Hemen zaude:
Bizkaiko Foru Aldundia bere eskumenen barruan Bizkaiko gobernua eta administrazioa bere gain hartzen dituen organo betearazlea da. Bizkaiko Foru Aldundiko burua Ahaldun Nagusia da. Bizkaiko Batzar Nagusiek aukeratzen dute Ahaldun Nagusia, eta berak aldundia osatzen duten sailetako foru diputatuak aukeratzen ditu.
Herri administrazioek giza baliabideen beharrak betetzeko egiten duten lan publikoaren eskaintza da LPE. Ondoren, langile berriak sartzeko dagozkien hautapen-prozesuak egiten dira.
Urtean LPE bat baino gehiago egon daitezke; guztiak Bizkaiko Aldizkarian argitaratzen dira.
Herri administrazioetan langile publikoa izateko hautapen-prozesu bat egin behar da. Ezintasunen bat duten pertsonentzako bereizkeria positiboa eta barne-sustapenerako gordetako muga alde batera utzita, hautapen-prozesua irekia eta lehia askekoa da. Hautapen-prozesuan zenbait proba daude konstituzioaren araberako irizpide batzuei, hain zuzen, publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasunari jarraituta, hautagai hoberenak aukeratzeko.
Lan-poltsak hautaketa-prozesuen ostean eratzen dira, eta martxoaren 26ko 2225/2012 Foru Aginduaren bidez onartutako irizpideekin bat etorrita kudeatzen dira -irizpideok Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrialdean argitaratuta daude.
Lan-poltsak giza baliabideen aldi bateko beharrizanak -ez finkoak- betetzeko balio dute, hau da, aldi baterako kontrataziorako eta bitarteko funtzionarioen izendapenetarako.
Maiatzaren 26ko 2225/2012 Foru Aginduaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak deitutako hautaketa-prozesuko derrigorrezko ariketa bat edo batzuk gainditu duten/dituzten izangaiak sartuko dira hautaketa-prozesuen ondoriozko lan-poltsetan.
Behin izangaiek deialdiko oinarri espezifikoetan adierazten den ariketa kopurua gaindituta, lan- poltsa eratzeari ekingo zaio, eta, horretarako, puntuazioaren hurrenkerari zorrotz jarraituko zaio. Inor ezin da lan-poltsa batean sartu, hautaketa-prozesu batean -dena dela- parte hartu ez badu.
Bizkaiko Foru Aldundiaren web-orrialdean (www.bizkaia.net), badago lan-poltsei buruzko atal bat, non lan-poltsa guztien zerrenda ageri baita eta norberak jakin baitezake zein hurrenkeratan dagoen lan-poltsan. Halaber, atal horretan, besteak beste, lan-poltsei buruzko araudia (maiatzaren 26ko 2225/2012 Foru Agindua), aldi baterako bajak eskatzeko baldintzak eta behin betiko bajen arautegia jasota daude.
Zalantzarik izanez gero komeni da oinarri orokorrak eta bereziak irakurtzea, horiek baitira hautapen-prozesuaren funtsezko araudia. Oinarriak irakurrita zalantza argitu ez baduzu, harremanetan jar zaitezke aldundiarekin.
Oinarri orokorrak deialdiaren oinarrizko arauak dira. Hautapen-prozesuari buruzko informazio orokorra, irizpideak eta epeak jasotzen dituzte, eta horiek aipatu oinarrietatik eratorriko diren oinarri berezi guztietan ezarriko dira.
Oinarri bereziek kasuan kasuko hautapen-prozesuari buruzko informazio zehatza jasotzen dute, hain zuzen, probei buruzko informazioa, gaiak eta hautapen-prozesu bakoitza zehaztuko duten arau eta betebehar bereziak.
Deialdietan, funtzionarioa izateko 3 txanda bereizten dira: barne-sustapenerako plazak, txanda irekikoak eta ezintasunen bat duten pertsonentzat gordetakoak.
Txanda askea txanda orokorra da, hau da, edozein pertsona aurkez daiteke, muga bakarra oinarrietan zehazten diren berezitasunak izanik. Legearen arabera, herritar guztiek dute lan publikoa lortzeko eskubidea, publikotasun, berdintasun, merezimendu eta gaitasunari jarraituta.
