (hilabete gutxi barru) errealitate izango direla Bilboko hirigunera San Mamesetik sartzeko A-8ko bide berriak. Hala, Basurtun eta inguruan bizi diren milaka pertsona aske geratuko dira ingurune horretako trafikoak sortzen dituen eragozpen eta arriskuetatik.
Jose Luis Bilbaok eta Bilboko alkate Iñaki Azkunak Bizkaiko Foru Aldundia egiten ari den lanak bisitatu dituzte, gaur. Aurrez ikusirikoaren arabera, lanok datorren neguaren amaieran amaituko dira. Lanak 2009ko lehen hiletan hasi ziren, eta 156 milioi euroko aurrekontua dute. Diru kopuru horri hauek gehitu behar zaizkio: tuneletako eta tunel faltsuetako instalazioak, laguntza teknikoak eta desjabetzeetan eta zerbitzuak berriz jartzean inbertituriko dirua. Beraz, lan hauek egiteko inbertsioa, guztira, 215 milioi eurokoa izango da.
Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Bilboko alkateak adierazi dutenez, ahalegin ekonomikoa oso handia da, baina guztiz justifikatuta dago, batetik Bilbon sartu eta handik irteteko bide nagusietako bati funtzionalitate handiagoa emango zaiolako, bestetik, Basurtuko hirigunea guztiz birmoldatuta geratuko delako, eta, azkenik, Lezeaga, Bentazarra, Santa Ana, Altamira, Basurtu eta Olabeaga auzoetako milaka auzokide autobideko trafiko gogaikarri eta arriskutsutik aske geratuko direlako. Bereziki garrantzitsua da Bentazarra eta Lezeagan egingo den jarduketa; izan ere, bertan, autobidearen 300 m baino gehiago lurperatuko dira. Auzoa gaur egun bitan zatituta dago, eta lanon bidez, banaketa hori desagertuko da. Gainera, hiri-espazio handiak –guztira, 70 mila metro koadro inguru– libre geratuko dira, aisialdirako gune, atsedenleku edo parkeetarako, zeinak auzo horietako biztanleek erabili ahal izango baitituzte.
Sabino Arana kaleko bidezubiari dagokionez, Jose Luis Bilbaok adierazi du ezen auzokoak lasai egon daitezkeela, egitura hori kendu egingo dela, baina oraingo lehentasuna dela lanak amaitzea eta trafikoa desagerraraztea. Sabino Aranako ingurune horretan zer egingo den erabaki gabe dago; hori erabakitzen denean, eraisteko proiektua egingo da, eta proiektu horri data ipiniko zaio.
Erantsitako fitxategiak: