Hemen zaude:
Astelehena, 2012(e)ko Maiatzaren 7a 12:30
Gizarte Ekintza Sailak deia egiten dio gizarteari, 10 pertsona edo familia behar baitira 3 urtetik beherako neska-mutilei larrialdiko harrera-zerbitzua emateko, eta 15 familia gehiago, 3 urtetik 13ra bitarteko adingabeak hartzeko.
Gizarte Ekintza Sailak familia-harrerarako kanpaina berria jarri du abian. Izan ere, familia solidarioak behar dira, zenbait arrazoi tarteko familia naturalarekin bizi ezin diren adingabeak beren etxean hartzeko prest daudenak. Lankidetza horrek konpromiso zaila hartzea eskatzen du. Izan ere, harrera-familiak adingabearen arazoetan inplikatu behar dira eta garatzen, hazten eta heltzen lagundu behar diote umeari. Halaber, laguntza eman behar diote familia naturalarekin itzultzeko, harengandik banatzeko arrazoiak gainditzen direnean.
Zehazki, 10 pertsona edo familia behar dira 3 urtetik beherako neska-mutilei larrialdiko harrera-zerbitzua emateko, eta 15 familia gehiago, 3 urtetik 13ra bitarteko adingabeak hartzeko. Halaber, umeak asteburuetan eta oporretan hartzeko prest dauden familiak bilatzen dira.
Harrera legezko neurri bat da. Haren bidez, mutil, neska edo nerabe baten zaintza pertsona edo familia bati ematen zaio betebehar batzuekin. Hain zuzen, familia adingabeaz arduratu behar da, berarekin eduki behar du, arreta eskaini behar dio, elikatu eta zaindu behar du eta prestakuntza integrala eman behar dio. Hori guztia egin behar du, gainera, umeak behar duen denbora guztian eta norberaren seme edo alaba izango balitz bezala, halakoa ez dela jakin arren.
2012ko kanpainan zenbait publizitate-espazio erabiliko dira, programaren berri emateko. Halaber, web orri bat prestatzen ari gara, honako hauen testigantzak ezagutzera emateko: harrera-familiak, euren seme-alaben garapenerako beste familia batzuen laguntza behar duten guraso biologikoak, edo harreran hartutako adingabeak.
2011. urtean 65 familia eta pertsona inguruk hartu zuten parte Bizkaian familia-harreraren prozesuan. Urtearen amaieran formalizatu egin ziren
2011ko abenduan, Bizkaiko Foru Aldundiak adingabeen familia-harrera erraztu eta laguntzeko konpentsazio ekonomikoen arautegia egokitu zuen.
Konpentsazio ekonomiko horien helburua familia-harrera erraztu eta laguntzea da, eta laguntza ekonomikoa jasotzen da harrera-familiek euren gain hartzen dituzten mantenu eta osasun-laguntzarako gastuetan laguntzeko. Hala, harrera soil iraunkorrerako eta neba-arreba taldeen adopzio aurreko harrerarako, 368 euroko laguntza bat ematen da; beharrizan bereziak dituzten umeen harrerarako, 484 eurokoa, eta larrialdiko harrerarako, 614 eurokoa.
Familia-harreraren helburua honako hau da: adingabeak harrera-familia batean garatu eta integratzea, familia horretako parte balira bezala. Halaber, mantendu eta hobetu egingo dute euren gurasoekin duten harremana, eta itzultzeko prozesua erraztuko da itzultzea posible den kasuetan.
Horrenbestez, harrera aldi baterako neurria da, eta Eusko Jaurlaritzaren Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babesteko 3/2005 Legean arautzen da.