saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK ABIAN JARRI DITU ARROLAKO IRUNERAKO ETA EREÑOZARKO SAN MIGELERAKO BISITA GIDATUAK

Astelehena, 2012(e)ko Uztailaren 30a 12:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

"Igo zaitez denboraren makinara" lelopean, Bizkaiko Foru Aldundiak Arrolako Irunera eta Ereñozarko San Migelera abuztuan egingo diren bisita gidatuak aurkeztu ditu. Arrolako Iruna eta Ereñozarko Erdi Aroko gaina interes historiko eta arkeologiko handia daukaten bi ondare-elementu garrantzitsu dira.

Busturialdea eskualdean, Urdaibai barruan, aztarnategi bi hauei buruz ikerketa arkeologikoa egiten ari da, eta bisita gidatu hauen bitartez Bizkaiko Foru Aldundiak azken aurkikuntzei buruzko informazioa jendearen esku jarriko du. Busturialdea Bizkaiko gune pribilegiatua da, eta natur ondare aberatsaz gain historia eta kultur ondare handia ere dauka. Bizkaiko Foru Aldundiak eskualde horren ahalmena bultzatzen laguntzen du lehengoratze eta balioztatze lan ugariren bitartez. Hala gertatzen da Arrolako Iruneko eta Ereñozarko San Migeleko arkeologi azterketa eta ikerkuntza proiektuekin, horien bitartez lehen mailako bi ondare-ondasun lehengoratuko baitira. Eta bisita gidatuen bitartez, helburua bi ondare-elementu horiei buruzko ezagutza hedatzea da, eta horrez gain, Busturialdera bisitariak erakarriko dituen turismo-eskaintza sortzea. Bisita bien ezaugarri komuna da mendi baten gailurrean daudela, kokaleku estrategiko batean, eta bertatik Urdaibaiko haranaren ikuspegi ederraz gozatzeko aukera dagoela.

Leku bietara errazago iristeko, bisita gidatua tren turistiko batekin osatuko da. Tren horrek bisitariak gailurretik ahalik eta hurbilenera eramango ditu, hori irisgarritasuna errazteko eta Busturialdeko bizilagunen artean zein Lurralde Historikoko eta beste edonongo gainerako bizilagunen artean bisitari buruzko interesa pizteko modua delakoan. Izan ere, bisitak lau hizkuntzatan eskainiko dira.

Arrolako Iruna

Arrolako herrixka gotortuak dagoen mendiaren izena hartzen du, eta barnean hartzen ditu Arratzu, Mendata eta Nabarniz udalerriak. Kristo aurreko IV. mendekoa da, Burdin Arokoa, hain zuzen ere Bizkaiko historian berebizikoa eta ez oso ezaguna den garai batekoa. Defentsa-bastioi sendoa, oraindik ere harresien eta ateen egitura ikusteko moduan daukana. Etengabe harritzen gaituen arkeologi aztarnategi garrantzitsua.

Ereñozar

Ereñozarko Erdi Aroko gainak, Ereño herriaren gainean, gaur egun gailurrean dagoen ermitatik harago dauden sekretuak gordetzen ditu. XI. mendeko gaztelu bat, parrokia bati atxikitako nekropolia, gotorleku gisa erabili izana, hilarri bitxiak, ehorzketa bikoitzak. Asko dira Ereñozarko San Migeli buruz nabarmendu beharreko historia eta arkeologia alderdiak. Arkeologi lanak 2008an hasi ziren, Bizkaiko Erdi Aroko Gazteluen Azterketa izeneko proiektu orokorraren barruan. Irailean 2012ko kanpaina hasiko da, eta helburua Ereñozarko hegoaldea aztertzea izango da.

Bisiten programa

Bisita gidatuen programa abuztuaren 3an hasiko da eta astelehenetik ostiralera egingo da. Ereñozarrerako bisitak ostiral eta igandeetan egingo dira Ereñoko garaitik: eta Arrolako Irunera larunbat eta astelehenetan, Nabarniz udalerritik. Bisitak egiteko interesa dutenek lau hizkuntzaren artean aukeratu ahal izango dute: gaztelania, euskara, ingelesa eta frantsesa. Orduei dagokienez, bisita bat 11:00etan izango da, eta beste bat 17:00etan. Arratzu udalerritik Arrolako Irunera oinez egiteko bi bisita berezi ere programatu dira. Abuztuaren 15ean eta 29an egingo dira 09:30etatik aurrera, eta irteera-puntua herriko Udaletxea izango da.

Bisiten prezioa 3 € da banakako txartelerako, 2 € 10 lagunetik gorako taldeen, familia ugarien, erretiratuen, langabetuen edo ezgaitasunak dituzten txartelerako. 12 urtetik beherakoentzat txartela doakoa da. Arrolako Iruna + Ereñozar txartel konbinatuaren prezioa 4€ da, eta 3€ talde berezientzat. Kontuan hartuta bisita bakoitzeko pertsona kopurua gehienez 15ekoa izango dela, aurretiaz hitzordua eskatu behar da. Horretarako jendearen eskura 677.36 62 96 telefono zenbakia eta bizkaikobisitak@euskaltel.net helbide elektronikoa jarri dira.

Azkenik, Arrolara zein Ereñozarrera joaten diren bisitari guztiak doan sartu ahal izango dira, txartela aldean eroanda, Mallonako Bidarrietan (Zazpi Kaleak) dagoen Bizkaiko Arkeologi Museora. Bertan Bizkaiko historia sakonago ezagutzeko aukera izango dute.

 
 
Aldundiaren logotipoa