Hemen zaude:
Osteguna, 2012(e)ko Uztailaren 26a 12:00
Nekazaritzako diputatu Irene Pardok eman dio aurtengo sariketako garaikurra, eta, Bizkaiko nekazari eta abeltzain gazteei zuzenduta, esan du gazteok oso ondo prestatuta daudela, ingurumenarekiko sentsibilitate handia dutela eta haiek bermatuko dutela sektoreak Bizkaian iraun ahal izatea eta aurrerantzean ere garatu ahal izatea.
Karrantzan esnetarako behiak dituen Unai Gutiérrez Galarza abeltzain gazteak jaso du Gaztenek Bizkaia 2012 saria, urteko balantzea egiteko eta gure hiru lurraldeetako sariak banatzeko Bilbon gaur goizean antolatu den ekitaldiaren barruan. Nekazaritzako diputatu Irene Pardok eman dio aurtengo sariketako garaikurra; gero, Bizkaiko nekazari eta abeltzain gazteei zuzendu zaie, eta adierazi die oso ondo prestatuta daudela, ingurumenarekiko sentsibilitate handia dutela eta haiek bermatuko dutela sektoreak Bizkaian iraun hala izatea eta aurrerantzean ere garatu ahal izatea. Eta, ongietorria eman ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren konpromisoa berretsi dute, eta zorionak eman dizkie lehen sektorean lan egiteko ametsa bete ahal izan dutelako.
Unai Gutiérrez Galarzak Tomas bere aitaren lekukoa hartu du. Hark duen lan-proiektuak jaso du aurtengo saria: esnetarako 120 abelburu ditu eta 45 hektarea ere bai —batzuk, jabetzean; besteak, errentan—, larretarako eta familiaren orturako. Eskerrak eman ditu Irene Pardo diputatuak emandako saria jasotzerakoan. Aurten, Bizkaiko Nekazaritza Sailari egokitu zaio sariak banatzeko ekitaldia antolatzea; dena dela, sariotan Gipuzkoako eta Arabako aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak berak ere parte hartzen dute.
Ekitaldian beste erakunde askotako ordezkariak ere hartu dute parte. Lehenengo, Gazteneken 2012ko balantzea egin dute, eta ondoren, saria eman diete nekazaritza-sektorean sartu edo mantentzeko nahia duten euskal gazteei abantailak eskaintzen dizkien plan honetara haien nekazaritzako edo abeltzaintzako proiektuak aurkeztu eta proiektu horiek aurrera eraman dituzten gazteei. Dagoeneko hiru urte dira ezarpen-fasean dauden proiektuentzako tutoretza hasi zenetik, eta, ordutik hona, 17 proiektu finkatu dira; haien sustatzaileen artean 8 emakume eta 9 gizon daude.