Hemen zaude:
Asteazkena, 2012(e)ko Uztailaren 25a 13:15
GORABIDE irabazteko asmorik gabeko elkartea, UPV-EHUko biokimikako eta biologia molekularreko katedraduna den Felix Goñi Urcelay, eta Gerra Zibileko bonbardaketen biktima zibilak, 2012ko "Bizkaitar Argiak" dira jada.
José Luis Bilbaok hauek "sasoi latzak" direla esan du, baina ez dago ados "ikerkuntza zientifikoaren inbertsioan eta mendekotasuneko gastuan egiten ari den sakrifizioarekin", eta "memoria eta Gerraren izugarrikerien belaunaldi arteko transmisioa" erabiltzeko deia egin du.
Bizkaiko Ahaldun Nagusi José Luis Bilbaok Gorabide irabazteko asmorik gabeko elkarteari, UPV-EHUko biokimikako eta biologia molekularreko katedraduna den Felix Goñi Urcelayri eta Gerra Zibileko bonbardaketen biktima zibilei hemendik aurrera “Bizkaitar Argi” gisa bereiziko dituzten hiru dominak entregatu dizkie.
Aintzatespen horren helburua da edozein gizarte-jardueratan beren jokabide, zerbitzu eta jokaeragatik Bizkaia eta haren balioen sustapenerako lagundu duten pertsona fisika edo juridiko, entitate edo herritarren taldeak nabarmentzea.
Bereizkuntza horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregiko harrera aretoan egin den handitasunez beteriko ekitaldi batean entregatu dira. Gorabideren izenean, domina elkarteko presidenteak, Hugo Barojak hartu du. Gerrako biktima zibilen kasuan, 1936az geroztik bonbardaketak jasan zituzten Bizkaiko 37 udalerrien izenean goraipamena hartu dute Durangoko alkateak, Aitziber Irigorasek, eta Gernikako zinegotziak, Maria Uribek. Azkenik, Félix Goñi Urcelayk berak hartu du arlo akademikoan zein ikerkuntzaren arloan egindako ibilbide luze eta bikaina aintzatesten eta omentzen duen saria.
Goraipamen horiek banatzeko ekitaldian José Luis Bilbaok adierazi duenez, “Bizkaia eta haren balioen sustapenerako laguntzeaz gain, erakunde, pertsona eta kolektibo horien ezaugarririk garrantzitsuena, benetan, Bizkaiko gizarteari modu batean edo bestean ematen dioten zerbitzua da: Gorabidek, ezgaitasun intelektuala duten pertsonen autonomia sustatuz eta haien duintasuna babestuz; Félix Goñik, giza jakintza handituz eta aberastuz; eta bonbardaketen biktima zibilek, gizarte batean inoiz ere gertatu behar ez litzatekeenaren lekuko eta oroitzapen gisa”.
Era berean, José Luis Bilbaok zera adierazi du: “sasoi latzak dira alde ekonomikoan zein alde sozialean, eta premiazko dena garrantzitsu denarekin nahasten da”, baina ez dago ados “aplikatzen eta iragartzen ari diren eta gu guztioi kalte egingo diguten neurri eta murrizketa” askorekin. Neurri horien artean aipatu du “mendekotasunaren ondoriozko gastuan egin den sakrifizioa edo ikerkuntza zientifikoaren inbertsioan egin den murrizketa”.
Azkenik, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak “memoria bizirik mantentzeko” eta “Bizkaian 37 herri gutxienez bonbardatuta eta milaka biktima errugabe utzi zituen Gerraren izugarrikerien belaunaldi arteko transmisioa” bultzatzeko deia egin du.
Erantsitako fitxategiak: