Hemen zaude:
Asteartea, 2012(e)ko Otsailaren 28a 12:30
ETEak eta Autonomoak Berrabiarazteko 2012-2015 Planak berrikuntza, inbertsio eta nazioartekotze proiektuak diruz lagunduko ditu.
Aldundiak, gainera, plan horren lehenengo 5 Dekretuak onetsi ditu 2012rako laguntzekin, zenbatekoa guztira 13,8 miloi euro dela.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean “ETEak eta Autonomoak Berrabiarazteko 2012-2015 Plana” aurkeztu du. Urte anitzeko plan horretan 90 milioi euro inbertituko dira, eta 2015erako helburu gisa, 2.300 ETEri eta 800 pertsona autonomori laguntza ematea ezarri du, gehienez 300 milioi euro inbertitu ahal izateko eta 46.000 lanpostu sendotu ahal izateko.
Ekonomi Sustapeneko diputatu Imanol Pradalesek (Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurreko hizketaldian) azaldu duenez, “urte anitzeko inbertsio plan honek hiru jarduera-ildo ditu oinarrian: berrikuntza, horretan Bizkaiko Foru Aldundiak 60 milioi euro inbertituko baititu; inbertsioa, 16 milioi euroko partida izango baita; eta ETE-en eta autonomoen nazioartekotzea, arlo horretan 14 milioi euro inbertituko baitira”.
1-BERRIKUNTZA (60M): Lehenengoz, Bizkaiko Foru Aldundiak zentro teknologikoetan enpresa-proiektu berritzaileak garatzea sustatuko du, “ezagutza berritzaile hori zentro teknologikoetatik enpresetara transferitu ahal izateko”.Imanol Pradalesek azaldu duen bezala, arlo horretako laguntzen erdia, “Zornotzan dagoen Automozioko Adimen Zentroa sendotu, handitu eta nazioartean hedatzeko” erabiliko dira.
Ekonomi Sustapen Sailak 2015erako ezarri duen helburua, Bizkaiko 1200 ETEtan berrikuntzako proiektuak bultzatzea da; alde horretatik, bultzada horrek guztira 100 milioi euroko inbertsioa ekarriko du, eta 24.000 lanpostu sendotzen lagunduko du.
2-INBERTSIOA (16M): Bigarrenez, Imanol Pradalesek azaldu duenez, “inbertsioaren arloan, pertsona autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek egiten dituzten inbertsioen finantza-kostuak murrizteko diru-laguntzak abian jarriko ditugu”.
Bizkaiko Foru Aldundiak kalkulatu duenez, datozen lau urteetan, 600 ETEk eta 800 pertsona autonomok jasoko dituzte diru-laguntza horiek. Guztira 150 milioi euroko inbertsioa izango dela eta gehienez 12.000 lanpostu sendotuko direla aurreikusi da.
3-NAZIOARTEKOTZEA (14M): Azkenik, Aldundiak Bizkaiko ETEen eta enpresa-elkarteen eskura guztira 14 milioi euro jarriko ditu euren nazioarteko lankidetza eta nazioarteko merkatu berrietan bezeroen bilaketa bultzatzeko.
Arlo honetan, Ekonomi Sustapen Sailak kalkulatu du 2015ean 500 ETE nazioartekotzen lagunduko duela, ETE horiek 50 milioi euro inbertituko dituztela eta 10.000 lanpostu finkatuko dituztela.
13,8 MILIOI EURO 2012RAKO
“ETEak eta Autonomoak Berrabiarazteko urte anitzeko Plan” honetan lanean hasteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak gaur goizean 2012rako laguntzen lehenengo bost dekretuak onetsi ditu. Dekretu horietan diru-laguntzak ageri dira, 13.868.000 milioi eurotan.
Lehenengoz berrikuntza arloarekin zerikusia daukaten hiru dekretu onetsi dira, guztirako balioa 7.620.000 milioi euro dela:
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak inbertsioari laguntzeko laugarren dekretu bat onetsi du, 3.854.000 euroko dotazioarekin. Horrela, Imanol Pradalesek adierazi duen moduan, “orain arte ETEei eta autonomoei eman diegun laguntza finantzarioa bikoiztuko dugu; izan ere, 2012an, kontratatzen duten maileguaren % 10 arte diruz lagunduko diegu”. Horrek esan nahi du 10.500€ra arteko laguntza izango dela pertsona autonomoentzat eta 60.000ra artekoa ETEentzat”.
Azkenik, Ekonomi Sustapeneko diputatuak Gobernu Kontseiluak gaur goizean onetsi duen bosgarren dekretuaren berri eman du, “nazioartekotzea sustatzeko dekretua, 2.394.000 euroko dotazioarekin; horren onura jasoko dute enpresa elkarteek zein irabazteko asmorik gabeko erakundeek eta Bizkaiko ETEek, nazioartekotzeko proiektuak aurkezten badituzte, ordezkaritza berriak irekitzen badituzte eta/edo merkatu berrietara hedatzen badira, arreta berezia merkatu gorakorrei emanik”
DIBULGAZIO LIBURUXKA
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi Sustapen Sailak, gainera, 32 orriko dibulgazio liburuxka argitaratu du. Bizkaiko pertsona autonomo guztiei eta 3 eta 250 langile arteko enpresei bidaliko die, Bizkaiko Foru Aldundiak gaurtik aurrera euren eskura jarriko dituen diru-laguntzen eta laguntza-programen berri emateko.
SEKTOREARENTZAKO AURKEZPENA
Gainera, Ekonomi Sustapeneko diputatua, Imanol Pradales, gaur bertan (12:15ean Bilboko Arte Eder Museoan) lehenengo aldiz bilduko da ehun bat enpresaburu txiki eta ertain eta autonomorekin. Haiei bertatik bertara azalduko dizkie laguntza eta diru-laguntza horiek, gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dituzten laguntza eta diru-laguntzak, eta hurrengo lau urteetan jarraipena izango dutenak.
Erantsitako fitxategiak: