Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 12a 12:55
Katastro-balio berriak indarrean jartzeko epea 2013ko urtarriletik 2014ko urtarrilera arte atzeratu dezala eskatu zion EUDELen Lurralde Batzordeak Aldundiari, arazo teknikoak direla eta.
Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du 2014ko urtarrilera arte luzatzea gure lurraldeko udalerri guztietan martxan dagoen berrikusketa-prozesuaren ondoriozko katastro-balio berriak indarrean jartzeko epea.
Eskaera hori EUDELek egin du, hain zuzen ere, prozesu horretan guztian arazo teknikoak ikusi baitira, baina konpromisoa da bitartean ere aurrera jarraituko duela Bizkaiko hiri-ondasun higiezin guztien katastro-balioak aztertzeko lanak.
Maiatzaren 23an, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) buruzko Foru Araua aldatzea erabaki zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Aldaketa horren helburua ez da udalerrietako presio fiskal globala handitzea, presio hori modu egokiagoan banatzea baino, higiezinen balio erreala kontuan hartuta.
OHZ zerga zuzena da, izaera errealekoa, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko edozein udalerritan dauden ondasun higiezinak zergapetzen ditu. Nahitaez ordainarazteko tokiko zerga da, eta tokiko tributu-sistemaren oinarritzat jotzen da, udalek diru-bilketarako duten iturri nagusia baita.
OHZren zerga-oinarria katastro-balioa da; beraz, higiezinen katastroa Bizkaiko udalerri guztietako hiri- eta landa-jabetzaren inbentarioa eta erregistroa da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren bakarreko eskumena da katastro hori eratu, mantendu eta berrikustea. Katastroa orain dela 40 urte berrikusi zen azkenengoz; hortaz, goitik behera hutsaldu da katastro-balioen eta merkatu-balioen arteko erlazioa, eta kontuan hartu behar da, gainera, zer bilakaera izan duten higiezinen merkatuak eta hirigintzak berak. Bada, desfase hori kontuan hartuta berrikusi dira katastro-balioak, eta, orain, 2013ko urtarriletik 2014kora zabaltzen da baliook indarrean jartzeko epea.