Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Irailaren 11a 09:45
Bizkaiko Ogasun eta Finantzen Foru Sailak dagoeneko amaituta du jolas-makinen sektorean lan egiten duten eragile gehienen erregularizazioa, eta 21 milioi euroko iruzurra atzematea lortu du.
Bizkaiko Ogasun eta Finantzen Foru Sailak dagoeneko amaituta du gure lurralde historikoan jolas-makinen sektorean lan egiten duten eragile gehienen erregularizazioa. Horretarako, urtebete pasatxo behar izan da eta zenbait bilera egin dira sektore horretako ordezkariekin; emaitza: 21 milioi euroko iruzurra.
2010. urtearen amaieran hasi zen ikerketa. Horretarako, Foru Aldundiko Ikuskapeneko funtzionarioak harremanetan jarri ziren Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzarekin. Izan ere, Bizkaiko Ikuskaritzako funtzionarioek eginiko informazio-eskaera hori funtsezkoa izan da jolas-makinen arloko eragileek azken lau urteotan eginiko iruzurra deskubritzeko. Hain zuzen ere, 2010. urtearen amaieran eta 2011. urtearen hasieran zenbait gestio egin ziren, Ertzaintzak 2005-2010 urteen artean EAEko jolas-makinei egindako akta guztien kopiak lortzeko.
Informazioa lortuta, informazio hori Foru Aldundiaren Ikuskaritzako sistema informatikoetan sartu zen, eta, hainbat prozesu eta azterketa egin ondoren, balizko iruzurgileen zerrenda lortu zen. Zerrenda horretan jolas-makinen sektoreko hainbat eragile zeuden: 85 enpresa eta 42 pertsona fisiko.
Aurretik esan bezala, sektore horretako ordezkariekin zenbait bilera egin eta gero, urtebete pasatxo behar izan da eragile horien arteko gehienen egoera erregularizatzeko, eta, ondorioz, 21 milioi euroko iruzurra aurkitu da.
Ikerketa hau ere Foru Aldundiak zerga-iruzurraren aurkako borrokan egiten duen lan handi eta jarraituaren barruan sartzen da. 2011. urtea bera bakarrik hartuta, 560 milioi euroko iruzurra atera zuen argitara Aldundiak, uztezko delituen 16 txosten bidali zituen Fiskaltzara eta Bizkaiko zergadunen 49 milioi datu baino gehiago trukatu zituen beste zerga-administrazio batzuekin.