Hemen zaude:
Asteazkena, 2011(e)ko Apirilaren 27a 12:00
Anjel Lerxtundi idazlea (Orio, 1948) eta Inazio Mújica editorea -moderatzaile arituko da- protagonista izango dira bihar, apirilak 28 (osteguna), Irakurketa Txokoaren beste edizio batean. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak otsailetik urtearen amaiera arte antolatzen du Irakurketa Txokoa, hilean behin –gaztelaniaz eta euskaraz, txandaka-.
Irakurle talde horien bidez, irakurketan interesatuta dauden eta esperientziak, sentsazioak eta pentsamenduak komunikatzeko gogoa duten pertsonak biltzen dira. Idazle eta irakurleen arteko topaleku bilakatu da.
Egileek beren azken lana komentatuko dute edo idatzi edo irakurri dituztenen arteko gogokoena, eta entzuleak beren gogoeten partaide egingo dituzte.
Oraingoan Lerxtundi idazleak “Eskarmentuaren paperak“ liburua aukeratu du, haren gainean berba egiteko. Lertxundik Irakasleen Unibertsitate Eskolako ikasketak eta Filosofia eta Letrak ikasi zituen, Donostian, Erroman eta Valentzian, eta urte batzuetan, irakasle eta kazetari jardun zuen. Haren lehenengo liburu argitaratua “Hunik arrats artean” bilduma izan zen, eta ordutik, eleberriak eta ipuinen bildumak argitaratu ditu. Halaber, artikuluak eta entseguak idatzi ditu, eta gazte eta umeentzako literatura egin du.
Haren lanen artean, honako narrazio liburu hauek daude: "Goiko kale" (1973), "Aise eman zenidan eskua" (1979), "Hamaseigarrenean, aidanez" (1983), "Carla" (1989), “Lurrak berdinduko nau” (1990), "Kapitain Frakasa" (1991), "Otto Pette", "Piztiaren izena" (1995), "Azkenaz beste" (1996), “Argizariaren egunak” (1998, Euskadi Literatura saria), “Lehorreko koadernoa” (1998), “Zorion perfektua” (2002), “Ihes betea” (2006), eta “Zoaz infernura, laztana” (2008) eleberriak; “Konpainia noblean” (2004) narrazioen liburua; “Gogoa zubi” (1999) y “Mentura dugun artean” (2001) entseguak, eta “Italia, bizitza hizpide” (2004) kronika liburua.
Datozen hileetan, hainbat lagun etorriko dira topaketetara: Francisco Javier Irazoki, Eider Rodríguez, Maria Maizkurrena eta Eli Tolaretxipi, eta, zikloa bukatzeko, Bernardo Atxaga, azaroan. Lehenago, Kepa Murua eta José Fernández de la Sota eta Yurre Ugarte eta Luisa Etxenike egon dira literatur hitzordu honetan.
Erantsitako fitxategiak:
Dokumentuak
Fitxategi hauek kontsultatzeko Adobe Reader dohainiko programa behar duzu, erabili esteka deskargatzeko.