Hemen zaude:
Larunbata, 2012(e)ko Uztailaren 14a 11:00
Harekin batera izan dira José Manuel Coterón alkatea eta udalbatza
Irene Pardo Nekazaritzako Diputatua, sail horretako zuzendari Ikerne Zuluaga eta Aldundiko arlo horretako zenbait teknikari Turtziosen izan dira, erabilera publikoko mendiak bisitatzen. Tokian tokiko udalarekin adosturik, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio antolamendu-planetan ezartzen diren jarduerak planifikatu eta gauzatzea, eta, horretarako, Nekazaritza Sailaren funtsekin eta Udalaren hobekuntza-funtsarekin finantzatzen dira jarduerok. Beraz, hori dela-eta izan da foru diputatua Turtziosen, hango alkate José Manuel Coterón eta udalbatza lagun zituela.
Antolamendu-plan horien arabera, basoen kudeaketa iraunkorraren ziurtagiriaren sisteman sarturik daude baso horiek, eta horrek esan nahi du baso horietatik ateratzen den zur guztiak jasotzen duela ziurtagiria. Era berean, beste ondorio bat ere badakar horrek: Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Sailak baso horietan egiten duen kudeaketak basoen kudeaketa iraunkorraren adierazle eta jarraibide guztiak jarraitzea, eta baso-masak denboran irauten dutela bermatzea.
Izan ere, baso-masa horiek Bizkaiko onura publikoko basoen katalogoan jasota daude, eta onarturik dauzkate beren antolamendu-planak. Baso-masen egituran antolamendu egoki bat lortzea da plan horien helburua, eta, hala, joera zera izaten da: baso-aprobetxamenduaren eta basoetako oinen maila egonkor bat bilatzea, kontuan harturik basoetako ekosistemen osasuna eta bizitasuna, haien dibertsitate biologikoa, ibai arroen kontserbazioa eta lurren higaduraren kontrola. Dena dela, horiekin guztiekin batera, basoen funtzio produktiboa ere zaindu nahi da, zur legez ematen duen ondasunagatik eta udalerriaren alderdi sozioekonomikoa bultzatzeko.
Zehazkiago esateko, basoa lurraldearen osagai nagusietako bat da Turtziosen. Onura publikoko basoak dituen 1.402 hektareari gehituz gero jabe pribatuenak eta Udalak hartzeko libre dauzkanak, 1.772 hektarea dira guztira. Horrek esan nahi du udalerriko azaleraren % 60 dela ia-ia basoa.
Turtzioseko udalerria Enkarterrin dago, eta bi baso ditu bere lurraldean onura publikokotzat jotarikoak: Remendón da bat, 1.784,53 hektarea dituena, eta Betaio da bestea, 778,48 hektarea dituena. Guztira, beraz, 2.563,04 hektarea dira, 3.054 hektarea dituen udalerri batean. Gainera, Remendón mendia Turtziosek eta Karrantzak partekatzen duten Armañongo Natura Parkearen barruan sartzen da.
Bi mendi horietako basoetako espezieei begiratuz, espezie nagusia intsinis pinua dela ikusten da (481 hektarea guztira); haren atzetik datoz beste hauek: artea, 293 hektarea; eukaliptoa, 249; hemengo haritza, 219,68 hektarea; pagoa, 69; douglas izeia, 50 hektarea, eta, azkenik, baso atlantiar nahasia, 41. Guztira, 1.402 hektarea baso dira. Erabilera publikoko mendiotako gainerako azaleran, partikularrei lagatako belardiak daude, alde batetik, eta, batez ere, gune karstikoko laugune eta larreak (747,65 hektarea).