Hemen zaude:
Astelehena, 2012(e)ko Maiatzaren 21a 12:53
Prestakuntza, aholkularitza eta zabalkundea egiteko lankidetza-hitzarmen baten bidez egingo dute sustapena; hogeita hamar autoeskolak hartuko dute parte: ehun bat auto euskara sustatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Autoeskolen Elkarteak (APAVI) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gidabaimena lortzean euskara sustatzeko. Honako hauek dira hitzarmenaren helburuak: irakasleak prestatzea, hizkuntza arloko aholkularitza ematea eta baimena euskaraz lortzeko aukera zabaltzea; horretarako, hogeita hamar autoeskola eta ehun bat auto erabiliko dira.
Hitzarmen honen ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak irakasleen prestakuntza antolatuko du eta hizkuntza arloan etengabeko Autoeskolen Elkarteari; herritarrei, batez ere gazteei animatzeko kanpaina bat sustatuko du. Horretarako eranskailu batzuk diseinatuko dira “Gidabaimena euskaraz” leloa dutenak, aukera hori ematen duten autoeskoletako autoetan ipintzeko. Autoeskolen Elkarteak, bere aldetik, euskararen aldeko jarrera sustatuko du bere kideen artean; prestakuntza-saioen berri emango die, eta eranskailuak jarriko ditu autoetan.
Aldundiaren eta Autoeskolen Elkartearen arteko hitzarmena gaur goizean sinatu dute M.Josune Ariztondo, kultura foru diputatuak eta Iñigo Montenegrok, Autoeskolen elkarteko presidenteak. Sinadura ekitaldiaren ostean, M.Josune Ariztondok adierazi du: “GIDABAIMENA EUSKARAZ kanpainaren helburua euskararentzat beste esparru bat irabaztea dela, izan ere, gure gizartean benetako elebitasuna lortzeko euskara esparru eta arlo guztietan erabiltzeko moduan izan behar delako”. Gaineratu du “gazte gehienek euskaraz ikasten dutela eta 17-18 urterekin gidabaimena lortzeko autoeskoletara jo. Oraintsu arte ez dute Bizkaian aukera handirik izan naturaltasun osoz euskaraz ere ikasteko eta azterketa egiteko. Orain, ostera, gero eta gehiago dira Bizkaian gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera ematen dutenak”.
Ariztondo diputatuak azaldu ditu kanpainaren ardatzak “aurtengo kanpainan, urrats handiagoak emateko asmoarekin, lan hitzarmen honen bitartez autoeskolako irakasle euskaldunei trebakuntza ikastaroak emango zaizkie. Jadanik 38 irakasle inguruk eman dute izena aurtengo ikastarorako, eta, beste alde batetik, eranskailu batzuk egin ditugu kanpainaren leloarekin (GIDABAIMENA EUSKARAZ) autoeskoletako kotxeetan jartzeko. Horretara, lehen autoeskoletan jarrita zeuden pegatinak orain autoetan ere jarriko dira jendeak jakin dagian autoeskola horietan euskaraz atera daitekeela gidabaimena”.
Iazko kanpainako datuak kontutan hartuez gero, 2011n sustatutako kanpainan parte hartutako herrietan (Erandio, getxo, uribe Kosta eta Igorre), 48 lagunek gainditu zuten azterketa teorikoa euskeraz.