Hemen zaude:
o Bizkaia munduko lehenengo gobernua da biztanle guztiei posta elektronikoko kontuak eskaintzen dizkiena.
o Aste honetan, 100.000 gutun bidali dira proiektu honen udal pilotuetara, herritarrek bizkaia.eu posta-sistema aktibatu ahal izateko.
o 5 GB-ko edukiera, doakoa, elebiduna, erabiltzen erraza eta publizitaterik gabea.
Dagoeneko abian da bizkaia.eu posta-sistema, BiscayTIK proiektuaren ardatzetako bat. Pertsonei zuzeneko laguntza emateko helburuaz diseinatu da; izan ere, tresna hori administrazioarekin harremanetan jartzeko zein beren kontu pertsonaletarako erabili ahal izango dute.
Udalak proiektu honetan inplikatu behar direla jakitun, Bizkaiko Foru Aldundiak hainbat bilera egin ditu EUDEL-Bizkaiko zuzendaritzarekin, udal ordezkariekin eta teknikariekin, informazioa emateko, zuzeneko inplikazioa eskatzeko eta, hala, era koordinatuan lan egiteko.
Horretarako, aste honetan 100.000 gutun pertsonalizatu bidaltzen ari zaizkie proiektuaren udal pilotuetan (Basauri, Abanto-Zierbena, Balmaseda, Basauri, Galdakao, Mundaka eta Arratiako Mankomunitateko udalak) erroldatutako 14 urtetik gorako guztiei. Uztailaren 7tik aurrera, Bizkaiko gainerako herritarrei bidaliko zaizkie gutunak (milioi bat ale bidaliko dira).
Gutun pertsonalizatuan, aktibatzeko kode bat eta www.bizkaia.eu web orrialderako esteka bat azaltzen dira. Bertan, interesdunak aukera du posta elektronikoko kontu berria sortzeko, bizkaia.eu domeinuari lotua. Nahi duen izena jarri ahal dio kontuari. Horrez gainera, posta elektronikoko helbide bat eta erabiltzaileei laguntza emateko doako telefono bat jartzen dira erabiltzaileen eskura. Bertan, herritarrek aukera izango dute bizkaia.eu posta elektronikoaren erabilerari buruzko galderak egiteko eta zalantzak argitzeko.
Prestazio altuko posta sistema da, ezaugarri nagusi hauek dituena: Doakoa da erabiltzailearentzat; mezuak bidali eta jasotzeko aukera ematen du; postontziaren edukia 5-GBkoa da; kontaktuak kudeatzeko aukera ematen du; zereginen egutegia dauka; euskaraz eta gaztelaniaz dago; irisgarritasunerako A bikoitza du, desgaitasunen bat duten pertsonek ere erabili ahal izateko, eta ez du publizitaterik.
Aurrekoez gainera, honako hau esan daiteke posta elektronikoko helbide honetaz: “toki-administrazioaren eta bizkaitarren arteko komunikazio digitalerako formula bihurtuko da; haren bitartez, bizkaitarrek aukera izango dute zuzenean diru-laguntza berriei, lan-eskaintzei, kontratu publikoei, eskaeren epeei, kanpainen hasierari eta amaierari edo beren intereseko beste edozein gaiari buruzko informazioa izateko”.
Bihartik aurrera, bizkaia.eu posta-sistemaren komunikazio-kanpaina abiaraziko du Aldundiak. Gutunen bidalketarekin batera hasiko da kanpaina. Helburua zerbitzu hau gizarteari hurbiltzea, ezagutzera ematea eta herritarrak erabiltzera animatzea da.
BiscayTIK proiektua helburu birekin sortu zen: informazioaren teknologiak hurbildu eta horien erabilera gizartean sustatzea eta Bizkaia informazioaren eta ezagutzaren teknologia berrien Europako erreferente bihurtzea.
Proiektuak 45 milioi euroko inbertsioa izango du, gutxi gorabehera. Espero da 30-40 lanpostu berri sortzea, eta beste 150 lanpostu haren eraginez. Hona hemen proiektuaren hiru ardatzak: bizkaitar guztientzako doako posta elektronikoa sortzea, euskaraz eta gaztelaniaz eta publizitaterik gabea, bizkaia.eu domeinuari lotua; udaletan erabiltzen diren sistema informatikoak berritzea eta herritarrek administrazioarekiko izapideak egiteko web atari bat sortzea (haren bidez, herritarrek aukera izango dute ehun izapide Internet bitartez egiteko), eta nazioartean aitzindaria den zentro teknologoko bat sortzea, proiektu berritzaile hau garatzeko.
BiscayTik hasi da lehenengo fruituak ematen. Esaterako, Leioako behin-behineko zentroa bete-betean ari da lanean, eta 20 pertsonak baino gehiagok dihardute bertan teknologia berriei lotuta dauden eta oso berritzaileak diren zereginetan. Zentroko jarduerei eta zentroak sortzen duen aberastasunari laguntzeko, BiscayTIK fundazioa sortu zuen Aldundiak apirilean.
Horrez gainera, Bizkaiko Foru Aldundia behar diren urratsak ematen ari da behin betiko zentro teknologikoa eraikitzeko. Zentroa Getxon egongo da, Bake-Eder jauregian.