Hemen zaude:
Larunbata, 2012(e)ko Uztailaren 21a 11:00
Datorren igandean, uztailak 22, Zornotzan; egun berean erakusketa, lanaren erakustaldia eta pottoken gaineko ibilaldiak egingo dira
Irene Pardo Nekazaritzako diputatuak Bizkaiko Behi Gorri Arrazaren IV. Lehiaketako sariak banatuko ditu datorren igandean, uztailak 22, Bizkaiko Zornotza herrian. Egun berean erakusketa, lanaren erakustaldia eta pottoken gaineko ibilaldiak ere egingo dira Zornotzan. Zehatzago, behi gorri arrazako 55 abelburuk parte hartuko dute lehiaketan, 15 abeltzainenak. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak lehiaketa horretarako laguntza ematen du. Gaur egun Bizkaia osoan 115 dira behi gorri arrazaren elkarteko bazkideak, eta denen artean 3.767 abelburu dituzte. Pottokak, berriz, 369 dira, eta beste arraza horren elkarteko 32 kiderenak dira.
Behi gorria haragitarako behi arraza autoktonoa da, mendiko azienda arrazarik enblematikoenetarikoa. Galtzeko zorian egon da, baina gaur egun badu zentsu adierazgarria, eta horrek lehiakortasuna areagotzea ahalbidetu dio. Produkzioak hobetzea eta kontsumitzaileentzat interes handia duten kalitatezko produktuak eskaintzea helburu izan duten hautespen programen bitartez lortu da suspertze hori.
Beste alde batetik, pottoka zaldi arraza, antzina meategietan mea ateratzeko erabiltzen zena, erdi basati bizi izan da gaur arte Euskal Herriko mendietan. Ilaje beltza du, gaztaina kolore ilunekoa, eta altuera txikia edo ertaina. Azken urteotan indarrez berpiztu da, pottoka-hazleen elkarteen ahaleginari esker, eta, bestalde, erabilera berri bat bilatu zaiolako: umeentzako ekitazioa eta aisia.
Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza sailak 270.000 euro bideratuko ditu erregimen estentsiboetan arraza autoktonoak ekoizteko sistemak sustatzeko (“Ferrari” dekretua). Hona hemen arraza onuradunak: Karrantzako ardia (muturbeltzak eta muturgorriak), ardi latxa eta sasiardia, Euskal Herriko mendiko zaldia eta pottoka, eta, behi-aziendan, montxina, pirenaikoa eta terreña. Ustiategiei onuradunek arraza autoktonoetako animalia ugaltzaileak izan behar dituzte; ingurumena eta natur ingurunea zein ustiatutako arraza autoktonoa zaindu eta hobetzera bideratu behar dute ekoizpena; animalien higiene eta ongizaterako baldintza egokietan egin behar dute ekoizpena, eta bermatu behar dute animalien osasun-egoera egokia dela eta haien elikadura baliabide naturaletan oinarrituta dagoela.
“Ferrari” dekretuaren aplikazioaren emaitza oso positiboa izan da: etengabe handituz doa modu estentsiboan eta ingurumena errespetatzen duten ekoizpen-modu iraunkorrekin kudeatzen den abelburu zein hektarea kopurua. “Ferrari” deitzen zaio bertoko abere-arrazen hazkuntza estentsiborako ekoizpen sistemak sustatzeko laguntzei buruzko dekretuari. Izen horren atzean arraza autoktonoak kanpoko arraza hobetuen mailan jartzeko dugun beharra datza; bada, horretarako, abiadura handiagoan, Ferrari baten abiaduran, joan beharra dute, eta beharrezkoa duten “gasolina” kanpo-eraginak deritzenen barruan eskainitako zerbitzu batzuk emateagatik ematen zaizkien dituzten diru-laguntzon bidez lortzen dute.
Abeltzainak, beren aldetik, ekoizpen-sistemak aldatzen ari dira, higiene-baldintzak, animalien ongizatea eta ingurumenaren babesa hobetzen duten sistemak erabiltzeko. Horrenbestez, ekoizleen erantzuna piztu nahian hasi dira herri-administrazioak, eta ahaleginak egiten dituzte ekoizleek beste irizpide batzuk aplika ditzaten. Abeltzaintzari dagokionez, abere-aziendako arrazak hobetzera bideratuko dira ahaleginak: arraza autoktonoak eta hazkuntza estentsiboa sustatzen dira, baina betiere ingurunea eta animalien ongizatea errespetatuz.