Hemen zaude:
Ostirala, 2012(e)ko Abuztuaren 10a 14:00
Kulturako foru diputatu M. Josune Ariztondok parte hartu du 1912ko abuztuaren 12an Bizkaiko kostaldea astindu zuen galernaren ehungarren urteurrena gogoratzeko ekitaldietan. Agintariek eta auzokoek itsas hondamendiaren ondorioz hil ziren 143 arrantzaleak gogora ekarri dituzte, Bermeon.
Gaur goizean, orain dela ehun urte jaso zen zorigaiztoko gertaera gogora ekartzeko ekitaldiak egin dira. Hildako arrantzaleen omenezko lore-eskaintza egin da, portu zaharrean, “Azken olatua, azken arnasa” eskulturaren aurrean. Nestor Basterretxea aretoan, Javier Elortegi zuzendariaren “Galerna, la tormenta desconocida” dokumentala eman da –Foru Erakundeko Kultura Sailaren laguntza du dokumental horrek–, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzale Museoan, non orain “Galerna 1912-2012” erakusketa ikusgai baitago, Alberto Bilbaoren “Bermeo 1912” laburmetraia proiektatu da.
Bizkaiko kostaldean 1912. urtean gertatutako galernak Bermeo, Elantxobe, Lekeitio eta Ondarroa herrien bizitza astindu zuen. Ezbeharrak kaltetutako arrantzale gehienak bermeotarrak ziren.
Sasoi hartako mapak aztertu ondoren, Santa Clara gaueko galerna horri buruzko hipotesi gaur egungo hipotesi onartuenaren arabera, galerna frontal bat izan zen eta, ondoren, ziklogenesi esplosibo bat gertatu zen.
Lehorrean ekaitzaren abisua eman zuten; baina, ezinezkoa izan zen itsas zabalean zeuden ontziei egoera meteorologikoaren berri ematea. Astelehen arratsaldean hasi zen ekaitza, eta gauean astindu zuen gogorren. Abuztuaren 13an, baretu egin zen zertxobait, eta ontzi batzuk itzultzen hasi ziren; hala ere, inork ez zekien non zeuden beste batzuk. Galernatik onik irten ziren arrantzaleek bizi izandakoaren nondik norako tragikoak kontatzen zituzten. Guztira, 143 gizon hil ziren: 116 Bermeokoak, 8 Elantxobekoak, 16 Lekeitiokoak eta 3 Ondarroakoak. Hildakoen batez besteko adina 29 urte zen. 75 emakume geratu ziren alargun, eta 225 haur umezurtz.
Abuztuaren 22an egin ziren galernaren biktimen aldeko hileta-elizkizun jendetsuak, Andra Mariaren Zeruratzea Bermeoko elizan; besteak beste, Alfonso XIII. erregea eta elizbarrutiko apezpikua zen José Cadena y Eleta monsinorea izan ziren.
Tragediaren oihartzuna mugatik kanpora ere heldu zen. Agintariek eta gizarte osoak azaldu zuten beren dolumina, eta, handik gutxira, tragediaren biktimen aldeko karitatea ere heldu zen. Garai hartan ez zegoen babes sozialik, eta halako kasuetan dohaintza eta harpidetza publikoetatik heltzen zen laguntza.
Galerna gertatu zenean, 1912. urtean, aldaketa handiak gertatzen ari ziren arrantzan. Arraun eta belatik propultsio mekanikora pasatzen ari zen; arrantza-arteak berritzen ari ziren, eta arrantzaleen kofradien egitura gremiala bera ere aldatzen ari zen.
Galernaren ondoren, arrantzaleen kofradiek eta iritzi publikoak arrantzaleen segurtasuna aztertzeko eskatu zieten erakundeei. Prentsan, aholku, proposamen eta kexa asko argitaratu ziren, eta asanblada zein bestelako ekitaldi ugari antolatu ziren arrantzaleen bizimoduaren alderdiak aztertzeko.
Hainbat gauza eskatzen ziren: galerna eta borraska-fronteen berri garaiz ematen zuten behatoki meteorologikoz osatutako alarma-sistema bat ezartzea, babesteko portuak eta salbamendurako ontzi batzuk sortzea, arrantza-eskolak egitea, arrantzako ontzietan motorrak jartzea, eta ontzi zein arrantzaleentzat aseguruak izatera behartzea.
Eskaera horietako batzuk onartu ziren, eta, ondorioz, 1912ko galernan gertatu zen bezala ezbeharrek askotan astindutako kolektibo honen lan baldintza prekarioak hobetu ziren neurri batean. Adibidez, 1914. urtean Bermeoko olatu-horma eraiki zuten.