Hemen zaude:
Asteazkena, 2012(e)ko Uztailaren 11a 11:00
Bizkaia:xedek (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak sustatzen duen elkartea) stand bat izango du ESOF 2012 azokan, Dublinen bildutako kualifikazio handiko zientzialari eta ikertzaile ugariei ezagutarazteko zer aukera eskaintzen dituen Bizkaiak lanbide-garapenerako.
Bizkaiko Foru Aldundiak hirugarren aldiz hartuko du parte zientzia eta ikerketaren arloan Europan antolatzen den azoka nagusian: EuroScience Open Forum (ESOF). Aurten, Dublingo Convention Center-en (Irlanda) egingo da azoka hori, gaurtik hilaren 15era bitartean. Aldundiaren ordezkari Bizkaia:xede (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak sustatzen duen elkartea) joango da urte birik behin antolatzen den azoka honetara, eta stand bat izango du bertan bildutako kualifikazio handiko ehunka zientzialari eta ikertzaileei ezagutarazteko zer aukera profesional eskaintzen dituen Bizkaiak.
Beste erakunde batzuk ordezkatuz ere joango da Bizkaia:xede Dublinera, gurera 20 talentu baino gehiago erakartzeko xedearekin; besteak beste, hauek ordezkatuko ditu: CIC EnergiGUNE, Tecnalia R&I, AZTI-Tecnalia, IK4, BC3, Bial edo Biofísica Bizkaia Fundazioa. Horretarako, azokan duen standa duela erabiliz, Europar Batasun osoko ikertzaileen kezkak eta eskariak entzungo ditu. Hala, interesa duten ikertzaileek, Bizkaia:xederen webean erregistratu ondoren, beren curriculumak euskal erakundeen eskura utzi ahal izango dituzte, erakundeok hautagaien ezaugarri profesionalak aztertu eta kontratatu ahal ditzaten.
Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako elkarte horrek, Dublineko bidaia aprobetxatuz, bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu Irlandako unibertsitateek zientzialarien mugikortasunerako eskaintzen dituzten programak, bai eta eskualde horretako erakunde publiko eta pribatuek talentuak erakundeen artean mugitzeko eta haiei lotzeko sustatzen dituzten programak ere.
ESOF azoka Europako Batzordeak sustatu eta Eurosciencek antolatzen du (zientzia eta teknologia sustatzeko Europako elkartea), bi urterik behin, eta erreferentzia saihestezina da zientziari lotutako ikerketa eta berrikuntzaren arloetan diharduten eragile, aditu eta erakundeentzat.
Aurtengoa bosgarren azoka izango da, eta bertan, Europar Batasun osoko berrogeita hamar erakusketari eta beste ia 5.000 agente bilduko dira: ikasleak, ikertzaileak, zientzialariak, unibertsitateko irakasleak, erakunde espezializatuak, komunikabideak, erakundeen ordezkariak eta jende arrunta. Azokaren egunetan aukera egongo da, halaber, zientziaren eta teknologiaren azken aurrerapenak erakusteko, zientziak eta teknologiak gizartean eta politika publikoan betetzen duten egiteari buruzko eztabaida bultzatzeko eta gizarteak zientzia eta teknologiaren inguruan duen kontzientzia eta interesa pizteko.
Erakusketaz gainera, ESOF 2012 azokaren barruan mintegiak eta lan-bilerak ere antolatu dira, zientziaren munduko pertsona entzutetsuek eskainiko dituzten hitzaldien osagarri.