saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIHAR, OSTIRALA, 2011KO ERRENTA-KANPAINAREN AZKEN EGUNA DA; AUTOLIKIDAZIOEN % 98,5 EGINDA DAGO

Osteguna, 2012(e)ko Ekainaren 28a 13:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Kanpaina honetan, espero dugu 600.000 aitorpen baino gehiago egitea.

Bihar, ekainak 29 (ostirala), 2011ko errenta eta ondarearen kanpaina amaituko da; ofizialki, maiatzaren 2an hasi zen kanpaina Bizkaian. Egun bat besterik ez da falta, eta ekitaldi honetarako espero ziren aitorpenen % 98,5 jaso du dagoeneko Ogasun eta Finantzen Foru Sailak.

Datuak oraindik behin-behinekoak badira ere, Rentanet Etxean da herritarrek ondoen baloratzen duten zerbitzua; zerbitzu horren bidez, Foru Ogasuneko teknikariek egindako 300.000 aitorpen baino gehiago bidaltzen dira etxeetara. Gaur arte (osteguna, ekainak 28), 223 milioi euro baino gehiago itzuli dira guztira. Goiko sistema horri 28.000 web proposamen gehitu behar zaizkio; Internet bidez egin eta bidalitako autolikidazioak dira proposamen horiek.

Ogasunak jarritako sistema horien bidez –Rentanet Etxean eta Web-, guztira 350.000 autolikidazio egiten zaizkie herritarrei: gure lurralde historikoan egiten diren aitorpenen % 50 baino gehiago. Kanpainaren aurkezpenean José María Iruarrizaga Ogasuneko foru diputatuak adierazi zuenez, espero da guztira 605.000 aitorpen inguru jasotzea (sistema guztien bidez egindako guztiak kontuan hartuta).

Finantza-erakundeak

Horrez gainera, 127.500 aitorpen (99.000 itzultzeko eta 28.500 ordaintzeko) egin dira errenta-kanpainaren zazpi finantza-erakunde laguntzaileek lurraldean dituzten 350 bulegoen bitartez: Kutxabank, Caja Laboral, BBVA, Ipar Kutxa, Banco Santander, Caixabank eta Banco Sabadell Guipuzcoano. Erakundeok doan eta modu pertsonalizatuan egiten dituzte autolikidazioak, ez da beharrezkoa haien bezeroa izatea.

Urterik urte gero eta aitorpen gehiago bidaltzen dira Internet bidez; horrek garbi erakustek du pixkanaka-pixkanaka gora egiten ari dela teknologia berrien erabilera, eta eskuzko aitorpenen kopurua, berriz, behera. Internet bidez, 80.000 autolikidazio jaso dira (64.000 itzultzeko eta 16.000 ordaintzeko); eskuz egindakoak, berriz, 40.000 izan dira (35.000 itzultzeko eta 5.000 ordaintzeko).

Honako hauek dira aurkezpen moten ehunekoak, gaur egunera arte:

  • Rentanet etxean eta web proposamenak: % 66
  • Finantza-erakunde laguntzaileak: % 18
  • Internet: % 11
  • Eskukoak % 5

Ondarearen gaineko zerga

Ondarearen gaineko Zergaren aitorpenak aurkezteko azken eguna ekainaren 29a da, errentaren aitorpenak aurkezteko bezala. Gaur egunera arte, Ondarearen gaineko Zergaren 1.746 aitorpen aurkeztu dira: guztira, 11,3 milioi euro ordaintzeko.

Ondo gogoratuko denez, Ondarearen gaineko Zerga aitortu beharra kanpaina honetako berritasunetako bat da, eta aldi baterako ezarri da 2011 eta 2012ko ekitaldietarako.

Datu fiskalen gaineko kontsulta

Ogasun eta Finantzen Foru Sailak beste zerbitzu bat eskaintzen du: datu fiskalen gaineko kontsulta; sistema horren bidez, herritarrek aukera dute errenta-aitorpenari lotutako informazio fiskala bide telematikoan eskuratzeko. Beraz, laguntza handia dute aitorpena egiteko. Orain arte, guztira 1.538.099 sarrera zenbatu dira datu fiskaletara.

 
 
Aldundiaren logotipoa