saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

ALDUNDIAK ABIAN JARRI DU MENDETASUNA DUTEN PERTSONEI BAINUA HARTZEN LAGUNTZEKO ZERBITZUA

Osteguna, 2012(e)ko Uztailaren 12a 10:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarri du «Hondartza denontzat» izeneko zerbitzua, mendekotasuna duten pertsonei bainua hartzen laguntzeko. Aurten, honako hondartza hauetan izango dute zerbitzua: Ereaga (Getxo), Plentzia, Isuntza (Lekeitio), La Arena (Zierbena) eta Laida (Ibarrangelu).

Bederatzigarren urtean jarraian, «Hondartza denontzat» izeneko zerbitzua jarri du abian Bizkaiko Foru Aldundiak, mendekotasuna duten pertsonei bainua hartzen laguntzeko. Horren bitartez, herritar guztiei helarazi nahi die hondartzaz gozatzeko aukera, eta eskubidea ere baden hori bermatu desgaitasunak edo mugikortasun murriztua duten pertsonei.

Bidaideak elkarteak eta Heldu federazioak bultzatzen duten programa, eta hainbat laguntzaile ditu: Bilbo Bizkaia Kutxa BBK, batetik, eta zenbait udal, bestetik –Getxo, Lekeitio, Plentzia, Zierbena eta Ibarrangelu.

Programa hau abuztuaren 31ra arte gauzatuko da, asteko egun guztietan, etenik gabe, 11:00etatik 19:00etara, La Arena (Zierbena), Ereaga (Getxo), Plentzia, Isuntza (Lekeitio) eta Laida (Ibarrangelu) hondartzetan.

Kokapena, irisgarritasuna eta demografia izan dira arrazoiak hondartza horiek aukeratzeko zerbitzu hau emateko orduan. Edizio honetan, 4.500 bat pertsonari eman ahal izango zaie laguntza; nagusiki, ezgaitasunen bat duten pertsonak eta adinekoak izango dira.

Hori dela eta, hareatzetan erabiltzeko berezia den ekipamendu tekniko oso bat jarriko da kolektibo horien eskura, bai eta programa behar bezala gauzatzen dela ziurtatzeko behar diren azpiegiturak eta laguntza pertsonalerako zerbitzuak ere.

Laguntza orokorra

Laguntza pertsonala emateko, 21 monitore espezializatu egongo dira; programa honetarako berariaz kontratatuko dira. Hondartza bakoitzean, informazio-puntu bat egongo da, hareatzaren barruan, eta handik dinamizatuko da zerbitzua. Puntu horretan eskatu ahal izango dira laguntza teknikoak eta laguntza pertsonala.

 
 
Aldundiaren logotipoa