Hemen zaude:
Osteguna, 2011(e)ko Apirilaren 14a 18:35
Erakusketa honek esperimentazio eta bilaketa artistikoari eta arteari buruzko gogoetari dagokienez nazioartean erreferentzia den Italiako erakunde horren inguruan bildutako artista talde baten lanak biltzen ditu
Orain Balmasedara datorren proposamen kreatibo hau "bidaia" kontzeptutik sortu da, baina bidaia hori esperientzia kontzeptual gisa ulertuta, eta Casa Falconieri-n lan egiten duten artistek ibilitako bidea islatzen du
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatu eta Boinas la Encartada Museoa fundazioko presidenteorde Josune Ariztondok Bidaiariak/Viaggiatori/Viajeros erakusketa aurkeztu du Jauregiko prentsa aretoan. Aurkezpenean, Ariztondo andrearekin batera, Sardiniako (Italia) Casa Falconieri ikerketa artistikoko zentroko Gabriella Locci eta Dario Piludu (presidentea eta presidenteordea, hurrenez hurren) egon dira.
Hogeita hamar bat lan biltzen ditu erakusketak, formatu eta osaera ezberdinekoak, sormenaren inguruko esperimentazioan nazioartean erreferente den ikerketa artistikoko zentro horretan lanean diharduten 10 egilek egindakoak.
Orain Boinas La Encartada Museoan izango dugu ikusgai “Bidaiariak/Viaggiatori/Viajeros” erakusketa, museoa eta Ikas-Art Bilbao dira-eta Casa Falconierirekin elkarlanean diharduten euskal kultur instituzio bakarrak.
Sardiniako artisten kolektiboko arduradunek diotenez, “Bidaiariak/Viaggiatori/Viajeros” erakusketa “bidaia” kontzeptutik sortu da, baina bidaia hori saiakera kontzeptual, fisiko eta sentsorial gisa ulertuta, eta Italiako elkartearen laborategian garatu, elkarren artean irakatsi eta sortu diren eta han lan egin eta esperimentatu duten autoreen artean sortu den loturaren ondorioa da. Emaitza elkarren artean nahastu, urrundu eta berriro elkartzen diren ibilbideen amalgama bat da.
Casa Falconieri kultur laborategia Sardinia uhartean (Italia) jaio zen, 1992an, hau da, Boinas la Encartada fabrika itxi eta Enkarterrin museo gisa etapa berriari ekin zion data berean.
Hogei urteko ibilbide laburrean, Falconieri erakundearen arte-filosofiak aitorpen berezia lortu du bere estetika bereziarekin. Estetika horrek kontzeptuak aldatzen ditu eta irakasletik ikaslera trasladatzen den bilaketan eta esperimentazioan du oinarria.
“Bidaiariak/Viaggiatori/Viajeros” gaur aurkezten zaio Bizkaiko gizarteari eta euskal gizarteari, baina jende guztiarentzat datorren ostiraletik, apirilaren 15etik, aurrera egongo da zabalik —sarrera dohain izango da—, Boinas La Encartada Museoan, ekainaren 26a arte.
Erantsitako fitxategiak: