Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Ekainaren 26a 12:30
Bizkaiko Foru Aldundiak arazo ekonomikoak dituzten udalei zorpetze-muga handitzeko aukera emango dien Foru Arauaren dekretu arautzailea onartu du. Hala, udal horiek kontratistei eta hornitzaileei zor dizkieten kopuruak ordaindu ahal izango dizkie. Dekretua datozen egunetan jarriko da indarrean, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean.
Neurri horrekin, Foru Aldundiak saihestu egin nahi du udal batzuek krisi ekonomikoaren ondorioz dituzten arazo ekonomikoak hirugarrenei jasanaraztea, beste inork ez baitu zertan jasan udalon arazoak.
Zorpetze bereziaren sistema erabili nahi duten udalek baldintza batzuk bete behar dituzte. Esaterako, ebazpen judizial irmoen ondoriozko ordainketa-obligazioak direnean, zorren zerrenda egiaztatua aurkeztu beharko dute udalek. Zerrendan, hornitzailearen izena, zor den zenbatekoa eta ebazpen judizialaren data jaso behar dira.
Halaber, Aldundiak zorpetze-eragiketa onartu aurretik, udalek doitze-plan bat egin behar dute, eta Foru Erakundeari aurkeztu. Doitze-plan horrek aukera emango du udalaren funtzionamendu arrunta bideratzeko, esleituta dauzkan zerbitzuak emateko eta zorpetze-eragiketa bera amortizatzeko.
Zorpetze-eragiketak –Foru Aldundiaren eta finantza-erakundeen artean negoziatu da– zenbait baldintza dakartza. Zorra, gehienez, 10 urtean amortizatu behar da, baina aparteko egoeretan, 15 urte arte luzatu daiteke epe hori–, eta gehienezko 2 urteko gabealdia izango du. Aukera ere badago ordaindu gabe dagoen zorra zatika edo osorik amortizatzeko penalizaziorik gabe. Foru Aldundiak bere gain hartuko ditu finantza- erakundeei ordaindu beharreko hileko kuotak, eta zenbateko horiek udal bakoitzari dagokion Udalkutxaren finantzaketa-funtsetik deskontatuko dira.
Erantsitako fitxategiak: