saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

RAMON CARRERAREN ERAKUSKETA GERNIKAKO EUSKAL HERRIA MUSEOAN

Asteartea, 2011(e)ko Apirilaren 19a 19:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Erakusketa hau Gernikak jasandako bonbardaketaren inguruan museoak egindako erakusketa-zikloaren barruan sartzen da

Bizkaiko Foru Aldundiak Ramon Carrera eskultorearen (Madril, 1935) erakusketa bat antolatu du Gernikako Euskal Herria Museoan. “Ramón Carreraren Gernika” da erakusketaren izenburua eta apirilaren 19tik (asteartea) ekainaren 19ra egongo da zabalik.

Erakusketa zabaltzeko ekitaldian, Aldundiko Kulturako diputatu Josune Ariztondo, Ramon Carrera bera eta EHUko irakasle eta erakusketaren komisario Xabier Sáenz de Gorbea egon dira.

Erakusketa honek hamasei pieza biltzen ditu —bost eskultura, hamar collage eta argazki bat—, 1970etik 2008ra bitartean egindakoak. Pieza horiek egileak, Ramon Carrerak, material ezberdinekin egindako esperientzien multzo bat eratzen dute. Bada, esperientziok materiaren tratamendu informal eta espresionistagatik nabarmentzen dira.

Erakusketa hau azken lau urteetan Gernikako bonbardaketaren inguruan Euskal Herria Museoak antolatu dituen erakusketen zikloaren barrukoa da. Erakusketa horien bitartez gertaera larri hori islatzen duten euskal sortzaile ospetsuenen arte-esperientziak bildu nahi dira.

Aurreko erakusketetan sortzaile hauen lanak erakutsi dira: Jorge Oteizarenak (1908-2003), 2010eko martxoan; Nestor Basterretxearenak (1924), 2009ko apirilean, eta Remigio Mendibururenak (1931-1990), 2008ko apirilean.

Ramon Carrera: Euskadiri barru-barrutik lotutako sortzaile bat

”Ramón Carreraren Gernika” lana aurkeztera datorkigun sortzaile hau Madrilen jaio zen, 1935ean, baina 8 urte zituela Euskadira etorri zen, eta, harrezkero, hemen egin ditu bere lan-ibilbidearen eta bizi-ibilbidearen zati handiena.

1953. urtean, lehenengo geratu zen Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolako modelatu sariketan. Lehenengo erakusketa, berriz, 1959an egin zuen, “Dos pintores y un escultor” izenburupean, Asociación Artística Vizcaínan. Urtebete beranduago, Parisera joan zen, eta 1964an itzuli zen Bilbora.

Azpimarratzekoa da Emen taldearen sortzaileetako bat izan zela, 1966. urtean, Agustín Ibarrola, Mari Dapena y Vicente Larrea bezalako artistekin batera. Jakina denez, ikerketa-talde horrek garaiko arte-joera berrienetan sartzeko egin zuen lan, nahiz eta lan hori ez zen batere erraza diktadurako egoera politikoa kontuan hartuta, egoera ez baitzen sormen-espazio berriak irekitzearen aldekoa.

Urte horietan zehar, nazioko zein nazioarteko hainbat erakusketa esanguratsutan hartu zuen parte Carrerak, eta, aldi berean, arteari eta sozializazioari lotutako espazio berritzaileak sustatu zituen. Lehenengo erakusketa indibiduala Bilboko Mikeldi galerian egin zuen, 1972an; ordutik hona, bere eskulturez osatutako erakusketa ugari egin ditu Euskal Herriko hainbat erakustokitan.

1981. eta 1985. urteen artean, eskultura irakaslea izan zen Bilboko Arte Eder Fakultatean.

Euskal Herria museora dakarkigun “Ramón Carreraren Gernika” hau eskulturaz eta collagez osatutako ekarpena da: pieza batzuk bilduma partikularretatik datoz, beste batzuk artistarenak dira. Bada, pieza horien guztien bidez aukera aparta eskaintzen digu gogoeta egiteko eta, era berean, euskal gizarte osoaren eta, batez ere, belaunaldi gazteenen diskurtsoan eta sentimenduan txertatzeko gure memoria historikoa. Hori da erakusketa honen oinarrian datzan helburua.

 

Erantsitako fitxategiak:

Dokumentuak

 

Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.

 
 
Aldundiaren logotipoa