Hemen zaude:
Ostirala, 2012(e)ko Ekainaren 29a 11:30
Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council (BI2DC) organoak eginkizun hauek izango ditu: Bizkaiko hiriburua eta lurraldea nazioartean proiektatzea sortzeko gune gisa, arlo honetako eragile eta ekimen guztiak batzea, arloarekin zerikusia duten nazioarteko ekitaldiak antolatzea, eta diseinuari lotutako nazioarteko aintzatespenetarako hautagaitzak prestatzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak hitzarmen bat sinatu dute diseinua eta sormena sustatzeko lankidetza-organo bat sortu eta abiarazteko: Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council (BI2DC). Organo horren bidez, erakunde biek arlo honetan egiten duten apustua proiektatu ahal izango dute nazioartean.
Ekimena Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak eginiko gogoeta baten emaitza da; gogoeta horren ondorioz, egiaztatu zen, batetik, erakundeen arteko lankidetza balio handikoa dela Bilbao-Bizkaia nazioartean proiektatzeko, eta, bestetik, diseinua eta sormena oso garrantzitsuak direla herriak eta hiriak nazioartean proiektatzeko nahiz tokiko talentua mobilizatzeko.
Aurrekoak oinarri izanda, erakunde biek lankidetza-hitzarmen bat egin dute, arlo honetan dituzten politikak eta ekimenak koordinatu ahal izateko; lehentasunezko lau jardun-eremu ezarri dituzte horretarako: garapen ekonomikoa, prestakuntza eta ikerketa, Administrazioa eta gizartea, eta lurraldearen proiekzioa.
Eremu horietako bakoitzaren barruan, garatu beharreko jarduera batzuk biltzen dira, esaterako hauek: diseinuari eta sormenari bereziki lotuta dauden sektore ekonomikoak garatzea (diseinu industriala, moda, altzariak, bideojokoak, ikus-entzunezkoak eta ekonomia digitala), Bizkaian diseinu industrial arloko graduko eta graduondoko ikasketak sustatzea eta ekodiseinuko prestakuntzan laguntzea, inguruan eta hiri-garapenean diseinua sustatzea, tokiko merkataritzan diseinua sustatzea produktu eta zerbitzuak eskaintzeko elementu dinamizatzaile gisa, eta enpresan, prestakuntzan, hirigintzan eta gizartean abiarazitako jarduerak zabaltzea nazioartean, diseinuari eta sormenari lotuta Bilbao-Bizkaiaren irudi moderno bat proiektatzearren.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza bideratzeko, aldian-aldian bilerak egingo dira eta etengabeko komunikazio bide bat ezarriko da arduradunen artean, erakunde biek jarduerok sustatu ahal izateko. Beraz, diseinu arloan nazioarteko proiekzio hori egiteko tresna izan dadin, Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Council sortu da.
Honako eginkizun hauek ditu organoak: Bilbao-Bizkaia nazioartean proiektatzea diseinu eta sormenaren lurralde gisa, arlo honetako eragile eta ekimen guztiak bateratzea eta arloari lotutako nazioarteko foro eta erakundeetan proiektatzea, diseinu eta sormenari lotutako nazioarteko ekitaldiak antolatzea, Bilbao-Bizkaiaren aurkezpena antolatzea arlo honetan egiten diren nazioarteko ekitaldietan, diseinuari lotutako nazioarteko aintzatespenetarako hiriaren eta lurraldearen hautagaitzak prestatzea, eta sustatzeko estrategia honi laguntzeko beste baliabide-iturri batzuk lortzea (sustatzaileak, finantza-erakundeak, eta abar).
BI2DC organoaren egituran, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Bilboko alkatea izango dira buru, eta organoa ordezkatuko dute hala behar den egintza, ekitaldi eta erakunde guztietan; horrez gainera, buru arituko dira Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Councilen bileretan.
Era berean, batzorde exekutibo bat egongo da; Aldundiaz eta Udalaz gainera, instituzio bien mende dauden eta organoaren helburu berak dituzten erakundeak ere ordezkatuta egongo dira. Batzorde exekutiboak nazioarteko proiekzioaren estrategia onartuko du (zein ekitaldi edo foro erakarri behar diren edo zeinetan parte hartu behar duen BI2DC organoak), bai eta jardueren aurrekontua ere.
Zuzendaritza batzordeak osatuko du Bilbao-Bizkaia Design & Creativity Councilen egitura; honako hauek egongo dira batzorde horren barruan: Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta, horiez gain, hirian eta lurraldean diseinua eta sormena garatzeko ekarpen handia egiten duten erakundeak. Foroan, bi erakundeek jakinarazi ahal izango dute zein jarduera egingo dituzten eremu estrategiko bakoitzean; elkarteek aukera izango dute arloan dituzten ekimenen berri emateko, eta bi erakundeek eskatu ahal izango diete elkarte horiei laguntza ekonomikoa eman dezatela BI2DCren barruan nazioarteko proiekziorako jarduerak egiteko.
Organoak, gainera, urteko foro bat antolatuko du diseinu eta sormenaren arloan diharduten erakunde, elkarte, instituzio eta entitateekin, baldin eta adierazpen bat sinatzen dute BI2DCren proiektuarekin konpromisoa hartzeko. Aldundiaren eta Udalaren ekimenak zabaldu eta aztertzeko balioko du foroak, eta erakundeon parte hartzea sustatzeko jarduera-ekimen berriak sortu eta zehaztean.
BEAZ sozietatea arduratuko da organoaren idazkaritza nagusiaz; erakunde hori Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailari atxikitako sozietate publikoa da. Horrez gainera, sozietate publikoa BI2DCren egoitza izango da, eta, ondorioz, organoaren jarduera kudeatuko du eta haren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide teknikoak jarriko ditu.