Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Maiatzaren 22a 10:45
Dekretuaren artikulu batzuk aldatzea onartu da gaur eta horri esker, desgaitasunen bat duten pertsonek laguntzarako eskabidea egiten dutenetik eskabideak ebatzi arteko batez besteko denbora murriztea lortuko da. Berrikuntza horiekin, eskabideak aurkezteko epea zabaltzen da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartu du desgaitasunen bat duten pertsonen autonomia produktu eta metodo teknologikoen bitartez sustatzeko laguntzak ematea arautzen duen dekretua aldatzea. Deialdia zabalik dago. Urteak dira Gizatek zerbitzua abiarazi zutenetik; horri antolakuntza arrazoiak gehituz gero, beharrezkotzat jotzen da aipatutako dekretua aldatzea, izapideak arindu eta errazteko, eta eskabidea egiten denetik ebatzi arteko denbora laburragoa izatea lortzeko. Gizarte Ekintza Saila arduratako da, besteak beste, orain arte GUFEren gain zeuden administrazio eginkizun batzuk egiteaz.
Hemendik aurrera ez da inolako baldintzarik eskatuko, erakutsi, sentsibilizatu, prestatu eta hedatzeko jardueretarako prestazioak jasotzeko. Orientazioko prestazioa jasotzeko, gutxienez I. graduko II. mailako mendetasun-egoera onartuta eduki beharko da.
Orientazioa jasotzeko eta laguntzeko produktuaren egokitasunari buruzko txosten teknikoa lortzeko eskabideak (I. eranskina) GIZATEKen bulegoetan aurkeztu behar dira: Bilboko Maria Diaz Haroko kalea, 28 behea (48013).
Mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko produktuak erosteko diru-laguntzetarako, 300.000 euro gehiago jarri ditu Bizkaiko Foru Aldundiak azken urteotan. Horrela, pertsona horiek autonomia handiagoa izateko tresna eta zerbitzuak eskuratzeko aukera izango dute. Helburu horretarako, Gizarte Ekintza Sailak guztira 1.300.000 euro erabiliko ditu autonomia pertsonala murriztua duten pertsonen beharrei erantzuteko.
Zerbitzu horrek Gizarte Ekintza Sailaren eginkizun hauei erantzuten die: desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten pertsonen prebentzio, detekzio, diagnostiko, tratamendu, orientazio eta integraziorako politika zehaztu eta burutzea, haiek behar duten laguntza espezializatua eta herritar legez dituzten eskubideak gozatzeko behar duten babesa barruan daudela.
Gizatek gizarte zerbitzu publiko bat da; bere xedea da orientazioa ematea jarduteko mugak edo gizartean parte hartzeko murrizketak dakartzan desgaitasunen bat edo mendekotasun egoeraren bat duten pertsonei, pertsona horiek gizarteratzea eta haien autonomia sustatzea, muga horiek produktu eta metodo teknologikoak aplikatuta konpentsatu edo arindu ahal direnean. Helburua hauxe da: jarduteko mugak edo gizartean parte hartzeko murrizketak dituzten pertsonen autonomia sustatzea eta pertsona horiek gizarteratzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak desgaitasun edo mendetasun egoeraren arabera egokiak izan daitezkeen laguntza produktuei eta metodo teknologikoei buruzko orientazioa ematen du.
Gizatek-ek hauxe eskaintzen du: laguntza produktuen erakusketa iraunkorra María Díaz de Haro kalea 28ko egoitzan; prestazioak jasotzeko aholkularitza; produktuak eskuratu eta mailegatzeko diru-laguntzari buruzko aholkularitza; orientazioa eskatzailearen autonomia pertsonala hobetzeko balio dezakeen edozein alderdi teknikoren gainean, egokitasunari buruzko txosten tekniko bat idatzita, eta, azkenik, mendetasun-egoeran dauden edo desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko produktuak erosteko diru-laguntzen eskabideen izapideak egitea.