Funtzionarioen administrazio-karrerari lotutako plazak dira, eta horientzat gordetakoak. Plazok bete ezean, hutsik geratzen dira, eta txanda irekira pasatzen dira.
Lan publikoaren eskaintzako plaza guztien % 5 gordetzen da txanda honetarako. Ezinduek betetzen ez dituzten plaza hutsak hurrengo hautapen-prozesuetarako gordetzen dira; beraz, ez zaizkie gehitzen txanda irekikoei.
Ezinduek % 33ko minusbaliotasuna edo hori baino handiagoa aitortuta izan behar dute halakotzat jotzeko.
Euskal Autonomia Estatutuan jasotzen da euskara eta gaztelania, biak, ofizialak direla, eta administrazioekiko harremanetan tratu eta erabilera berak dituztela. Beraz, probak gaztelaniaz edo euskaraz egin daitezke.
Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legeak jasotzen du administrazioetako plaza guztiek hizkuntz eskakizuna ezarrita dutela eta hori betetzeko data bat dagoela. Lanpostuei atxikitako plazen epeen definizioaren arabera (lanpostu-zerrendan jasotzen dira epeak), plaza betetzen duenak baldintza hori bete behar du, hau da, derrigorrezko hizkuntz eskakizuna baldintza da lanpostu horretan aritzeko. Hizkuntz eskakizuna izateko betebeharrerako epea igaro ez bada, ez dago derrigortasunik, ez dago derrigorrezko hizkuntz eskakizunik; beraz, horrelako lanpostu batean arituko den pertsonak ez du hizkuntz eskakizuna eduki behar. Horrelakoetan, hizkuntz eskakizuna meritu da deialdian.
Oposizioan hautagaiek egindako proben emaitzak bakar-bakarrik baloratzen dira.
Oposizio-lehiaketa prozesu mistoa da; izan ere, proben emaitzak eta aurkeztutako merituak (ikastaroak, esperientzia, hizkuntzak, informatika eta prestakuntza pertsonal eta profesionala) orokorrean baloratzen dira, deialdi bakoitzean jasotzen den merituen baremoarekin bat etorrita.
Oro har, probetarako deialdi bakarra dago. Horrek esan nahi du hautagaiei berriro deitzeko aukerarik ez dagoela arrazoitutako gertaera edozein dela ere (gaixotasuna, aparteko egoera), genero-politiken barruan aintzat hartutako neurrien kasuan izan ezik.
Proba ohikoenak teoriko idatziak , test modukoak zein gaia garatzekoak, eta idatzizko proba praktikoak dira. Hala ere, bestelako probak ere badaude: ahoz garatzeko suposamenduak, egin beharreko lanaren trebetasunei lotutako eduki praktikoko probak, gaitasuna egiaztatzeko proba fisikoak, trebetasunak edo hizkuntzen ezaguera neurtzekoak.
Proba mota eta edukia oinarri berezietan jasotzen dira.
Gai-zerrenda -probetara aurkezteko ikasi beharreko gaiak- kategoria bakoitzaren oinarri berezietan jasotzen da
Oposiziogile bakoitzaren lana da gai-zerrenda lantzea eta bibliografia aurkitzea. Bizkaiko Foru Aldundiak web orrian bibliografia proposatzen du, baina hori orientagarria da, hau da, ez dauka legezko baliorik edo balio loteslerik.
Izena emateko eskaria www.bizkaia.net (Lan Publikoaren Eskaintza) web orriaren bidez egin daiteke, bai eta erregistro ofizial eta Posta eta Telegrafoak sozietateko bulegoetako erregistroen bidez ere.
Eskaera-orriak egutegiko hogei (20) eguneko epearen barruan aurkeztu behar dira, deialdiaren laburpena Estatuko Aldizkari Ofiziala-Madrilgo Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Bizkaiko Foru Aldundian, deialdia BAOn argitaratzen den egunetik bertatik onartzen dira eskaera-orriak.
Eskaera-orrian merituen zerrenda sartuko da oposizio-lehiaketa bada, eta hari ondoko dokumentuak erantsiko zaizkio (horien fotokopia konpultsatua, edo jatorrizkoa eta fotokopia, konpultsatzeko):
Eskaria web orriaren bidez egitea erreza da. Alta eskatu ondoren, zure datuak sartu behar dituzu. Ondoren, eskaneatutako eta, beharrezkoa bada, konpultsatutako dokumentazioa aurkeztu behar duzu, eta merituak alegatu behar dituzu, hala badagokio.
