saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BILBO-BIZKAIA STANDAK 8.000 PERTSONA HARTU DITU KATALUNIAKO TURISMO AZOKAN

Asteazkena, 2012(e)ko Apirilaren 25a 13:35

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Gastronomia, kultura eta arkitektura izan dira interesdunen kontsulten gai nagusiak, baita natura eta kostaldea ere; horiek izan dira Bilbo-Bizkaiak azoka honetan aurkeztu dituen balio sendoak

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak egungo krisi ekonomikoko testuinguruan dinamismoa mantendu dute

BILBO BIZKAIA (BI2) marka turista katalanen lehentasunezko helmuga gisa finkatu da. Apirilaren 20tik 22ra egin den Kataluniako Nazioarteko Turismo Azokan 8.000 bat pertsona hurbildu dira standera.

Topaketa hau, FITURekin batera, urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat bidaien zaleentzat, eta aukera bikaina izan da Bilbo-Bizkaiak Kataluniako merkatuan duen presentzia indartzeko. Aipatzekoa da erkidego hori dela lurraldera bisitari gehien bidaltzen dituena, Madrilekin batera.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak balorazio positiboa egin dute eskaintza turistikoak topaketa honetan izan duen harreraren inguruan. Aurtengoa Bilbok azoka horretan bere eskaintza aurkeztu duen bigarren aldia izan da, 2011n hiri gonbidatu gisa parte hartu baitzuen.

Azokaren hiru egunetan, standa erreferentziazko gune bihurtu da SITCko bisitarientzat. Standera hurbildu diren pertsonek gure herrialdeko inguru turistikoen, zerbitzuen eta xarma berezia duten guneen gaineko interesa agertzeaz gain, aktiboki parte hartu dute bertan programatu diren jardueretan.

Horren harira, azpimarratzekoa da gastronomiari, kulturari eta arkitekturari buruzko kontsultak izan direla ohikoenak aurten ere, baita naturari eta kostaldeari buruzkoak ere, hau da, Bilbo-Bizkaia eskaintzaren baliorik sendoenen ingurukoak.

Bestalde, Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturarekin batera antolatu diren dastaketek arrakasta bikaina izan dute eta beteta egon dira topaketa osoan; are gehiago, aurreikusitakoa baino dastaketa bat gehiago programatu da interesdun guztiei erantzuteko.

Kontaktu profesionalak

Kataluniako Turismoaren Nazioarteko Azokan, Bilbo-Bizkaiko zuzendariak eta teknikariak Bartzelonako agente eta profesional turistiko nagusiekin elkartu dira; izan ere, helmugaren komertzializazioaren ikuspuntutik gune estrategikoa eta ezinbestekoa da Bilbo-Bizkaia merkatu berrietan kokatzeko eta BI2 produktua jada presentzia duen plazetan eta kanaletan finkatzeko.

 
 
Aldundiaren logotipoa