saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIAK EZ DITU BERE EGINGO PPren GOBERNUAK BERE KABUZ ONETSITAKO MURRIZKETA NEURRIAK

Asteartea, 2012(e)ko Uztailaren 17a 14:30

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur iragarri du lurralde historiko honek ez dituela bere egingo PPren Gobernuak bere kabuz erabakitako neurriak, politika eta ekonomia aldetik bidegabekoak direlako. Horregatik, López lehendakariari eskatu dio Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren deialdia exijitu dezala eta neurri horien kontrako errekurtsoa jar dezala Konstituzio Auzitegian.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan duenez, Espainiako Alderdi Popularraren Gobernuak onartu dituen neurriak, argi eta garbi, “gizartearen kontrako bidegabekeria dira, herritar guztiei egiten dietelako kalte errukirik gabe, bakoitzaren egoerari eta beharrizanei erreparatu gabe. Bidegabekeria politikoa dira, nahitaez ezarri nahi dizkigutelako adostasunik gabe eta urte hauetan zehar erakundeok antolatu ditugun lege eta administrazio esparruak bazter utzita erabakitako neurri batzuk. Eta bidegabekeria ekonomikoa dira, nahitaez beheratu nahi dituztelako langileen eta enpresen eskubideak, baita gauzak ondo egin dituztenentzat ere, baita orain dela lau urtetik hona doikuntza-neurriak jartzen aritu direnentzat ere, aurrez ikus zitekeen baina Espainian ikusi ez duten edo ikusi nahi izan ez duten egoeraren eragina leuntzen joateko”.

Ildo horretan, Jose Luis Bilbaok adierazi du Bizkaiko Foru Aldundia ez dela beste probintzia-diputazio batzuk bezalakoa. “Errespetu osoarekin –esan du– gure kontuak saneatuta daude eta ez daukagu hegazkinik gabeko aireporturik, inora ez doan trenbiderik, etxebizitzetan inor bizi ez den urbanizaziorik, edo gutxieneko kalitate baldintzak ere betetzen ez dituen biltzar eta musika jauregi handirik”.

Foru erakundeko arduradun gorena prentsaurrean agertu da, Ogasuneko, Lehendakaritzako eta Gizarte Ekintzako sailburuekin batera, eta aurreratu du Bizkaiak ez dituela bere egingo neurri horiek, hiru arrazoi nagusirengatik:

  1. Ez dituelako Mendekotasunari buruzko Legearen aldaketak onartzen. “Aurrerantzean ere gure ahaleginaren xede nagusia izango da herritarren gizarte ongizateari eustea eta kalitatezko zerbitzuak eta laguntza eman ahal izatea, mendekotasunari eta gizarte eta osasun beharrizanei aurre egiteko”.
  2. Bizkaiak ez daukalako inork erreskatatu beharrik, eta are gutxiago “ia-ia esku hartuta eta Europak erreskatatzeko zorian dagoen Espainia horrek”. Jose Luis Bilbaok aurrekoaren haritik azaldu duenez, hemen dagoeneko “ahalegina egin da eta 2009tik hasita neurriak hartu dira bai barruan zein kanpoan.”
  3. Bizkaiak bere ahalmen eta autogobernu maila errespetatzeko eskatzen duelako.

Hirugarren atal horretan, ahaldun nagusiak López lehendakariari eskatu dio Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa biltzeko deialdia egin dezala lehenbailehen; horrela, organo horretan elkartuta “euskal erakundeok eta erakunde espainiarrek hitz egingo dugu egoera ekonomikoaz eta bakoitzak hartu beharreko neurriez, batak bestearen izaera errespetatuz beti.”

Kontu saneatuak Bizkaian

Jose Luis Bilbaok gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundia dela Estatuko guztietatik gardenena. “Kontuak saneatuta dauzkagu, etxeko lanak eta doikuntzak egiten joan gara azken urteotan; beraz, beste batzuk baino hobeto gaude krisiaren aurrean eta beste modu batera egin ahal diogu aurre, inor etorri gabe orain zer egin behar dugun esatera”. “Bizkaian ditugu hiriburuko udalik gardenena eta aldundirik gardenena Estatuko guztien artean, eta, hala ere, neurri berak eta murrizketa berak ezarri nahi dizkigute.”

