Hemen zaude:
Osteguna, 2011(e)ko Apirilaren 14a 12:15
Bitarteko inprimatuetan egindako ilustrazioak (liburuak, kartelak, grabatuak, inprimaki txikiagoak, etab.) Bizkaian izan duen bilakaeraren laburpen historikoa eta grafikoa egiten du erakusketa honek.
Hau da gure lurralde historikoko ilustrazio grafikoaren bost mendeko historia biltzen duen lehenengo erakusketa; izan ere, diziplina artistiko hori gurean ez zaio inoiz erakustaldi espezifikorik egin.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako diputatu Josune Ariztondok “Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX): odisea grafikoa/Ilustradores en Bizkaia (XVI-XX): una odisea gráfica” izeneko erakusketa aurkeztu du, Foru Jauregiko prentsa-aretoan (Diputazioa kalea, 7, beheko solairua). Egun horretatik bertatik ekainaren 25era arte egongo da ikusgai Foru Liburutegiko areto nagusian.
“Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX): odisea grafikoa/Ilustradores en Bizkaia (XVI-XX): una odisea gráfica” lehen mailako erakusketa bat da, eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren emaitza da. Bada, horri esker, XVI. eta XX. mendeen arteko hainbat material bildu ahal izan dira Foru Liburutegiko areto nagusian: mota ezberdinetako berrehun ilustrazio baino gehiago, eskuizkribuak, inprimatutako liburuak, grabatuak, kartelak, etab.
“Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX): odisea grafikoa/Ilustradores en Bizkaia (XVI-XX): una odisea gráfica” izeneko erakusketaren bidez, Bizkaiko ilustrazioaren historia grafikoa ezarri ahal izan da. Historia horrek XV. mendearen azken hamarkadatik ia gaur egun arteko aldia hartzen du.
Erakusketa prestatu bitartean, oraintsu arte ezezagunak ziren autoreak aurkitu eta ezagutu ahal izan dira, adibidez, lehen miniaturagile bizkaitarra, Bachiller Ibarra errenazentista (XVI. mendearen hasieran aritu zen). Halaber, Mendieta margolari bizkaitarrak XVII. mendean eskuz ilustratu zuen liburu bat azaleratu ahal izan da.
Erakusketa jendaurrean jartzeko garatutako ikerketak ahalbidetu du Antzinako Erregimeneko lehen grabatzaile xilografiko eta kalkografikoen zerrenda zehaztea. Gero, XIX. mendean, ikerketa horri esker, lurralde historikoko lehen inprimatze litografikoen eta koloretakoen kronologia zehatza egituratu ahal izan da. Halaber, ibilbide horretan, José Bringas litografiaren lan grafikoa berreskuratu da. Autore hori publizitate-ilustrazioaren sustatzailea eta lehen euskal komikiaren autorea da.
Félix Borne Muruaga marrazkigile eta ilustratzailea –komiki batzuen egilea eta Francoren diktadura garaian euskaraz argitaratutako obren sustatzailea- XX. mendeko ahanzturatik atera da. Lasheras Madinabeitia eta Nicolás Martínez Ortizen lanak ere berreskuratu dira, eta lanon balioa ezagutarazten da erakusketan. Autore horiek abangoardia estetikoaren ordezkari nagusi gisa agertzen dira.
Erakusketak bitarteko inprimatuetan egindako ilustrazioak (liburuak, kartelak, grabatuak, inprimaki txikiagoak, etab.) Bizkaian izan duen bilakaeraren laburpen historikoa eta grafikoa egiten du, eta horretarako, mota ezberdinetako lanak -eskuizkribuak, inprimatutako liburuak, grabatuak, kartelak, etab.- erakusten dira, haiek guztiak erakunde publiko eta pribatu hauek lagatakoak:
Erakusketa prestatu bitartean, Juan Carlos Eguillor marrazkigilea hil egin zen. Horregatik, ondo merezitako omenaldia egiten zaio, erakusketan leku berezi bat utziz.
