Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Uztailaren 10a 13:27
Bilboko Euskal Museoak eta Bilboko Udaleko Jaietako Sailak Bilboko Erraldoi eta Buruhandiei buruzko aldi baterako erakusketa bat aurkezten dute. Iñaki Irigoien jauna eta Jon Gaminde jauna arduratu dira dokumentazio historikoaz, eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren, Bizkaiko Gaiteroen eta Renferen lankidetza ere izan da.
Bilboko jaiak ezin izango lirateke ulertu Hiribilduko Erraldoi eta Buruhandien parte-hartzerik gabe. Kaletik egiten duten desfile dantzariaren atzetik jarraitzaile ugari joaten zaizkie, umeak zein helduak, eta denek parte hartzen dute modu aktiboan segizio horretan, Erraldoi eta Buruhandien konpainiaz gozatuz. Hori dela eta, Museoak jai-giroko izaera horretan parte hartu nahi du, eta, aldi berean, pertsonaia horien historia erakutsi nahi dio publikoari, lehen aldiz noiz aipatzen diren adieraziz eta joandako mendeotan izan dituzten aldaketen berri emanez. Modu horretan, arlo ludikoa eta arlo historikoa marko berean elkartuko dira.
Irigoien eta Gaminderen informazioaren arabera, “XIV. Mendearen hasieran, Corpus Christi eguneko festa eta prozesioa garrantzi handiko hiriguneetara zabaldu zenean-hala nola, Bilbora-, hainbat antzezpen eta irudi gehitu zitzaizkien haiei; esate baterako, erraldoiak, buruhandiak, nanoak, dantzariak eta bestelako pertsonaia nabarrak. Biboko erraldoiei buruzko lehenengo erreferentziak 1654. Urtekoak dira; San Antongo Sakramentu Santuaren Kofradiako Kontuen Liburuan ageri dira, hark baitzuen Bilboko Corpus eguneko jaiak antolatzeko ardura.
Garai horretakoa da erraldoien egile bati buruzko lehenengo datua: Miguel Olcoz, 1667an lau erraldoiren bultoak egin zituena.
XVIII. mendearen bigarren erdialdean, erraldoi bikoteak beren jantziengatik eta ezaugarriengatik ezagutzen hasi ziren. Bikote dotoreari Don Terencio eta Doña Tomasa izena jarri zieten, eta gaur egun arte iraun du haiekin hasitako leinuak. XIX. Mendearen hasieran, beste bi gehitu zitzaizkien, geroago Turkiarrak izena hartu zutenak, seguru asko; burges bikotearekin eta Errege-erregina Mairuekin batera, XIX. Mende ia osoko Konpartsa osatu zuten. Ordezkatuta zeuden, beraz, Asia, Europa eta Afrikako kontinenteak.
XIX. mendearen azken laurdenean, azal iluneko amerindiarren bikotea gehitu zuten, laugarren kontinentearen ordezkari, eta, hórrela, Bilboko Erraldoietan, ordura arteko 6 pertsonaien ordez, 8 izan ziren. Gaur egun desagertuta daude Turkiarrak eta Mairuak bikoteak, eta haien oroitzapena baino ez da geratzen, Bilboko herri abesti batean, zeinetan aipatzen den Erregina Mairua.
1934an, H.Basterrak eraikitako erraldoi familia berri bat ireten zen kalera, Radio Bilbaoren ekimenari eta herritarren lankidetzari esker; Desfile Handia egin zuten, haiek ofizialki jendaurrean aurkezteko, beste hiri eta herri batzuetako erraldoiek lagunduta.
1962an, Radio Bilbaok, hainbat erraldoi berriren eraikuntza sustatu zuen berriro ere, eta abuztuaren 19an aurkeztu ziren jendaurrean. Ordukoan, Don Terencio eta Doña Tomasa beteranoekin batera, eta Baserritarrak (hirugarren belaunaldia) alboan zituztela, lehenengo aldiz aurkeztu zuten Bilbora etorritako Ingelesa, hura liluratu zuen Bilbotar Neskatila, gure itsasadarreko Angula-arrantzalea eta Santurtziko Sardina-saltzailea, Bilboko herri abestietatik ateratako pertsonaiak.
1978an, Aste Nagusia ospatzen hasi zenean, eta aurreko saga desagertuta, Cómicos de la Legua –Kilikilariak konpainiako Pedro Goirienak erraldoi belaunaldi berri bat osatu zuen, eta 12ra zabaldu zen erraldoien kopurua, langileak ardezkatzen dituzten lau pertsonaiarekin eta Bilboko eta auzoko elizateetako dualtasun traditionalista-liberala sinbolizatzen duten bi pertsonaiarekin. Era horretara, Don Terencio eta Doña Tomasa historikoei eta Baserritar beteranoei, 1962an sortutako Ingelesarekin eta Bilbotar Neskatilarekin batera, bikote hauek agertu ziren 1980an: Marinela eta Zamaketaria, Meatzaria eta Zigarrogilea, eta Zumalakarregi general karlista eta Isabel II.a erregina
Beste behin ere, horiek hondatu zirenean (orduko hamar iritsi dira gaur egun arte), erraldoi belaunaldi berri bat egin zuen Jose Ignacio Urbietak 1988an, pertsonaiak errepikatuz, eta 1998. Urtean Athletic taldearen mendeurrenean, futbol talde horretako jokalari bat elkartu zitzaien, Rafael Moreno “Pichichi”, baita haren emazte Lina ere. Hamalau erraldoi horiek dira, hain zuzen ere, gaur egun Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak dantzatzen dituztenak Bizkaiko Gaiteroen doiñuz alaituta”
Museoan aurkezten dugun erakusketak Bilboko Udalaren jabetzakoak diren erraldoien bi belaunaldiak batzen ditu, hau da, 1980koa eta 1988koa; guztira, 24 figura dira. Erraldoiekin batera, 9 buruhandi daude ikusgai.
Horiekin guztiekin batera, Euskal Museoak 1980ko Erraldoien 12 miniatura aurkezten ditu, denak ere bere bildumakoak. Miniatura horiek Fernando eta Esperanza Pallaresek egindakoak dira. Pieza hauen jantziak Maritere Villamorrek egin zituen, Euskal Museoak 1990ean egindako ikerketa historikoko lanaren ondorioz. Aldi baterako erakusketa osatzeko, jaietako 84 argazki daude, antzinakoak zein modernoak. Argazkirik zaharrena XIX. mende amaierakoa da.
Erakusketa Hallean, aldi baterako erakusketetarako bi aretoetan eta Euskal Museoko Klaustroan ikusi ahal izango da.
Erakusketa
2012ko Uztailak 10 – Irailak 30