saltatu edukira
Aldundiaren Logoa
 

Bizkaimedia. Prentsa Kabinete Digitala

Hemen zaude:

NBA “IKUSKIZUNA” BILBORA IRITSI DA

Osteguna, 2012(e)ko Irailaren 13a 13:00

  • e-mailez bidali
  • Facebook bidez Partekatu
  • Twitteatu

Irailaren 15ean eta 16an Areatzako Kaian egingo den NBA 3X txapelketa ofizialean, hiru jokalariko taldeak lehiatuko dira adinaren eta sexuaren arabera bereizitako kategorietan

Munduko saskibaloi-ligarik garrantzitsuenaren "magia" osoaz gozatu ahalko da Bizkaiko hiriburuan, streetball erakusketak, bideojokoak eta lehiaketa eta sari ugari barne hartuko dituen asteburu batean

NBA 3X txapelketan kirolariek, saskibaloiaren zaleek nahiz familiek parte hartu ahalko dute; Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak NBArekin eta BBVArekin dituzten lankidetza-akordioei jarraiki antolatu den ekitaldi bat da

Eric Gordon-ek, New Orleans Hornets taldeko jokalariak, Bilboko ikusleei bere esperientziak kontatuko dizkie, NBA ligako klasiko baten animatzaileekin, Orlando Magic taldearenekin, hain zuzen

Areatzako Kaia saskibaloiko “jokaleku erraldoi” bihurtuko da datorren asteburuan, irailaren 15ean eta 16an Bizkaiko hiriburuan egingo den NBA ikuskizuna hartzeko. Bilbon NBA 3X txapelketa ofiziala egingo da bi egun horietan, 2011ko urtarrilean Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, National Basketball Associationek eta BBVAk sinatu zuten Hitzarmen bati esker. Hitzarmena Bilbao-Bizkaia markak nazioartean duen proiekzioa eta hiriaren erakargarritasun turistikoa Estatu Batuetan nahiz Europan bultzatzeko sinatu zen.

NBA 3X txapelketa kirol-ekitaldi bat da, eta adinaren eta sexuaren arabera bereiziriko kategorietan egingo diren lehiaketez gain, entretenimendu-proposamen interaktiboak eskaintzen ditu adin guztietako pertsonentzat eta, bereziki, munduko saskibaloi-ligarik garrantzitsuenaren “legenda” ezagutu eta konpartitu nahi duten gazte eta familientzat. Partiduen eta jardueren egitaraua datorren larunbatean hasiko da, irailaren 15ean, goizeko 9:00etan, eta 19:00etara arte iraungo du. Igandean, irailaren 16an, jarduerak 9:00etan hasi eta 17:00etan bukatuko dira, ekitaldiz betetako egun luze baten ostean. Bertan, Bilboko jarraitzaileek NBA markaren “magiaz” eta “xarmaz” gozatzeko aukera izango dute.

3X txapelketa FIBA 3X3 Arau Ofizialen arabera jokatuko da. Bertan, lau laguneko taldeek parte hartu ahalko dute (hiru jokalekuan eta ordezko jokalari bat) honako lau kategoria hauetan: 12 urtetik beherako neska-mutilak, sub 14, sub 16 eta 17 urtetik gorakoak. Talde guztiek bi partidu jokatuko dituzte gutxienez, eta partidu bakoitzak 5 minutuko bi zati izango ditu. Jokalekua 10x10 metrokoa da. 17 urteko kategoriako irabazleek NBA 3X Txapelketaren Estatuko Finalean parte hartu ahalko dute. Finala Bartzelonan jokatuko da urriaren 8an eta 9an. Talde irabazleak zuzenean “bizi” ahalko du F.C. Barcelonaren eta Dallas Mavericks taldearen (NBAko 2011ko txapelduna) arteko partidua.

Eric Gordon, NBAko "izarra” Bilbon

Eric Gordon, New Orleans Hornets taldeko jokalaria, Bilbora joango da NBA ligako “izar” gonbidatu gisa, bere esperientziak Areatzako Kaian prestatu diren instalazioetara hurbiltzen direnekin konpartitzeko. NBAko Orlando Magics taldeko dantzariek ere Bizkaiko hiriburua bisitatuko dute, eta Areatzako Kaian beren ikuskizunik onenak eskainiko dituzte bi egunetan. Floridako “cheerleader”ak beren dantza, jazz eta hip-hop prestakuntzagatik dira ezagunak, eta mundu osoan ordezkatzen dute animatzaileen irudia, Estatu Batuetako saskibaloiaren tradizioarekin eta historiarekin lotuta betiere.

Lankidetza estrategikoa

NBA 3X txapelketa Bizkaiko hiriburuan antolatzean beste aurrerapauso bat eman da Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak, National Basketball Association-ek eta BBVAk sustatzen duten lankidetza-politikan. Orain arte elkarrekin egin dituzten jardueren balantzea “oso ona” izan da Bilbao-Bizkaia marka jomuga turistiko gisa nazioartean ezagutzera eman, hedatu eta identifikatzeko. Estrategia honen adibide argi bat Bilbok eta Bizkaiak Londresko Joko Olinpikoetan izan duten presentzia da; izan ere, NBAren eskutik, toki propioa izan baitute Covent Garden-en.

Abuztuaren 4a eta 12a bitartean, 5.000 pertsona baino gehiago joan ziren egunero Udalak eta Foru Aldundiak NBA House-k Ingalaterrako hiriburuan zituen instalazioetan jarri zuten standera. Gainera, VIP eremu bat ere prestatu zen, Bilborekin eta Bizkaiarekin lotutako negozio-aukerak eta potentziala ezagutzeko interesa zuten enpresen, ekonomiaren, finantzen, diplomaziaren, turismoaren, kulturaren eta kirolaren arloetako nazioarteko ordezkariak hartzeko.

IZENA EMATEKO

NBA 3X txapelketan zuzenean eman daiteke izena esteka honen bitartez.

http://nba.playoffinformatica.com/Event.php?idEvent=36&idCategoria=38http://nba.playoffinformatica.com/Event.php?idEvent=36&idCategoria=38http://nba.playoffinformatica.com/Event.php?idEvent=36&idCategoria=38

http://soy.bluebbva.com/me-divierto/nba/enterate/

http://www.facebook.com/events/490555727638745/

 
 
 
Aldundiaren logotipoa