saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

OSASUN SAILBURUARI EGIN DITUEN ADIERAZPENAK ZUZENTZEKO ETA LEIAL JOKATZEKO ESKATU DIOTE FORU ALDUNDIEK

Asteartea, 2011(e)ko Apirilaren 19a 12:14

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuari egindako elkarrizketa dela eta, "El País"-en 2011ko apirilaren 17an, igandean, argitaratu zena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek uste dute beharrezkoa dela honako adierazpen hauek egitea:

Arreta soziosanitarioaren eremua beti hartu izan da osasun eta gizarte zerbitzuen garapenean eskumena duten erakundeen topa-gune gisa; gizarte zerbitzuek eta osasun sistemak partekatzen duten gunea, 2008ko abenduaren 5eko zerbitzu sozialen Legearen 43. artikuluak dioenaren arabera, honakoa adierazten baitu: "Arreta soziosanitarioak pertsonentzako zaintzen multzoa hartuko ditu, osasun arazo larriengatik edo muga funtzionalengatik eta/edo gizarte bazterkeria izateko arriskuagatik, aldi bereko arreta sanitarioa eta soziala behar dutenak, koordinatua eta egonkorra, arretaren jarraipen printzipioari egokitua”

2003 urtetik, hau da, Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek Gune Soziosanitarioaren Garapenerako Erabakia sinatu zutenean, erakunde sinatzaileek leialtasunez eta indarrez lan egin dute arreta soziosanitario horren garapenean Euskadin.

Orain arte, EUDELen ordezkaritza duten Euskadiko udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak berak euren eskumenen arabera lan egin dute eremu horretan, indarrean dagoen araudian ezarritakoarekin bat eginez, beste lege batzuen artean hauek ere dituena, LHL eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Legea.

Hala ere, elkarrizketa horretatik ondorioztatzen denaren arabera, Osasun sailburuak ez du uste lan koordinatu hori posible denik eta bere gobernurako eremu horren kudeaketa berak bakarrik izatea eskatu du, are gehiago, lurralde modeloaren aldaketa eskatu du. Foru aldundiek gizarte zerbitzuen gaian duten eskumenen aurkako eraso zuzena izateaz gain, jarrera desleiala da arreta soziosanitarioaren garapenean parte hartzen duten gainerako erakundeekin.

Osasun sailburuak gaur arte garatu den talde lanarekiko duen interes faltaren froga da bi urte eman dituela Arreta Sozio-sanitarioaren Euskal Kontseiluaren lehen bileraren deialdia egiteko. Eta bere desleialtasunaren froga da, lehen bilera horretan, orain gutxi egin dena, ez zuen elkarrizketan adierazten duenaren antzeko ezer azaldu. Izan ere, etorkizuneko ildo estrategikoak jasotzen dituen dokumentua onartu zen, ez zen aipatu ere egin hirugarren sarea sortzearena, ezta Eusko Jaurlaritzak bakarrik gai soziosanitarioen eskumenak bere gain hartzearena ere.

Hortaz, egindako lanean eta hartutako konpromisoetan jarritako konfiantzaren galera gertatu da, onartu ezin daitekeen erakunde desleialtasuna. Horregatik, hain zuzen, eskatzen diogu Osasun sailburuari bere adierazpenen zuzenketa egitea; eta egiten ez badu, Arreta soziosanitarioaren Euskal Kontseilurako premiazko deia egitea eskatuko dugu, gertatutakoari buruzko geure iritzia azaltzeko eta geure etorkizunerako estrategia finkatzeko.

Urte askotako lankidetza galtzea eta lortu dugun marko juridikoaren subertsioa ekarriko duen aldebakarreko edozein jarduketaren aurrean, foru aldundiak prest gaude Arbitraje batzordera jotzeko geure interesak defendatzeko.

Forua aldundiek pentsatzen dugu polemika antzuak sortu ordez, hobe litzatekeela Osasun Sailak honako honetan jartzea bere ahaleginak: hiru Lurralde Historikoen hitzarmen soziosanitarioen estaldura homogeneizatzea eta handitzea (kolektiboa keta zerbitzuak gehitzea) eta hainbat kolektiboen arretan esku hartzea, zeinetan foru aldundiek, euren aurrekontuekin, eduki sanitario handia duten zerbitzuak garatu dituzten, besteak beste, bat-batean gertatutako garuneko gaitza duten pertsonentzako eta egoera begetatibo iraunkorrean dauden pertsonentzako zerbitzuak.

Foru aldundiek jarraitzen dugu sinisten erakundeen lana eremu honetan koordinazioa eta lankidetza areagotzea eta hobetzea dela, leialtasunetik eta bakoitzaren eskumenen errespetutik, herritarren premiei gehiago eta hobeto erantzuteko.

 
 
Aldundiaren logotipoa