Eskaeran oker edo gorabeheraren bat badago, jar zaitez harremanetan aldundiarekin, formulario hau edo 944068000 telefonoa erabilita, gorabeheraren berri emateko hura gertatutako egunean bertan, epez kanpo aurkeztutako erreklamazioak ez baitira izapidetuko.
Bizkaiko Foru Aldundiko erregistroetan aurkeztuko dira.
Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan ezarrita dauden tokietarik edozeinetan ere aurkeztu ahal izango dira.
Eskaera-orria eta dokumentazioa Posta eta Telegrafoen bidez igorriz gero, legezko ondorioak izateko, posta ziurtatuaren bidez bidali behar dira. Horretarako, dokumentazioa gutunazal irekian aurkeztuko da, eta posta bulegoetako langileek zigilua jarriko dute sarrera-datarekin.
Konpultsaren bidez, dokumentuaren jatorrizkoa eta kopia berdinak direla egiaztatzen du fede-emaile publiko batek (edozein herri administrazio). Dokumentu baten kopia eta jatorrizkoa bat datozelako fede ematea edo hori egiaztatzea da. Konpultsatutako kopiak jatorrizkoaren balio bera izango du kasuan kasuko prozesu zehatzean, baina inola ere ez du egiaztatuko jatorrizkoaren benetakotasuna. Edozein administraziok (udalak, aldundiak eta abar) konpultsa ditzake dokumentuak, normalean doan. Azpimarratzekoa da notariotzek ere, fede-emaile publikoak diren aldetik, konpultsa ditzaketela dokumentuak, baina ez doan.
Argitu behar da Postak eta Telegrafoak sozietateak ez duela dokumenturik konpultsatzen.
Egutegi-egunak egutegiko egun guztiak dira, eta egun baliodunak, jaiegun ez direnak. Oro har, beren-beregi egutegi-egunak direla adierazten denean izan ezik, epe guztiak egun baliodunekoak dira, hau da, Bizkaiko Foru Aldundian egun baliodunak astelehenetik ostiralera artekoak dira; larunbatak eta jaiegunak, ordea, ez.
Epea hilabetetan ezartzen bada, data batetik beste baterako epea, dagokiona argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuko da.
Egunetan adierazitako epeak, dagokiona argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko dira.
Hautapen-prozesuan zenbait fase daude:
Gomendatzen da adi egotea, eta iragarki-oholean eta web orrian begiratzea, horietan informazio gaurkotu eta berehalakoa aurkituko baituzu. Halaber, SMS bidezko abisu zerbitzuan alta eska dezakezu.
Onartuen zerrendan, hautapen-prozesuan onartu diren pertsonak jasotzen dira.
Bazter utzitakoen zerrendan, baldintzaren bat ez betetzeagatik edo eskaera-orria epez kanpo aurkezteagatik prozesutik kanpo geratu direnak jasotzen dira.
Eskaeran atzera egindakoen zerrendan sartzen dira, BAOko argitalpenaren bidez eskaera osotu edo zuzentzeko eskatu eta horretarako 10 egun balioduneko epea eman ondoren, epe horretan eskaera zuzendu ez duten pertsonak edo eskatutako dokumentuak aurkeztu ez dituztenak.
Gomendatzen da adi egotea, eta iragarki-oholean eta web orrian begiratzea, horietan informazio gaurkotu eta berehalakoa aurkituko baituzu. Halaber, SMS bidezko abisu zerbitzuan alta eska dezakezu.
Azterketen deialdietan lekua, ordutegia eta gainontzekoak, adibidez eraman daitekeen materiala, azaltzen dira.
Oro har, azterketak astegunetan, astelehenetik ostiralera, egiten dira. Hori gorabehera, beste egun batzuetan, larunbatetan kasu, egin daitezke.
Segurtasun handiagoa izateko, bi azterketaren arteko denbora tartea, gutxienez, 72 ordukoa da.
Onartuen eta bazter utzitakoen zerrendak foru aginduaren bidez onartzen direnetik lehenengo azterketa egin arte 2 hilabete igaro behar dira gutxienez.
Ez epaimahaikoek, ez zaintzaileek, ez dute azterketako galderen edukiari buruzko zalantzei erantzungo.
