Hemen zaude:
Osteguna, 2012(e)ko Irailaren 13a 08:59
Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, MHS/AP-8 errepideak bete egin ditu, bere lehen urtean, eraiki zenean ezarri zitzaizkion helburuak: A-8 autobidearen alternatiba izatea eremu metropolitarrean, eremu horretako errepideen funtzionaltasuna hobetzea, ibilgailuen pilaketak eta istripuak nabarmen murriztea, eta ekiditea ibilgailu astunak eta gai arriskutsuak eramaten dituztenak Sabino Arana, Basurtu, Errekalde, Zorrotza, Lezeaga eta Bentazarratik igarotzea.
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioen foru diputatuak gogorarazi du premia handikoa zela A-8 autobidearen bide alternatibo bat eraikitzea Bilbo inguruan. Eskakizun sozial horrek eskatu zuen ahalegin tekniko eta ekonomiko handia erabat justifikatuta dago. MHS/AP-8 errepideak ibilbide luzeko trafikoak hartzen ditu, hau da, arinen eta seguruen Bizkaira sartu edo Bizkaitik irten nahi dutenak; ondorioz, A-8a ibilbide laburreko trafikorako geratzen da, alegia, eremu metropolitarraren barrukorako.
Saihesbidea ibilgailuentzat zabaldu zen egunetik aurrera, ibilgailu astunek eta salgai arriskutsuek mugatuta eduki dute Bilboko hirigunean ibiltzea, hau da, mugatuta eduki dute A-8 autobidearen eta Cadaguako korridorearen loturan hasi eta Larraskituko lotunera arteko zatian —Sabino Arana, Basurtu, Errekalde, Zorrotza, Lezeaga eta Bentazarra auzoen parean— ibiltzea. Muga horiek ezarrita hobetu egin gura da auzo horietan bizi direnen segurtasuna, garraio publikoaren trafikoa erraztu gura da eta hirira sartu edo bertatik irten gura duten ibilgailuak errazago zirkulatzea ahalbidetu gura da, eremu hori kritikoa baita Bilboko metropoli aldeko irisgarritasuna eta mugikortasunari dagokionez. Auzo horietatik igarotzen diren ibilgailu astunek eta salgai arriskutsuek doako aukera bat dute: Txorierriko korridorea. Korridorean, ibilgailu gehiago ibiltzen dira; hala ere, ez da ez pilaketarik ez bestelako arazorik sortu.
Herri Lanen diputatuak azaldu duenez, 2004. urtean diseinatutako aurreikuspenak ez dira bete, krisialdi ekonomikoa dela-eta. Aurreko urteetako eboluzioaren arabera, aurrez ikusten zen Bizkaiko errepideetan trafikoa % 22 areagotzea 2005. urtetik 2011. urtera bitartean. Baina, krisialdi ekonomikoak kontrako eragina sortu du: trafikoa % 1 baino gehiago murriztu da aldi horretan, eta 2012ko datuen arabera ematen du gehiago murriztuko dela. Murrizketa horrek bi ondorio izan ditu: batetik, aurrez ikusitakoa baino txikiagoa izan da MHS/AP-8 errepidearen erabilera, eta, bestetik, bidesaririk gabeko errepide alternatiboetan hobeto ibili ahal izan da. Gaur egun, batez bestekoa egunean 14.000 ibilgailu da; haietatik 4.300 ibilgailu astunak dira. Kopuru hori areagotu egin zen bidesariak murrizteko garraio-sektorean lortutako akordioei esker, eta, batez beste, egunean 5.100 ibilgailuk erabili zuten errepidea doakoa izan zen egunetan.
Itziar Garamendik azaldu duenez, krisiaren ondorioz trafiko-mailak ez betetzeak ez dakar azpiegitura honen beharra eta erabilgarritasuna zalantzan jarri behar izatea. Hau da aurrez ikusitakoa baino trafiko txikiagoa izatearen ondorioa: Bizkaiko Foru Aldundiak diru gutxiago biltzea bidesariak direla-eta; hala ere, beste faktore batzuek neurri handi batean konpentsatzen dute egoera hori. Hona hemen faktore horiek: inflazio-indizeak kalkulatutakoak baino txikiagoak izatea, eraikuntzaren kostua 172 milioi euro murriztu izana, eta errepidea ustiatu eta mantentzeko gastuak ere txikiagoak izatea.
Azkenik, Herri Lan eta Garraioen diputatuak azpimarratu du MHS/AP-8 errepidea martxan jartzeak ez duela eragin Txorierriko korridorean (N-637) trafikoa pilatzea eta, era berean, nabarmen hobetu da A-8ko zirkulazioa Ezkerraldeko lotuneetatik Larraskituraino. Trafiko-pilaketa nabarmen murrizteaz gainera, istripu-tasa eta arrisku-indizeak eta lesioen arriskua ere murriztu egin dira; faktore horiek guztiak sarrera ekonomikoen aurreikuspena baino garrantzitsuagoak dira.