saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

ALDUNDIA, BUSTURIALDEA ESKUALDEAREN LANDA GARAPENAREKIN

Osteguna, 2012(e)ko Abuztuaren 2a 13:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Urremendi Landa Garapen Elkarteak zenbait proiektutan lan egiten du, besteak beste, on line informazioa, bertako produktuen sustapena eta GR-38 bidezidorraren seinaleztapena Urdaibaiko tartean

Nekazaritzako Diputatua, Irene Pardo, Gernikako Azokan

Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak laguntza ematen dio Urremendi Landa Garapen Elkarteari, Busturialdea osatzen duten udalerriak sustatu eta hobetzeko lanean. Elkarte horren proiektuen artean hauxe nabarmentzen da: kanpoko eta barneko sustapena eta hedapena on line komunikazio-kabinete baten bitartez. Kabinete horrek udalerriei buruzko informazioa emango luke, arazo eta beharrizanei erantzuna emateko. Horretaz gain, Urremendik kalitateko bertako produktuak hurbildu eta merkaturatzea sustatu nahi du “Baserriko produktuak” zuzeneko salmentaren bidez. Bestalde, Urdaibain GR-38 bidezidorra egokitu eta seinaleak jartzeko proiektua du, hain zuzen ere, Muxika eta Bermeo lotzen dituen tartean.

Urremendi elkartearen beste proiektu batzuk hauek dira: zaldiz joateko ibilbide egokituak ezartzea (Urdaibai Zaldi Taldea kirol eta kultur elkartea), zaldian ibiltzeko eta geroago, homologatzeko beharrezko baldintzak jarriz; Laubiden, Muxikako Maume auzoan, langa kanadarrak konpondu, egokitu eta berritzea.

Irene Pardo Nekazaritzako foru Diputatuak esan duen bezala, helburua da bizirik iraun behar dugun merkatu globalizatu batean lehiakorrak izatea, eta erronka horri begira, Aldundiak eta sektoreak proiektu askotan batera lan egin behar dute Bizkaiaren onerako. Nekazaritza Sailak laguntzen du eta elkarlanean aritzen da landa-garapenaren aldeko horrelako elkarteek egiten duten lanean. Hain zuzen ere, Urremendik Busturialdea eskualdearen garapenaren alde lan egiten du. Hauek dira Busturialdea osatzen duten udalerriak: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

Hona hemen Urremendi elkartearen beste helburu batzuk: euskal nekazaritzaren eta, oro har, landa-ingurunearen funtzioaniztasuna eta iraunkortasuna bermatzea eta sustatzea ekonomi, gizarte, ingurumen eta kultur arloetan, bai eta jendez husteko prozesuak geldiaraztea ere; landa-eremuen oinarrizko identitate-ezaugarriak zaintzea; nekazaritzaren lehiakortasuna sustatzea landa-eremuan garapen endogenoari buruzko proiektuei ekiten dieten enpresen aurrean (nekazaritzako elikagaien enpresak, landa turismokoak, nekazaritza ekologikoaren arlokoak…); landa inguruneko enpresa eta egitura ekonomikoen lehiakortasuna areagotzea; administrazio eta erakunde publiko ezberdinen neurriak eta jarduketak bateratzea.

Helburu horiei begira, Urremendi elkarteak hainbat jarduera garatzen ditu baliabideak optimizatzeko. Gainera, dauden plan, zuzkidura, baliabide eta proiektuei buruz oso informazio sakona ematen du elkarteak, eta, bide batez, informazioa trukatzea errazten du. Azkenik, interes berezia jartzen du administrazio guztietatik (hurbilenekoak nahiz EB) sustatzen diren landa-eremuen garapenerako plan eta programen kudeaketan laguntzeko.

 
 
Aldundiaren logotipoa