Guztien aukera berdintasuna bermatzeko, oposiziogileak ez dira mahaitik altxatuko, ez bada, eskua jaso ondoren, zaintzaileek horretarako baimena emanda.
Azterketa egiten egon direlako ziurtagiria edo beste edozer behar dutenek, hori epaimahaikoei edo zaintzaileei eskua altxatuz jakinarazi beharko diete.
Proba egin bitartean, NAN mahai gainean egon behar da, ondo ikusteko moduan. Sakelako telefonorik baduzu, itzali eta utzi mahai gainean, baina pila edo bateria kanpoan duela. Azterketak iraun bitartean, mahai gainean epaimahaiak emandako orriak eta NAN besterik ezin da eduki.
Proba egiten den bitartean, erabateko isiltasuna gorde behar da. Desegoki jokatzeak edo besteekiko jokaera gogaikarria izateak azterketa aretotik kanporatzea ekarriko du.
Probak dirauen bitartean ezin izango da gela barruan erre.
Azterketa amaitutakoan, oposiziogileak, bere lekutik mugitu gabe, eskua altxatuta amaitu duela jakinaraziko die zaintzaileei. Horiek azterketa-orria jasoko dute.
Prozesuaren segurtasuna bermatze aldera, azterketaren azken minutuetan ezingo da inor irten azterketa aretotik filtrazioak saihesteko, dokumenturik ez galtzeko eta pertsonen arteko aldaketarik ez gertatzeko.
Oinarri orokorretan eta berezietan zehazten da emaitzak non argitaratuko diren, normalean iragarki-oholean eta web orrian.
Azterketa gainditu dutenen emaitzak argitaratzen dira, ez gainditu ez dutenenak. Azken horiek emaitza jakin nahi badute, eskatu egin beharko dute.
Eskabidearekin batera aurkeztu behar dira merezimenduak, eta deialdiko oinarriak EAOn argitaratzen diren eguna aintzat hartuko da haiek baloratzeko.
Oposizio aldia gainditu duten izangaiek aurkeztuko dituzte merezimenduak ?ez beste inork-, eta, horretarako, 10 egun balioduneko epea izango dute, azken proba gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan, lehenago eskabidean adierazi diren merezimenduen egiaztagiriak bakarrik aurkeztuko dira. Ez da onartuko epez kanpo aurkezten den dokumentazioa.
Eskabideak aurkeztu ziren leku beretan aurkeztuko dira merezimenduen jatorrizko agirien kopia egiaztatuak.
Langileen Aukeraketarako eta Trebakuntzarako Zerbitzuak hautapen-prozesua antolatu, prestatu eta kudeatzen du, eta epaimahaiekin koordinatzen da elkarri laguntzeko.
Halaber, Langileen Aukeraketarako eta Trebakuntzarako Zerbitzuak hautapen-prozesuen ondoriozko lan-poltsak antolatu eta kudeatzen ditu, eta Lan Poltsak Kudeatzeko Batzordearekin koordinatzen da.
Epaimahaiak hautapen-prozesuaren garapena kudeatzen du Langileen Aukeraketarako eta Trebakuntzarako Zerbitzuarekin batera, eta izangaiek egindako probak eta aurkeztutako merituak baloratzen ditu, berak bakarrik. Gainera, deialdiaren oinarriak ezartzean sor daitezkeen zalantzak eta gorabehera guztiak argituko ditu, eta hautapen-prozesua behar bezala garatzeko beharrezko erabakiak hartuko ditu.
Epaimahaia kide anitzeko hautatze-organoa da, bere jardueran inpartziala eta profesionala da, eta autonomia osoa dauka bere eginkizunak burutzeko. Epaimahaiak foru dekretuz izendatzen dira, eta osaera BAOn argitaratzen da.
Epaimahaiarekin harremanetan jartzeko biderik eraginkorrena Langileen Aukeraketarako eta Trebakuntzarako Zerbitzura jotzea da, edo epaimahaiko idazkariarengana.
