saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIARI HONDAKIN GUZTIAK ISURI AURRETIK TRATATZEKO AUKERA EMANGO DION TMB PLANTAKO OBRAK AURRERA DOAZ

Ostirala, 2012(e)ko Abuztuaren 3a 10:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Arraizen (Bilbo) dagoen Tratamendu Mekaniko-Biologikoko Plantak 40 milioi baino gehiagoko inbertsioa dakar eta Bizkaiari aukera emango dio aldez aurretik tratatu ez diren hondakinen isuria guztiz saihestea. Ingurumeneko Foru Diputatua den Iosu Madariagaren arabera, azpiegiturak "helburu berriak lortzeko eta hondakinen kudeaketaren esparruan nazioarte mailan leku desiragarrian kokatzeko" aukera emango du.

Bizkaiko Foru Aldundia Tratamendu Mekaniko-Biologikoko Plantaren eraikuntza epeak betetzen ari da eta obrak normaltasunez doaz aurrera. Planta berria Arraiz mendian kokatuko da, “Cantera Primitiva” izeneko eremuan, Bilbon, Zabalgarbitik metro gutxitara. Guztira 21.000 metro karratuko azalera urbanizatu eta eraikiko da; horietatik 13.000 metro karratu eraikuntzetarako izango da eta 8.000 metro karratu bideetarako.

Proiektua burutzeko 43,4 euroko inbertsioa egingo da. Planta burutzeko zenbatetsitako aurrekontuak 13 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du prozesu mekanikoan, 12 milioi eurokoa prozesu biologikoan, 11 milioi euro azpiegituretan, eta gainontzekoa proiektua abian jartzeko, agirien kudeaketarako eta lantegiko piezetarako erabiliko da. Obrak 2013ko maiatzean amaituko direla aurreikusi da.

Tratamendu mekaniko-biologikoa (TMB) hiri hondakin solidoei aurretratamendua emateko eta horiek modu berezian erabiltzeko teknologia modernoa da. Prozesu honetan sartzen dira hondakinen sailkapena, tratamendu mekanikoa eta hondakin organikoen tratamendu biologikoa. “Helburu nagusia hondakinak geldotzea da, hau da, atmosferara (biogasa) eta lurzorura (lixibiatuak) egindako kutsadurak ezabatzea” azaldu du Ingurumeneko Foru Diputatuak “Hondakinen kudeaketaren hierarkiaren arabera aldez aurretik tratatu ez diren hondakinen isuria ezabatzeko aukera emango dio Bizkaiari”.

Tratamendu mekaniko-biologikoko planta urtean 180.000 tona tratatzeko diseinatuta dago eta Bizkaiko hiriburuko hiri hondakinak tratatzeko aukera eskainiko du. Madariagak azpiegitura horren garrantzia azpimarratu du, bertan 70 lanpostu inguru sortuko baitira eta gure lurralde historikoari “helburu berriak lortzeko eta hondakinen kudeaketaren esparruan nazioarte mailan leku desiragarrian kokatzeko” aukera emango dio.

Prozesuaren deskribapena

Planta honetan egingo den prozesuak lau atal izango ditu: hondakinak hartzea, tratamendu mekanikoa, lehortzea edo ontzea eta desegokiak bereiztea.

Zaborra jasotzeko hondakinak deskargarako beheko plataforman utziko dira eta bertatik, olagarro baten bidez, uhal garraiatzaileen bidez prozesuan sartuko dira, aldez aurretik ikusizko lehen kontrola eta desegokien hautaketa eginez.

Materiala bereizteko prozesu mekanikoa

Helburua balorizatu ahal diren materialak desegokiak diren materialetatik bereiztea eta materiala tratatzea da ondoren lehortu/onzteko.

Materiala uhal garraiatzaile baten bidez mugitzen da eta tamaina bidezko hautaketa egiten da:

  • > 350mm
  • 150 – 250 mm
  • 0 - 80 mm

Tratamendu mekanikoan egiten da materialen bigarren sailkapena; infragorrien bidez material plastikoa bereizten da eta irakurgailu optiko baten bidez materialak dentsitatearen eta kolorearen arabera bereizten dira. Hondakin plastikoak haize-kolpeen bidez bereizten dira, alde jakin batera eramanez. Era berean, imanen bidez burdinazko materialak eta burdinazkoak ez direnak bereizten dira.

Biohondakina lehortzeko/onzteko prozesu biologikoa

Materialak 6 eta 10 egun bitartean egoten dira hormigoizko tunelen barnean -erreaktoreak (7mX5mX27m)-, horien osagaiak lehortu eta degradatzeko.

Materiala kapatan banatzen da aurrez ezarritako 3,3m inguruko alturaraino eta atea ixten da aireztapena lurretik automatikoko aktibatuz.

Erreaktoreen aire guztia hartu eta biofiltro batean usaina kentzen zaio.

Tratamendu biologikoak badu bigarren abantaila bat ere: hezetasuna kentzean berotzeko ahalmena areagotu egiten da. Gainera, lixibiatuak bezalako substantzia kutsatzaileak ezabatu egiten dira. Gutxi gorabehera astebete igaro ondoren, tratatu diren hondakinak erraustegira eramaten dira horien balio energetikoa aprobetxatzeko. Horrela, gainera, ez da bigarren mailako hondakinik isuriko.

 
 
Aldundiaren logotipoa