Horregatik, aurreratu du, “ez ditugu neurri horiek aplikatuko, bidegabekoak direlako ahulenentzat, lurraldean ditugun 30.000tik gora sozietateentzat, euren lana ondo egiten duten funtzionarioentzat… eta ez diotelako murrizketarik egiten Errege Etxeari, edota zulo honetan sartu gaituztenei, banku bihurtutako aurrezki kutxen arduradunei, esate baterako. Zergatik ez diete pertsona horiei soldata beheratzen edo Gabonetako aparteko paga kentzen? Bidegabekoa da eta esan egin behar da. Honela ezin da.”

Zergen, funtzio publikoaren eta gizartearen arloko neurriak

Espainian PPren Gobernuak onetsitako neurriei dagokienez, Aldundiak bere eskumenak baliatuz burutu nahi dituen jarduketak aletu ditu ahaldun nagusiak.

Zerga neurriei buruz, Aldundiak eskumenik ez duen arloetan “ez gara proaktiboak izango”, esan du. Besteak beste, BEZaren, zerga berezien, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren eta profesionalen atxikipenen kasua da.

Aldundiak eskumena duen arloetan, adibidez zerga itunduetan -PFEZ, sozietateen gaineko zerga, ondarearen gaineko zerga…-, ahaldun nagusiak ezan duenez, “ez dugu neurrietako bat bera ere aplikatuko; guk geuk onartu ditugu orain dela gutxi aldi baterako neurri batzuk, 2012rako eta 2013rako”.

Puntu horretan, eta PFEZean etxebizitzaren kenkaria aplikatzen duten 200.000tik gora pertsonak lasaitu nahian, adierazi du Bizkaian kenkari hori EZ dela kenduko, eutsi egingo zaiola orain dagoen moduan, bere mugekin eta kenkariekin”.

Zergen arloko neurrien artean, halaber, berriz esan du honako hau: “hemen ez dugu AMNISTIA FISKALIK ere aplikatuko, zerga paradisuetan ez, baina Estatutik kanpoko lekuetan dauden enpresen sozietate-zergaren %10aren kasuan”.

Funtzio publikoa

Funtzio publikoaren eta funtzionarioen atalean, ahaldun nagusiak azpimarratu du guztiz bidegabekoa dela aparteko paga kendu, oporrak eta egun libreak murriztu, aldi baterako ezintasunagatiko ordainsarien mugak beheratu eta horrelako neurriak ezartzea “guztiei, baita itundutako zentroetakoei ere”.

Kasu honetan ere Bizkaiko Foru Aldundiak “ez ditu neurri horiek behingoan aplikatuko. Ez gara proaktiboak izango eta ez ditugu neurriok geure egingo. Etorri eta neurriak nahitaez ezarri beharko dituzte, eta herritarren eta arlo publikoaren zerbitzuan diharduten funtzionario publiko guztiei azaldu eurak direla eskubideak eta zintzo irabazitako soldatak murriztuko dizkietenak.”

José Luis Bilbaok gogora ekarri du Bizkaian aspaldi honetan egin den ahalegina:

  • 2009an, kargu politikoen soldata izoztu.
  • 2010ean, kargu politikoei eta funtzionario guztiei soldata izoztu eta %5eko murrizketa orokorra aplikatu. Ahaldun nagusiari %7,5 murriztu zitzaion eta foru diputatuei %6,5.
  • 2011n eta 2012an berriro ere soldatak izoztu.

“Esan genezake Bizkaiko Foru Aldundian kargu publikoen soldatak 2007koak direla eta funtzionarioenak 2008koak”.

Ildo berean, Foru Aldundiko arduradun gorenak gogorarazi du laneko bajei buruzko neurriak ere ez direla aplikatu Bizkaian, “baina Eusko Jaurlaritzak bai, aplikatu egin ditu bere azken ekitaldietan.” Neurri horiek guztiak, beraren iritziz, negoziazio kolektiboaren esparruan kokatu behar dira.

Gizarte arloko neurriei ez

Gizarte arloko neurriei dagokienez, jarrera argia dela esan du. “Bizkaian geure zerbitzuei eusten saiatuko gara eta hori egiteko biderik onenak bilatuko ditugu. Horrenbeste merezi dute gure nagusiek, mendekotasun arina edo larria duten pertsonek. Horregatik, hitzematen dugu mendekotasuna dutenei laguntzeko zerbitzu bakar bat ere ez dugula murriztuko”.

 
 
 
Aldundiaren logotipoa