Lan-poltsak hautapen-prozesuko lehenengo azterketa, gutxienez, gainditu duten pertsonen zerrendak dira. Lan-poltsak sortu dituzten hautapen-prozesuen kategorien arabera antolatzen dira. Zerrenda horiek giza baliabideen aldi bateko beharrizanak, ez finkoak, betetzeko balio dute, hau da, aldi baterako kontratazioa eta bitarteko funtzionarioen izendapenak egiteko. Lan-poltsak independienteak dira elkarren artean. Urte desberdinetako poltsak egon daitezke; kasu horretan, azkenak izango du lehentasuna aurrekoaren aurrean.
Web orrian lan-poltsen kudeaketarako atal bat dago lan-poltsa guztien zerrendarekin (pertsona bakoitza zenbatgarren postuan dagoen ikus daiteke); halaber, kudeaketari buruzko araudia, aldi baterako bajak eskatzeko baldintzak eta behin betiko bajei buruzko araudia ikus daitezke, besteak beste.
Harpidetza-zerbitzuak aukera ematen du norberak deialdi berriei eta iragarkien zein kalifikazioen argitalpenei buruzko informazioaren berri izateko, behar bezala eguneratuta. Informazio hori berariaz emandako helbide elektronikoan eta sakelako telefono-zenbakian jasotzen da. Zerbitzua bereziki gomendatzen da pertsona bat kanpoan denean, oporretan dagoenean, bidaia bat egiten ari denean...
Zerbitzu hau erabili ahal izateko, beharrezkoa da, batetik, alta egitea LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA atalaren barruko goiburuan dagoen estekan, eta, bestetik, eskatutako datu guztiak betetzea. Horrez gain, datuak ondoren aldatzeko aukera ere badago (sakelako telefonoa aldatzea, helbide elektronikoa aldatzea...).
Eskabidean dauden gabeziak eta okerrak zuzentzea funtsezko izapidea da. Izan ere, zuzenketa ez egitearen ondorioz, pertsona bat eskaeran uko egindakotzat jo daiteke edo hautaketa-prozesutik kanpo gera daiteke.
Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Foru Administrazioaren iragarki-oholean (Foru Jauregiko sarreran dago) argitaratu behar dira hautaketa-prozesuen oinarri orokorrak eta bereziak. Era berean, Aldundiaren web orrialdean era argitaratzen dira: www.bizkaia.net.
Aukeraketa-prozesu batean, kautelaz parte hartu edo parte hartzen jarraitu ahal izango dute berariaz emandako ebazpen bidez prozesu horretatik baztertuta geratu diren pertsonek, baldin eta arrazoi hauengatik geratu badira baztertuta: oinarrietan eskatutako betekizun eta baldintzak ez betetzeagatik edo prozesuko proba baztertzaileren bat ez gainditzeagatik.
Edonola ere, nahitaez aurkeztu beharko da ERREKURTSO BAT ebazpen horren aurka. Horrez gainera, azterketa baztertzaileren bat gainditu ez eta gora jotzeko errekurtsoaren bat edo (epaimahaiaren aurrean) erreklamazioren bat aurkeztuz gero, argi eta sinesgarriro jaso beharko da idazkian eskatzaileak gogoa duela prozesuan kautelaz parte hartzen jarraitzeko.
Azkenik, errekurtso/erreklamazioen gaineko ebazpen irmorik ez den bitartean, interesdunek hautatze-prozesuan parte hartzen jarraitu ahalko dute. Behin-behineko egoera hori behin betiko bihurtuko da berariazko ebazpen irmoa ematen denean; ebazpen horretan ezarritakoaren arabera erregularizatuko da egoera.
Aukeraketa prozesuak arautzen dituzten oinarri orokorren arabera, ezin da eskatu aldaketa horiek ezagutzea deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean (karrerako funtzionario plazak betetzeko bada) edo Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (bestelako kasuetan) argitaratzen den egunetik aurrera.
Aldundiko Langileen Aukeraketarako eta Trebakuntzarako Zerbitzuak konpromisoa hartu du aukeraketa prozesuetan egindako azterketak herritarren eskura jartzeko, www.bizkaia.net web orriaren bidez: Lan Publikoaren Eskaintzak atalean, Amaituta dauden Deialdiak loturan (baita indarrean dauden deialdietan, dagoeneko azterketarik egina badute). Zerbitzu honek ez dauka atzeraeraginik; beraz, ez zaie ezarriko zerbitzua martxan jarri aurretik egindako deialdiei.
© Bizkaiko Foru Aldundia - Diputación Foral de Bizkaia