saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

ALDUNDIAK 139.625 EUROKO DIRU-LAGUNTZA EMAN DIE BIZKAIKO HAINBAT MUSEORI

Asteartea, 2012(e)ko Maiatzaren 15a 13:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Valentin Berrio-Otxoa Museoaren artean sinatutako akordioaren bidez, museoaren programazioaren zati bat finantzatuko da 2012an. “Valentin Berrio-Otxoa Museoa” Ama Dominikarren Santa Ana komentuan dago, eta 1966an ireki zen jendearentzat. Valentin Berrio-Otxoa Elorrioko santuak euskal kulturarekiko eta hizkuntzarekiko zeukan lotura eta bertute kristauak zabaltzeko lana egiten du. Valentin Berrio-Otxoa, Loiolako San Inaziorekin batera, Bizkaiko lurralde historikoko zaindaria da.

Museo honen jarduerak, 2012rako aurkeztutako Jarduera Planaren arabera, hauek izango dira: erakusketa iraunkorra berritzea (errotuluak, testuak, kartelak eta museoaren seinaleak), aurretiaz hitzartutako bisita gidatuak mantentzea, eta ate irekien 4 egun eskaintzea. Horrez gain, zenbait berritze-lan egitea aurrez ikusita dago, eta azterlan bat ere aginduko da, eraikina eta erakusketako objektuak kaltetzen dituen hezetasunari aurre egiteko. Oroigarrien denda bat ere sortu nahi da erabiltzen ez den eremu batean. Aurrez ikusitakoaren arabera, 2012an web orrialdea eguneratu nahi da, eta multimedia-eremu bat sortu. Eremu horretan, San Valentinekin lotutako bideoak eta musika argitaratuko dira. Museoak aurten egingo dituen sustapen-jardueren artean, San Valentin Berrio-Otxoaren egutegiaren eta orriaren urteko argitalpena aipatu behar da.

Bizkaiko Foru Aldundiak “Valentin Berrio-Otxoa Museoaren” jardueren zati bat finantzatzen du, 6.000€rekin.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak 60.000€ko diru-laguntza eman dio Euskal Herriko Meatzarien Museoari, eta, horrela, lagundu egiten du meatzarien jardueraren garapen historikoa eta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ondorioak aztertzen, ezagutzen eta ezagutza hori zabaltzen.

Aurrez ikusitakoaren arabera, museoaren jarduerak 2012an erakusketa iraunkorrera egindako bisitak izango dira. Helburuak hauek dira: meatzarien jardueraren garapen historikoa eta horren ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ondorioak aztertu eta ezagutzea. Bisita horiek urte osoan eskaintzen dira, “Gure Historia: Burdina" izeneko erakusketaren programazioaren bitartez. Asmoa da bisitariak Bizkaiko industrializazioaren oinarriak ezagutzea, modu dinamiko eta entretenigarrian. Izan ere, industrializazio horren garapen-motorra meatzarien jarduera izan zen. Jarduera hori urte osoan eskaintzen da, uztailean eta abuztuan izan ezik. 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako jarduerak bi astez egiten dira, uztailean, “Conociendo la zona Minera / Meatzaldea Ezagutzen” izeneko programaren bidez. “Familientzako programa berezia" 7 eta 10 urte bitarteko umeak dauden taldeei edo adingabeak dituzten familiei zuzenduta dago, eta urte osoan egiten da. “Historiadun lanbideak", “Gabonak Meatzean” eta “Harri-zulatzaileen tailerra", 8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa, 2012an aurrez ikusitako beste jarduera batzuk dira, eta helduek ere parte har dezakete. “Harri-zulatzaileen tailerraren” xedea meatzaritzako antzinako lanbide honen berezitasunak azaltzea da; gaur egun herri-kirol bihurtu da. Urte osoan eskaintzen da, uztailean eta abuztuan izan ezik. Horrez gain, museoak “Dolores Ibarruri Gogoan Tailerra" eskaintzen du. Dolores Ibarruri BHIko DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago, eta horren asmoa da “Pasionariaren" bizitzako alderdirik nabarmenenak azaltzea eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna indartzea. Jarduera hori abenduan eta urtarrilean eskainiko da. Agenda osatzeko, diseinu desberdinak dituzten hainbat jarduera daude: Museoen Nazioarteko Eguna, Gabon-eguna, ekainaren 13a (San Antonio, Gallartako zaindaria), abenduaren 4a (Santa Barbara, meatzarien zaindaria), meatzarien jardueratik datozen elementu materialak, industrialak, hirikoak eta azpiegiturakoak babestu eta lehengoratzeko jarduerak, meatzarien jardueratik eta garaitik datozen agiriak, planoak, irudiak, marrazkiak eta argazkiak berreskuratu eta kontserbatzea. Gainera, meatzarien mundua zabaltzearekin lotutako hainbat jarduera, ikastaro, tailer, lehiaketa... daude.

Bestalde, Labayruk 45.000€ko diru-laguntza jasoko du, etnografiaren arloan ikerketa-, sustapen- eta zabalkunde-lana egiteko. Arlo horretan Labayru institutuak ekitaldi honetan egingo dituen jardueren artean, hauek daude: “Etniker” programa, “Baskoniako Atlas Etnografikoa" egiteko ikerketekin; establezimendu eta eraikin tradizionalen inbentario etnografikoak; eta etnografia-dokumentazioko zentroa mantentzea. Aurten egin beharreko jardueren artean, argazki-funtsa digitalizatzea nabarmendu behar da. Beste hauek ere aipatu behar dira: BKM datu-base dokumentala, datu-baseak informatizatzea, eta egindako ikerketak argitaratzea. Horrez gain, etnografia ikertzearekin lotutako gaiak eztabaidatu eta erakusteko programak egingo ditu etnografia-gelan.

Bizkaiko Foru Aldundiak 18.000€ko diru-laguntza eman dio “Astarloa Kulturgintza”ri, “DURANGOKO ARTE ETA HISTORIA MUSEOAREN" jarduerei laguntzeko 2012an. Museo honek Durangoko udalerriarekin eta inguruarekin lotutako lekukotza materialak eskuratu, kontserbatu eta ikertzen lan egiten du, eta herritarren eskura jartzen ditu tokiko zein kanpoko artisten lanak, artista berrienak zein ospetsuenak, aldi baterako erakusketen bidez.

Bestalde, gaur Gobernu Kontseiluak onetsi dituen gaien artean, Kultura Sailak eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak sinatu duten akordioa ere aipatu behar da, 10.625€koa; horrela, kultur erakunde horren jardueren zati bat finantzatuko da. Modu horretan, bere bizitzan zehar egin zuen ikerketa-lanari jarraipena ematen zaio, 2012an egingo diren ikastaroen, mintegien eta zabalkunde-jardueren bitartez.

 
 
Aldundiaren logotipoa