Erakusketa sei paneletan edo gai gunetan antolatzen da, honela sailkatuta:
Eskuizkribuen edertzapena Bizkaiko ilustrazio grafikoaren historiaren lehen urratsa izan zen, kronologikoki liburuaren eta estanpa inprimatuaren aurrekoa izan baitzen. Bizkaiko eskribau, kaligrafo, margolari eta miniaturagileek pergamino, bitela eta papera erabili zituzten tinta, ur-kolore, akuarela, tenpera, olio-pintura, eta abarrez margotutako dokumentuak egiteko.
Bizkaiak XVI. Mendean izkribu-kopiatzaileen artea berriztatu zuten bi kaligrafo bikain dauzka: Juan de Iciar eta Pedro de Madariaga. Kaligrafia zaharberritu eta aberasteagatik mugarria jarri zuten bi kaligroek.
Bizkaiko XVI. mendeko ikonografia inprenta Bilbora heldu aurreko kanpoko argitalpenetan islatuta dago.
Inprenta 1577. urtean heldu zen Bizkaira, Matías Mares inprimatzailearen eskutik. Une hartatik aurrera, hainbat tipografo-belaunaldik inprimatuko zituzten era guztietako argitalpenak, gehienetan ofizialak eta erlijiosoak.
Ilustrazioak xilografian edo egur-grabatuan egin ziren, eta geroago, kalkografian edo baxuerliebe-grabatuan. Motibo heraldiko eta erlijiosoak izango ziren nagusi Bizkaiko ikonografia grafikoan.
Litografia XIX. mendean agertzeak Bizkaiko liburuaren ilustrazioaren bultzada handia ekarri zuen. Eskaera grafikoaren ondorioz, mende honetan ilustratzaileen kopurua handitu zen, eta horrek aberastasun handiagoa ekarri zien lan inprimatuei. Garai honetan, tokiko liburu ilustratu erromantikoak bere unerik garrantzitsuena bizi izan zuen.
Nobezentismoa eta Abangoardia nagusi izan ziren arte grafikoetako ilustrazioaren garapenean, gerra zibilera arte.
Frankoren garaiak artisten sormena murriztuko zuen. Ondorioz, zapuztuta geratu zen euskal kulturako lehen pizkundea, orduan bere estetikaren bila zebilena.
Trantsizio demokratikoarekin batera, ilustratzaileen belaunaldi berri batek Bizkaiko panorama grafikoa berriztatu zuen. Industria arte grafikoen garapenaren sustatzaile nagusia izango zen.
Juan Carlos Eguillor (Donostia 1947-Madril 2011). Eguillor pasa den martxoan hil zen -beti esaten zuen bilbotarra zela adopzioz-. Haren heriotzak Trantsizioko ilustratzaileen belaunaldi bikaina itxi eta osatu du.
Haren estiloak -garratz eta kritikoa “eukal munduarekin”- naïf korrontearen eta pop art-en eragina jaso zuen. 1968. urtean, “Las aventuras de Mari-Aguirre” argitaratu zuen, eta “Triunfo” aldizkarian eta “Hermano Lobo” umore-astekarian kolaboratzaile aritu zen. Hamar urte geroago, Bilboko jaien kartel mitikoa diseinatu zuen. 1983. urtean, “Premio Nacional de Ilustración Infantil” saria jaso zuen.
Erakusketak, lanen katalogo zabalaren artean, zenbait lan orijinalentzat hartzen ditu, edo adituek dioten moduan, “ezinbesteko”tzat. Honako hauek dira:
“Ilustratzaileak Bizkaian (XVI-XX): odisea grafikoa/Ilustradores en Bizkaia (XVI-XX): una odisea gráfica” erakusketa doakoa da, eta 2011ko apirilaren 13tik ekainaren 25era bitartean ikusgai egongo da, Foru Liburutegiko areto nagusian, ordu hauetan: